Ikusten ez denaz, langileekin

Olatz Mitxelena

Euskotrenek astelehenean inauguratu zuen Altzako geltokia, Irungo Arasoko egoitza berria zabaltzearekin batera. Arasokoa Euskotrenen Gipuzkoako bigarren egoitza da —orain arte Donostiako Amara auzoan zuen egoitza bakarra Euskotrenek—. Eta egoitza berria zabaltzearekin batera, trenen maiztasuna ere handitu du. Aurrerantzean, 15 minutuz behin irtengo dira trenak Amaratik Irunera eta Irundik Amarara; eta 30 minutuz behin irtengo dira Zumaiarako trenak. Horrez gain, goizez, zerbitzu berriak eskainiko dituzte.

Euskotreneko langileak aldaketen berri izan zutenez geroztik ari dira borrokan, trenen maiztasuna handitzea euren lan balditzen kaltetan gerta ez dadin. Oraingoz, baina, ez dute eskatutakorik lortu, eta lanuzteak egiten ari dira. Aste osoan izan dira lanuzteak, eta hurrengo asterako ere antolatu dituzte.

Irune Zarate, Xabier Untzueta eta Esther Gonzalez greba batzordeko kideak dira. Beraiek azaldu dituzte langileen aldarrikapenak.”Euskotrenek ezarri dituen maiztasun berriak bermatu ahal izateko tren kopurua handitu du”, azaldu du Zaratek, eta horregatik eraiki dituzte instalazio berriak Arason, tren guztiak gordetzeko nahikoa leku izateko. Horrek, baina, tren gidarien lekualdaketa ekarri du. Langileek jakinarazi dutenez, lehen 66 tren gidari zituen Euskotrenek Gipuzkoan, eta, orain, horietatik hemeretzi geratu dira Amaran, eta beste guztiak Arasora lekualdatu dituzte.

Irunera lanera joan behar duten langileentzat Euskotrenek garraioa berma dezan eskatzen dute langileek.”Amara trenaren geldialdi komertziala da, eta langileek ez zuten lanera joateko inolako eragozpenik. Trenean bertan joaten ziren”, azaldu du Untzuetak.

Arason, ordea, trenak ez du geldialdirik, eta hor sortu da lehen eragozpena: “Langileek trenari geratzeko eskatuz gero arazorik ez zela egongo esan ziguten hasieran, baina, uztailetik negoziazioak apurtuta daudenez, enpresak ez du ezer egin, eta denek gure autoarekin joan behar izan dugu lanera”.

Asteburuetan, jai

Lanera joateko garraioa lortzea, hala ere, ez da aldarrikapen nagusia. “Lantaldea handitzea, tren gidari gehiago kontratatzea gure asteburu libreen kopurua mantentzeko, hori da gure aldarrikapen nagusia”, argitu du Gonzalezek. Izan ere, astelehenetik ostiralera ordutegi bera izango duten arren, larunbat gehiagotan lan egin beharko dute aurrerantzean. “Larunbatetan, lan txanda askoz gehiago izango dira, eta jende gehiagok aritu beharko du lanean, enpresak proposatutako lantaldearen handitzearekin ez delako nahikoa orain arte libratzen genituen asteburuak libratzen jarraitu ahal izateko”.

Bereziki kezkatuta daude gai horrekin. “Kontuan hartuta guk urteko egun guztietan egiten dugula lan, eta oporrak sei txandatan ditugula, lana eta familia kontziliatzeko aukera bakarra asteburuetan dugu”, nabarmendu dute.

Negoziazioak etenda

Euskotrenek “inposizioaren” aldeko hautua egin duela salatu dute langileen ordezkariek, eta jakinarazi dute uztailetik negoziazioak “apurtuta” daudela: “Azken bilera eduki genuen uztailean, eta esan ziguten eskertzen zutela gure lan guztia eta gure proposamenak, lan ona egin dugula, baina ezetz esateko unea zela”, gogoratu du Untzuetak.

Enpresari langileekin esertzea “asko kostatu” zaiola uste du Zaratek: “2015eko irailetik ari gara enpresari bilerak eskatzen, baina aurtengo maiatzera arte ez dira eseri”. Langileak mobilizatzen hasi eta gero lortu zuten lehenbizikoz enpresarekin biltzea.

Langileek aspalditik zekiten Arasora lekualdatuko zituztela, eta trenen maiztasuna handitu behar zutela jakin zutenean ekin zioten biltzeari, “aldaketekin kezkatuta”. Batzar horietan definitu zituzten langileen eskaerak, eta enpresari helarazi. Oraingoz, baina, ez dute bat bera ere onartzerik lortu.

Apirilean hasi ziren mobilizazioekin. Paskinak banatu dizkiete erabiltzaileei lanuzteak iragarriz eta beren aldarrikapenen berri eman asmoz. Horrez gain, elkarretaratze isilak egiten dituzte Amaran. Baina ez da nahikoa izan.”Ekainean enpresak eskatu zigun mobilizazioak bertan behera uzteko negoziazioekin jarraitzeko baldintza gisa”.

Langileek baldintza hura onartu zuten. Aitzitik, keinu hura ez dela aintzat hartua izan salatu dute orain langileek:”Horren truke, enpresak inposatu ditu koadroak, eta ateak itxi dio edozein akordiori”. Hori ikusita, Euskotreneko langileek mobilizazioei berriz ekitea eta lanuzteetara deitzea erabaki dute.