Artea plazara, kale barrenak eraldatzeko

Artea plazara, kale barrenak eraldatzeko

Maite Alustiza

Ikusteko eta esperimentatzeko aukera dakar Street tARTar jaialdiak. Espazio publikoaren erabilera eta eraldaketa aldarrikatzeko, askotariko diziplinak kalera aterako dituzte: dantza, muralismoa, parkourra, rapa… Gaurtik igandera bitarte, erakustaldiak eta zuzeneko emanaldiak izango dira Donostiako Gros auzoan. Era berean, formazioari garrantzia eman nahi diote, eta, horregatik, tailerrak ere antolatu dituzte. Jaialdiaren bidez, Donostia 2016 kultur hiriburutzak inklusio soziala indartu nahi du, baita emakumeen ahalduntzea eta euskara erabiltzea ere.

Hiriburutzako kideekin batera, artearekin lotutako diziplinetan aritzen diren zazpi lagunek prestatu dute jaialdiaren egitaraua. Honako hauek proposamenetako batzuk dira, guneka antolatuta:

KONTZERTUEN GUNEA

Zubiri-Manteo institutuaren pareko belardian kontzertuak egongo dira gaur eta bihar. Gaurko, 20:00etatik 00:00etara arteko egitaraua prestatu dute, musikari hauekin: EH2000 (Barakaldo, Bizkaia), Boca de Baba (Bartzelona) eta DJ Mantis Major (Frantzia). Lehenengo biek nagusiki rapa jorratzen dute; Mantis Majorrek, berriz, elektro technoa.

Bihar, 18:30ean hasiko dira kontzertuak, Laayie eta Icykal rap abeslarien saioarekin. Jarraian, Nizuri Tazuneri, KT Gorique, Rebeca Lane eta Missiz S One DJ entzuteko aukera izango da. Antolatzaileek aipamen berezia egin diete KT Goriqueri eta Laneri. Lehena Suitzako rap kantari bat da, eta txapeldun izan da munduko End of The Weak ekitaldian. Lane, berriz, Guatemalatik dator. Soziologoa da, poeta eta rap bakarlari feminista. Besteak beste, emakumeak hip hop musikaren bitartez ahalduntzeko lan egiten du, tailerrak-eta eskainiz.

Biharko kontzertuetako gonbidatu berezien artean MiiniiMi dago. Zortzi urte baino gehiago daramatza beatbox egiten, eta Euskal Herrian diziplina hori jorratzen duen neska bakarra da.

PARKOUR GUNEA

Aldamioz eta paretez osatutako egitura bat jarriko dute Manteo kiroldegian, eta Europako hainbat herrialdetako freerunner-ek erakustaldiak egingo dituzte bertan —Sasa Sevo kroaziarraren parte hartzea nabarmendu du antolakuntzak—. Gainera, entrenatzeko gune modura ere erabiliko dute. Edonoren esku jarriko dute: diziplina ezagutu, aholkuak eskatu edo parkourra probatu ahal izango da. Lotzen ADDeko kideek gainbegiratuko dute gunea, gonbidatutako irakasleekin batera. Horretan aritzeko, ordea, izena eman beharko da aurretik, Donostia 2016ren webgunean (Dss2016.eu). Haur eta helduentzako tailerrak ere izango dira: gaur, 12 urtetik gorakoentzako tailerra eskainiko dute, 16:30etik 18:00etara; bihar, umeentzat, 11:30etik 13:00era. Denetan izena eman behar da.

KALEKO DANTZA GUNEA

Kaleko dantza ugari ezagutzeko aukera izango da Manteo kiroldegian; bai ikusteko, eta baita praktikan jartzeko ere. Larkin Poynton estatubatuarrak ikastaroak emango ditu egunero: saioak aurreratuak dira 14 urtetik gorakoentzat, eta hastapenekoak 9 urtetik gorakoentzat —beharrezkoa da bietarako izena ematea—. Egunez, estilo libreko erakustaldiak egongo dira kiroldegian.

MURALISMO GUNEA

Manteo inguruko hainbat mural pintatzen jardungo dute hiru egunez, 10:00etatik 20:00etara. Honako artista hauek parte hartuko dute: Jon Juarez, Maialen Arozena, Javier de Riba, Garikoitz C. Murua, Amaia Arrazola, Gur, Mikel Larrañaga, Mikel Etxeberria, Victor Landeta, Andrea C. Miranda, Bizarras taldea, Spogo, Marcos Navarro, Ibon Odriozola eta Fill in Culture. Zubiri institutuko patioa izango da jardueren erdigunea, eta DJek girotuko dute ingurua: DJ Missiz S One, DJ Mantis Major…

OKENDO KULTUR ETXEA

Rapari eta muralismoari lotutako tailerrak emango dituzte kultur etxean. Gaur, adibidez, grafiti hastapen tailerra egingo dute 12 urtetik gorakoentzat, 16:00etatik 20:00etara. Bihar, Endika Lahainek Rap-a euskaraz tailerra emango du, 11:00etatik 13:00era (12-17 urtekoentzat); eta, ordu berean, Furia abeslariak Rap-a ahalduntze feministarako tresna gisa tailerra gidatuko du (12-17 urtekoentzat). Bi tailer horiek arratsaldean ere izango dira, 18 urtetik gorakoentzat, 16:00etan. Kaligrafia, txantiloia eta beste hainbat teknika ere landuko dituzte tailerretan.

Igandean, Kaleko pinturaren mezua hitzaldia emango dute Santi Erasok, Jon Elorzak eta Goyo Villasevilek, 10:00etatik 12:00etara.

ATSEDEN GUNEA

Kontzertuen gunearen ondoan, jan-edanak jarriko dituzte, foodtruck-ak eta barra. Informazio puntua ere egongo da —tailerretarako kreditazioak han jaso beharko dira—.

Leave a Reply

Your email address will not be published.