Lehorra, ez txarra eta ez ona

Lehorra, ez txarra eta ez ona

Eider Goenaga Lizaso

Euria apenas egin duen udan, eta abuztuan ugari izan dira bero zakarreko egunak. Kaletarren artean, iritziak askotarikoak dira: udan hori tokatzen dela, gehiegizko beroa egin duela, egun sanorik apenas izan dela… Bero saparen ostean, ordea, euria iritsi da aste honetan. Beroa eta euria, denen ahotan. Baina, baserritarrentzat, eguraldia hizketarako gaia baino gehiago izan ohi da. Urteko jarduna baldintza dezake uda euritsu batek, negu epel batek edo abuztuko harri ekaitzak. Uda honetako eguraldiak, ordea, ez die denei era berean eragin: ganadua dutenak kezkatuta daude, negurako bildutako belarrarekin iritsiko ez zaielakoan; baratzetik bizi direnek uda oparoa izan dela diote, nahiz eta erregadioari esker izan.

“Gu nahiko ondo defenditu gara. Baina, Goierrin bertan ere, diferentzia handia dago toki batetik bestera; ezberdina da behiak mendira ateratzen dituen batentzat, edo etxe ondoko soroetan dituenarentzat. Gipuzkoan ere errealitate oso ezberdinak daude; kostaldean, normalki, barrualdean baino zailagoa da beroak belarra erretzea”. Garikoitz Nazabal (Zaldibia, 1984) EHNE sindikatuko Gipuzkoako idazkari nagusiak haragitarako behiak hazten ditu; 50 behi inguru ditu, eta hori da haren jarduera nagusia.

Behiak Aralarrera eraman ohi ditu Nazabalek, apiriletik azarora bitartean, baina kezkatuta dago, mendira igo ez dituzten edo laster umea egitera jaitsi behar dituzten behiei negurako bildutako belarra ematen hasi beharko duelako. “Noski, aurretik kentzen dena pilan gero faltan izaten da beti. Normalki, udan jasotakoarekin neguan irauteko adina izaten dugu, baina, lehenago hasi behar badugu belar hori ematen, negua bukatu baino lehenago amaituko zaigu belarra”. Eta horrek esan nahi du erosten hasi beharko dutela.

Uda lehorrak izandako eragin ezberdinen adibidetzat du Nazabalek Aralarreko larreen aurtengo kalitatea. “Mendian nahiko urte ona izan da. Aralarren lainoa gehiago gelditzen da; itsasaldetik datorren lainoa hor geratzen da, eta nahiko bustia egon da. Abereak oso ondo egon dira aurten: belar ona izan dute. Beste urte baterako sinatzeko moduko uda izan da mendikoa”, azaldu du Nazabalek. “Eskerrak mendia dugun”, gehitu du, “beheko soroak erreta baitaude”.

Behin ganadua mendira atera ostean hasten dira negurako belarra biltzen. “Uztaila bitartean biltzen dugu, eta abuztuan, eguraldia lehorragoa denez, dagoen bezala uzten da, irailetik aurrera menditik jaitsi behar ditugun behiek jana izan dezaten. Baina, aurten, erreta dago belarra; abuztuan, zartaginetik pasatuta bezala gelditu da”. Ondorioz, baserri ondoko larreetan bazkarik apenas dagoen behientzat, eta negurako gordetakoa ematen edota osagarriekin hasi beharko dute. “Gu oraindik ez gara hasi osagarriekin, baina lagun mordoxka bat dut jada hasia dena”. Neguan lastoa izaten da behien janaria, baina hori osatu beharrean izaten dira, “ez baita elikagai nahikoa”.

Artoa, garagarra, zekaleak eta pentsua erabiltzen dituzte osagarri gisa, eta horrek jada diru gastu bat eragiten die ganaduzaleei. “Kontuan izan behar da ohiko kostua etengabe igotzen ari dela eta txekorraren haragia, aldiz, ia-ia duela 30 urteko prezioan saltzen ari garela; eta horri gehitzen badiogu belarretan gehiago gastatu beharko dela, jardueraren bideragarritasuna bera jartzen da kolokan”, ohartarazi du Nazabalek.

Baratzea ongi, behiak gaizki

Kezka bera du Begoña Aristik (Tolosa, 1978). Baratzea eta haragitarako behiak ditu, eta uda lehor honetan txanponaren bi aldeak ikusi ditu. “Baratzea ondo joan da, erregadioari esker; ea behiekin ez dugun dirurik galtzen”. 35 graduko beroarekin ari da Aristi lanean. Piperrak biltzen jo eta su dabiltza Isastegi Goikoa baserrian. “Udan produkzio handia izan dugu baratzean, eta lanez lepo gabiltza oraindik, udako produktuak biltzen”. Beroarekin baratzean jardutea gogorra dela dio, baina nahiago duela berotan euritan baino.

Nabarmendu du baratzeari ez diola kalterik egin uda lehorra eta beroa izateak. “Baratzetik bizi denak, normalki, erregadio sistema bat izaten du, eta, ondorioz, uda lehorra izateak ez digu eragin. Egun oso beroak izan direnean, tomate batzuk erre zaizkigu, baina, gainerakoan, produkzioa oso ona izan da. Piperrak, tomateak… pila bat izan dira, eta berdin udako produktu guztiekin; berenjena, kalabazina… dena oso ondo”.

Euri zaparradaren bat gehiago egin balu eskertuko zuela aitortu du, ordea, Aristik. “Erregadioa ez baita euri zaparrada on bat bezala. Hor ez dago dudarik: euriak beste freskotasun bat ematen dio produktuari, beste bizitasun bat. Nabarmena izaten da barazkiak euri ura edo erregadiokoa jaso duen”.

Neguko barazkiak landatzeari dagokionez ere, lurra lehorra egotea bustia egotea baino hobea dela dio. “Lehorra egoteak ez du kalterik egiten. Alderantziz, lurra lehorra dagoenean sar gaitezke baratzera landaketak egitera; lurra bustita badago eta euria ari badu, aldiz, ez. Hori bai, hemendik aurrera euri pixka bat egiten badu, hobeto, horrek landatutakoa aurrera ateratzen lagunduko baitigu”. Aurtengo udan, arazorik izan bada, “arrekin eta halakoekin” izan dela nabarmendu du Aristik. “Negua oso-oso arina izan denez, zomorro gehiago izan ditugu udan”.

Haren kezka iturria behiak dira. “Euririk egiten ez badu, larrerik ez dator, eta bazterrak jada gorrituta daude. Eta larrerik ez badago, laster behiak barrura sartu beharko ditugu jatera, eta barrura sartzeak esan nahi du erositakoa eman behar diezula jaten. Eta horrek poltsikoan eragina du, eta ez txikia”. Aristik haragitarako behiak ditu, dozena bat inguru, eta etxe ondoan libre ibiltzen dira, uda zein negu. Udan etxe ondoko larreetan jaten dute, eta, oro har, udazken osoan horrekin nahikoa izaten dute. “Neguari puska polita kentzen diozu. Baina aurten laster sartu beharko ditugu, eta irailean sartzea oso goiz da”.

Etxeko belardietan jaten dutenez, belarrik ez dute biltzen Isastegi Goikoan. “Sagardotegiko patsa sartzen dugu siloan negurako, eta, horrekin, lastoarekin eta pentsuarekin eusten diogu”. Haragitarako behien mozkina txikia izaten dela —”gaizki ordaindutako produktu bat da”— eta belarretarako dirua jarri behar baldin bada galerak izatea ere posible dela uste du Aristik. “Beraz, batekin ondo zabiltzanean, besteak herren egiten du. Niri horregatik gustatzen zait baserrian gauza bat baino gehiago edukitzea; batek kale egin badizu, besteak laguntzen du”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.