[Museora] Zumalakarregi. Bidaia XIX. mendera

[Museora] Zumalakarregi. Bidaia XIX. mendera

Eider Goenaga Lizaso

XIX. mendeko Euskal Herria ezagutu eta gozatzeko erreferentzi zentroa”. Zumalakarregi museoaren webguneak horrela aurkezten du bere burua. Tomas Zumalakarregi jeneral karlista bizi izan zen etxean dago, Ormaiztegin, eta 1989an ireki zuten. “1980ko hamarkadaren erdian, Tomas Zumalakarregiren bilduma pertsonala erosteko aukera izan zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta haren etxea izandakoan [lehendik ere aldundiarena zen] museoa irekitzea erabaki zuten”, azaldu du Mikel Alberdi (Irun, 1962) museoko dokumentazio zentroaren arduradunak.

Alberdi ordutik ari da lanean han, eta museoak izan duen bilakaera handia nabarmendu du. “Hasieran, nagusiki, Tomas Zumalakarregiren inguruan antolatu zen museoa, Zumalakarregi eta haren garaia azaltzeko asmoz; eta, Tomas I. Karlistadan hil zenez, XIX. mendearen hasieran zegoen ardaztuta. Baina, urteotan, museoak garapen bat izan du, bilakaera bat; pixka bat urrundu gara figura bakar horretatik, nahiz eta garrantzia duen oraindik, eta zabaldu egin dugu ikuspegia XIX. mende osora”.

Aldaketaz betetako mendea izan zen XIX.a, gizarte, kultura, ekonomia eta politika arloan iraultzaz betetakoa, eta denek dute tokia Zumalakarregi museoan. “Halere, karlistadak dira museoaren gai nagusia, liberalen eta karlisten arteko borrokak ia mende osoa hartu baitzuen”.

Alberdirentzat, museoak egin duen aurkikuntza nagusietako bat Miguel Antonio Zumalakarregirena da —Tomasen anaia—. “Liberalen buruzagi politiko garrantzitsua izan zen, baina Tomasen itzalak erabat estalitako pertsonaia da, ia ezezaguna”. Liberalen alde lerratu eta karrera politiko esanguratsua egin zuen hark: Cadizko gorteetan Gipuzkoako ordezkari gisa ibili zen, eta, 1842an, ministro ere izan zen Espainian. “Erreferente izan zen Espainiako liberalismoan”.

Bi anaia, bi bando

“Miguel ondo zegoen garaian, Tomas gaizki zegoen; eta alderantziz”, azaldu du Alberdik. Hirurteko liberalean, adibidez, Miguel Auzitegi Nagusiko kide egin zuten, eta Tomas kargugabetuta egon zen Iruñean; han hasi zen gerrillak antolatzen gobernuaren kontra. Tomas ondo zegoenean, berriz, Miguel kartzelan edo deserrian zegoen. “Familia berean, gerra bando ezberdinetan egin zuten punta-puntako bi figura ditugu, eta hori oso ondo etorri zaigu adierazteko karlistadak ere gerra zibila izan zirela. Izan ere, Euskal Herrian karlistak liberalak baino gehiago ziren arren, liberalak ere baziren gure artean, eta horren erakusle dira lau hiriburuak: Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñea”.

“Historia politikoa” da, batez ere, Zumalakarregi museoan ikusgai dagoena; baina behin-behineko erakusketen bidez mende horretako gai ugari ukitzen dituztela nabarmendu du Alberdik. “Beti XIX. mendea gai gisa hartuta, gai ezberdin asko ekarri ditugu museora: esplorazio bidaiak, karikaturak, aisia XIX. mendean, Euskal Herriko grabatuak…”.

Museoa, etxeraino

Eskoletatik iristen dira museora bisitari gehienak. “Turistaren bat ere bai, baina ez da ohikoena; ez gaude Donostian, ez gaude ibilbide turistikoetan, eta, eskola umeak kenduta, ez da bisitari asko dituen museo bat”, dio Alberdik. Horrek museoaren edukiak beste modu batean lantzera eraman dituela azaldu du, eta museoaren webgunean dokumentazio lan handia dagoela eta materiala “erruz” bila daitekeela. “Jendea guregana etortzen ez bada, guk eramango dizkiogu gure edukiak jendeari, eta horretan lan handia egin dugu”. Adibide moduan, XIX. Mendeko Albuma nabarmendu du Alberdik. Atal horretan, Euskal Herriko 4.000 inguru irudi, dokumentu, akuarela, grabatu, mapa eta abar daude “modu erosoan” kontsultagai.

Hain zuzen ere, ikusgai dagoen piezaren bat aipatzeko eskatuta, Alberdik irudi bat aukeratu du museoko harribitxi moduan. “Berezi bat aipatzekotan, Donostiako panoramika aipatuko nuke, oso ikusgarria delako. Akuarela bat da, 1830. urte ingurukoa, eta aldundiak Londresen erositakoa. Irudigileak, eta ez dakigu nor zen, 360 graduko panoramika bat egin zuen. Puntu batean jarri, eta buelta osoa margotu zuen. Ez daukagu osorik, baina oso ikuspegi zabala ematen du, normalean Donostiaz ematen dena baino askoz ere zabalagoa. Eta, batez ere, inongo grabatutan azaltzen ez dena, Aietetik Hernanirako bidea”. Panel zirkular batean dute kokatua, eta, Alberdiri bezala, bisitariei ere asko gustatzen zaie pieza hori.

Leave a Reply

Your email address will not be published.