“Bertsopaperei beste zabalkunde bat bilatu beharko litzaieke”

“Bertsopaperei beste zabalkunde bat bilatu beharko litzaieke”

Aimar Maiz

Transexualitatea eta errefuxiatuen drama. Bi gaien “originaltasuna” goraipatu, eta idatzizko bi bertso sortak saritu dizkio Zarauzko Udalaren Kultura Sailak antolatzen duen Basarri sariketako epaimahaiak Ekaitz Goikoetxea Asurabarrenari (Beasain, 1980). Bertsolariak dio bertsopaperak bizitza esperientziaren “emaitza” direla.

Iaz, lehenengo bi sariak jaso zenituen Basarrin, eta aurten ere bai. Ez da marka makala.

Ez dakit sekula gertatu den. Iaz, poz handia eragin zidan, 13 urte neramatzalako lehiaketetara aurkeztu gabe. Beti idatzi izan dut, niretzat, baina lehiaketetatik urrunduta nenbilen. Bi arrazoigatik: 23 urtez geroztik, jada adin batean sartzen gara bestelako erantzukizun batzuetan murgiltzen garena, eta denbora gutxiago izan dut zaletasunetarako. Bestetik, neure burua agortu samar ikusten nuen, kosta egiten zitzaidan zortzi bertsoko sortak idaztea. Sorpresa handia izan zen sari bat ez biak niretzat izatea.

Gaien berria nabarmendu dute.

Oso gertutik bizi ditudan gaiei buruz idatzi dut; niregan hori aldatu da. Iaz, lehenengo saria etxegabetzeei buruz zen; nire ikasle baten eta haren familiaren egoera papereratu nahi nuen. Egunerokoan, etorkinekin ere lanean ari gara, harrera egiten. Saiatzen naiz behar handiena duten pertsonekin konprometitzen. Hitzetatik harago, iruditzen zait jarreretan-eta sakondu behar dugula, eta hor egon behar dugu, berdinetik berdinera, horizontalean lanean.

Transexualitatearen gaia ari da azaleratzen, eta lehen saria jaso du. Non aurkitu duzu iturria?

Ikasle bat dut, azkeneko hiru urtean, transexuala dena. Bigarren Hezkuntza egitera gure institutura etorri zen, eta ikasketaburu nintzen. Gurasoak beldur ziren, ikaskide berriekin gorabeherak izan zitezkeelako edo. Ordura arte guretzat pentsaezinak ziren erabaki batzuk hartu beharra zegoen: soinketa orduak azkena jarri, etxean dutxa zedin; edo zer komunetara joan behar zuen… Ikusi genuen gaia landu egin behar zela institutuan, ikasleekin.

Aurten, tutoretza izango dut, eta asko hitz egin dut berarekin, asko irekitzen den neska bat da: bere kezkak jada barneratuak zeuzkanean, lehenengo aldiz neska gisa kaleratu zenean, hamar minuturako etxera joan behar izan zuen… Oso egoera gordinak eta gogorrak dira. Berak nortasun ikaragarria izan du, eta du, eta ikaragarrizko gurasoak ditu; beti babestu izan dute, prozesu osoan. Kuadrilla oso zabala du, eta asko babestu dute. Alde horretatik, oso-oso ondo hartua izan da institutuan, herrian eta inguruan. Gaur egun, 15 urte ditu, eta bera ari da antzeko egoeran dauden hainbat transexuali laguntzen.

Nolakoa izan zen zortzi bertsoen idazketaren sorburua?

Gaiak nire inguruan zeuden, eta eragin egiten zidaten. Zer esana banuen, bila joan beharrik gabe, bertso sorta bat egiteko lain. Egia esan, esateko beharra sentitzen nuen, borroka horiei ahotsa jartzeko beharra, eta bertso forman sortu dira. Izan zitekeen olerki edo ipuin, baina ikusten nuen 10-8an edo 8-8an etortzen zitzaizkidala, gehiegi tira gabe ateratzen ziren sortak. Oso pozik nago, estetikoki eta teknikoki bertso onak egiteko gai izan naizelako.

Irakurleek ere estimatu dituzte.

Bai, batik bat originaltasuna. Noski, gai horien inguruan gutxi idatzi da, ezer ez esateagatik. Oraintxe hasi gara sakontzen, baina material didaktikorik, adibidez, ez dago. Orduan, jendeak eskertu du horretaz idatzi izana, eta idatzi dudan moduan idatzi izana: oso modu sinesgarrian, azken batean nik egunero hortxe bizi dudalako. Jendeak ere ikusten zuen hezkuntzan-eta hutsune eta behar bat dagoela. Niretzat oso ederra izan da, adibidez, jakitea irakasle batzuek ikasturtea nire bertsoak aztertuz hasiko zutela. Niretzat saririk ederrena hori da.

Bertsopaperen funtzioari fin eutsi diozu: gizarteko gertaerak edo egoerak kontatzea. Oraindik ere baliagarria da idatzia?

Bai. Batetik, nire beharra betetzeko eta askatzeko bidea da. Eta beste batzuenak ere betetzen ari dela ikustea niretzat hori oso betegarria da. Idazten dudanean, saiatzen naiz zerbait polita eta gozagarria idazten, estetikoki, hoskidetasun aldetik, errimetan… Baina, horrez gain, eta batez ere, lortzen baldin badut irakurtzen edo entzuten duena ondo sentitzea edo ikasbide bat jartzea, askoz hobe.

Poesiak edo bertsoak beste eragin indar bat duelako, agian?

Bai, hala da. Gehien irakurritako generoa nobela da, baina bertsoek eta kantuek badute beste indar bat. Ez gehiago edo hobea, baina azkarrago kontsumitzen da, kantatu egin dezakezu, musika batez lagunduta goza ditzakezu… Jende asko dago bestelako genero batzuk luzetxo edo astuntxo egiten zaizkiona, eta euskarri hau asebete eta erakar ditzakeena da.

Etenaldia egin duzu lehiaketetan, baina jarraitu duzu idazten.

Idazten, eta, esango nuke, sortzen. Beharbada, beste zerbait sortu dut: harreman berriak, irribarreak, arazoak dituzten familietan ongizate pixka bat… Hori ere sortzea da. Burua beti martxan; batzuetan papereratu izan dut, eta beste batzuetan, ez. Baina asko ikasi eta entzun dut, eta egoera ezberdin asko izan ditut. Isilune horiek asko elikatu dute nire esatekoa. Begirada ere helduago, finduago sentitzen dut orain, gai ezberdinei heltzeko. Etenaldi hau oso ondo etorri zait; idazkera landuagoa, trinkoagoa dela ikusten dut, eta gehiago betetzen nau.

Bertso jarrien patxadaren eta hausnarketaren aldean, bat-batekoa beste mundu bat da, ala?

Bai. Nik neure buruari asko eskatzen diot. Oso txikitan hasi nintzen lehiaketetan, eta zortea izan nuen lehen lanak sarituak izatekoa. Horrek akuilu lana egiten du, eta zeure buruari asko eskatzen diozu. Paperak patxada bat du; nahi duzunean aurkezten dituzu lanak. Bat-batekoa bat-batekoa da. Nik bat-batean, askotan, gehiegitan, neure buruari bertsopaperetako maila eskatzen nion; askotan, oharkabean. Batzuetan lortzen nuen, eta beste batzuetan, ez. Hor borrokatxo batzuk izaten nituen neure buruarekin. Bat-batekoak asko jardutea eskatzen du, jarioa arintzea, biltzea. Nik plazan gozatu egin nahi dut; orain ez ditut baldintza horiek ikusten, eta ez dut batere behartu nahi.

Nola ikusten duzu bertsopaperen mundua, maila onean?

Maila sekula egon den baino handiagoa da. Partaide kopuru aldetik, uste baino gehiago da: 15-20 bat lagun izaten dira, oso ondo idazten dutenak eta oso maila onean ari direnak. Gertatzen dena da formatu aldetik gaur egungo gizartean zaharkituta gelditu direla. Beste euskarri eta zabalkunde bat bilatu beharko litzaieke; saritutako bertsoak musikatu, edo Bertsomovieda-n egiten dena, adibidez: bideoa eta hitza edo bertsoa uztartu. Bertsopaperari eutsi —oso-oso sorta ederrak joaten dira—, eta, gero, gozagarri, zabalkundeari begiratu, jendearengana iristeko. Hor sakondu behar da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.