Trapuak, lanpostuak sortzeko

Trapuak, lanpostuak sortzeko

Eider Goenaga Lizaso

Itxuraz ezer balio ez dutenekin, eta itxuraz ezer balio ez duenarekin, baliozko gauzak egiten ditugu”. Horixe da Emaus kooperatibaren leloa. 35 urte bete dituzte Emauseko trapuketariek Gipuzkoan, eta urteurrena ospatu berri dute. Belartzako poligonoan dute egoitza, eta pabilioi oso bat hartzen dute ia. Jende batentzat erabilgarritasuna galdu duten arropa, jostailu, altzari, baxera eta abarrak biltzen dituzte, sailkatu, eta prezio oso merkean saldu. Iaz, 1.800 tona baino gehiago jaso zituzten. “Eta jasotzen dugunaren %75 jartzen dugu salgai”, dio Marian Mugerzak, kooperatibako kideak. “Ateratzen dugun diru guztia langileei ordaintzeko erabiltzen dugu.Urte amaieran, dirua soberan badago, diru hori jende gehiago hartu ahal izateko baliatzen dugu”.

Goizeko bostak inguruan ateratzen da lehen kamioia Belartzatik, eta besteak —bederatzi— 8:00ak aldera irteten dira. Sasietako mankomunitateko herrietan ditu edukiontziak Emausek, eta Urola Kostako mankomunitatearekin altzariak biltzeko hitzarmena ere badu; baina, horiez gain, zerbait emateko dutenen etxeetan egiten dute bilketa. “Bestetik, jende asko hurbiltzen da hona [156 tonatik gora jaso zituzten iaz Belartzan bertan]. Etxean jada behar ez duten hori ekartzen digute, eta gero, gehienek, bidaia aprobetxatzen dute dendan erosteko”. Iaz, 80.220 bezero izan zituzten, eta salmentetan 830.943 euroko fakturazioa izan zuten. Sasietako eta Urola Kostako mankomunitateekin dituzten hitzarmenak gehituta, orotara, 915.771 euroko sarrerak izan zituen Emausek. Diru-laguntza publikorik ez du jasotzen.

Salmentarako prozesua

Astelehena da, 09:50. Oraindik joan-etorria ez da handia Emausen egoitzan. 10:00ak arte ez dute denda irekitzen, eta goizean irtendako kamioi gehienak ez dira eguerdira arte iritsiko. Bizpahiru lagun heldu dira, eskuetan poltsa bana hartuta, eta non utziko dituzten galdezka. “Utzi hementxe”, erantzun dio langile batek, supermerkatuko orga bat seinalatuz. Biltegia zinta garraiatzailetik pasatzeko zain dauden poltsaz eta kaxaz beteta dago. Bi langile dabiltza han, burua altxatu gabe. “Normalki, langile gehiago aritzen dira zintan”, argitu du Mugerzak. Neguko arropak, udakoak, maindire eta mantak, oinetakoak… bakoitza bere kaiolara botatzen dute. Biltegiaren zati handi bat neguko arropak hartzen du. “Horiek laster igoko ditugu dendara”. Beste horma batean, dozenaka kaxa daude, bi pilatan sailkatuta: Santo Tomas jartzen du batean, Inauteriak, bestean. “Garaia iristean aterako ditugu”.

Biltegiko kaxa eta poltsa mordoa atzean utzi, eta goiko solairura igo da Mugerza. “Hau da gure erakusleihoa, honek identifikatzen gaitu”, azaldu du, harro. Ondo sailkatutako saltegi handi bat da denda. Kobratzen ari denak ere ez du etenik, behin 11:00etatik aurrera. Markako arropak daude lehenik, VIP gunea deiturikoan. “Garai batean, krisiaren aurretik, markako arropa gehiago jasotzen genuen. Orain, asko nabaritu da jendeak gutxiago gastatzen duela arropan, kalitate eskasagokoak dira; baita altzariak ere”.

Bestelako jantzi eta oinetakoak ere ondo sailkatuta daude: jaioberrienak, umeenak, emakumeenak eta gizonenak. Liburuak daude gero, eta Vintage gunean altzariak eta arropak daude. Beste korridore batean dauzkate gainerako guztiak: oheko arropak, jostailuak, apaingarriak, elektronika… “Askotan geure buruari galdetzen diogu, ‘baina honek balio al du ezertarako?’, eta gero norbait etorri eta erosi egiten du. Batek baliorik topatu ez arren, beste norbaitentzat erabilgarri izan daiteke. Azkenean, hori da gure filosofia: ingurumena zaintzea, birziklatzea, eta zaborretara ahalik eta gutxien botatzea. Ez dakizu nolako pena ematen digun gauzak zaborretara bota behar izateak!”.

Ingurumena zaintzea helburu izanik ere, beste lehentasun bat du aurretik Emausek. “Bazterkeria egoeran edo arriskuan daudenei lana eskaintzea, eta bizitza duin baterako aukera ematea, hori da gure lehentasuna”, azaldu du Mugerzak.

Gipuzkoako Emausen 32 langile daude, eta guztiek lan kontratu mugagabeak dituzte. Izan ere, Emausen ustez, “euren ezaugarri eta egoera pertsonalaren ondorioz lanpostu egonkor bat lortzea ia ezinezkoa duten pertsonei” lanpostu mugagabe bat eskaintzea da benetako integrazioa lortzeko modu bakarra. “Ezin duguna da horrelako pertsona bat bi urterako hartu, eta gero, hura kalean utzita, lan hori beste bati eskaini. Gozokia ahoan jarri eta gero kentzea da, lehen baino egoera askoz ere okerragoan uztea. Hondoratu egiten da pertsona”, azaldu du Muguerzak.

25 urteko Jose Dual da Emausera sartu den azken langilea. Abuztuan hasi zen lanean, altzarien atalean. “Lana gogor egin behar da hemen; jendearen joan-etorria handia da, eta altzariak kargatzen ibiltzen naiz etengabe”, dio Dualek. DBHko titulua ateratzeko ahalegina egin eta hainbat ikastaro jarraitu zituen arren, ijitoa izateak lan mundurako sarrera are gehiago zaildu dio. “Oso pozik nago hemen eskaini didaten aukerarekin”. Dualena adibide bat da; etorkinak, familia karga duten ama langabeak, alkoholarekin edo drogekin arazoak izandakoak… lan munduan sartzeko eta bizimodu duin bat eraikitzeko ezintasuna duen jendea da Emausek kontratatzen duena.

Askotariko bezeroak

Bigarren eskuko gauzak erosteak duen “estigma” apurka-apurka galtzen ari dela azaldu du Mugerzak. “Hala ere, oraindik badago lotsatzen den jendea, eta bigarren eskuko arropa erosteagatik aldamenekoa gutxiesten duena ere bai. Hemen, ikusi izan dut nahiko maiz etortzen den ohiko erosle bat bere lagun batekin topatzea, eta hari esatea zerbait ekartzera etorri dela, eta denda lehen aldiz bisitatzen ari zela. Pena da, baina hori oraindik badago”.

Julieta Alvarado ez da lotsatzen. Harro dago etxeko denak Emausen erositako arropekin janzten direlako. “Lau ume ditugu eta etxeko seirak hemen erositako arroparekin janzten gara. Hamabi urte dira etortzen hasi nintzela. Oso arropa txukuna aurkitzen dugu, modakoa, eta askoz diru gutxiagorekin primeran janzten gara. Gu, ekonomikoki, nahiko ondo gaude; baina, hemen erosteak, beste gutizia ahalbidetzen dizkit: oporrak, auto berria… baita laugarren umea ekartzeko aukera ere. Bestalde, jende askorentzat hau izan liteke aukera bakarra bere umeak janzteko, edo altzariak erosteko. Bestela ezin dutelako erosi”, dio. Julieta ez da soilik erostera etorri; lisaketarako taula bat eta bidaiarako gurpildun maleta bat dakartza eskuetan. Bestalde, bere herrian, Costa Rican, eta Hego Amerika osoan bigarren eskuko gauzak erostea oso errotuta dagoen ohitura dela nabarmendu du. “Guk kultura hori badugu, ez dakit zergatik hemen ez dagoen ondo ikusita. Ni, behintzat, hemen erosi eta poz-pozik ateratzen naiz”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.