[Herriz herri] Eskoriatza. Geldialdia egin ordez, geltoki izatea

[Herriz herri] Eskoriatza. Geldialdia egin ordez, geltoki izatea

Maite Alustiza

Duela ehun urte, 1916ko urriaren 4an iritsi zen trena Eskoriatzara. Vasco-Navarro deiturikoak inguruko herri eta hiriekin komunikatu zuen Eskoriatza 1967ra bitartean; Donostiarekin, Gasteizekin eta Bilborekin, beste zenbaiten artean. “Isolamendutik” atera zen horrela, eta komunikazio sareko geldiune bihurtu. Mendeurrena aprobetxatuta, Trena Eskoriatzan erakusketa jarri berri dute Ibarraundi museoan. Herritarren harrera “oso positiboa” izaten ari da, bisitari ugari dabil; “azken erakusketen artean arrakasta gehien izaten ari dena da”, Joserra Zubizarreta alkatearen arabera. Azaroaren 4ra arte egongo da irekita, egunero, larunbatetan izan ezik, 12:00etatik 14:00etara,.

“Urtea ixtea” du lehen egitekoen artean Eskoriatzako udal gobernuak. Momentu honetan datorren urterako ordenantza fiskala lantzen ari dira; astearteko osoko bilkuran eman zioten lehen onarpena, hain justu. Hurrengo urteari begira ere, 2017ko aurrekontua izango denaren lehen zirriborroarekin lanean ari dira. Arlo horretan, iaz martxan jarritako hiri-berritze programaren ildotik jo nahi du udal gobernuak. Herriko auzo eta elizateetako azpiegiturak hobetzeko asmotan “herritar gehientsuenekin” bilerak egin zituzten iaz, handik ateratako eskaerak gauzatze aldera. “Proposatutako guztien %80 ia bete ditugu, eta orain berriz ari gara herritarrekin bilerak egiten, eta posta elektroniko bat jarri dugu euren eskaerak bidera ditzaten”.

4.000 biztanle pasatxo ditu Eskoriatzak —iazko datua—. Orokorrean eskaintza “oparoa” daukatela uste du Zubizarretak, baina, era berean, oraindik ez duela “jendea harrapatzen”. “Adibidez, jende asko inguruko herrietakoa daukagu, eta horietako askok herria lo egiteko bakarrik erabiltzen dute, zoritxarrez. Lana daukagu horiei konbentzitzeko bertan geratzea merezi duela”. Adibide gisa, merkatari elkartearekin egiten ari diren lanketa aipatu du. “Egoera horretaz jabetuta, aztertzen ari gara ea zer egin daitekeen herriko baliabideez baliatzeko”.

Herri luzea da Eskoriatza. Eta, herriaren egitura hori dela eta, garraio zerbitzuaren antolaketak “nahiko gorabehera eta buruko min” ematen dizkie udal arduradunei. “Gai hori aztertzen ari gara, ikusteko zein irtenbide eman dakiokeen. Herritarrekin egindako bileretan, besteak beste, eskatu ziguten herriko erdiko kalea arratsaldeetan behintzat itxita egotea, gaur egun dagoen bezala. Horri buelta batzuk eman beharko zaizkio”.

Kultur programazioari dagokionez, eskaintza “dezentea” daukatela dio Zubizarretak. Neguko zinemarekin hasiko dira orain, antzezlanak programatzen dituzte… Euskararen Egunaren bueltako ekitaldiak prestatzen dabiltza, abendurako.

Hezkuntzari lotuta, iazko ikasturte bukaeran “saltsa txiki bat” eduki zuten Luis Ezeiza herri eskolak Gatzagan daukan gela desplazatuarekin, baina auzia konpondu zen. “Ixteko zorian egon zen, baina elkarlanaren ondorioz lortu dugu hori irekita mantentzea, eta printzipioz hori sendotzea izango da asmoa”. Uztail bukaeran mozio bat onartu zuten udalean; horretan, funtsezkotzat jo zuten “herri txikietako bizitza eta iraupenerako haurrak bertan ahalik eta bizitza gehien egitea”.

Indigenak herrian

Urri hasieratik Amerika eta Afrikako hemezortzi ordezkari indigena bizi dira herrian. Ekuador, Guatemala, Mexiko, Kolonbia, Txile, Bolivia eta Benindik etorri dira, Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroa egitera.

Beraien herrialdeetan hizkuntzaren eta kulturaren alde garatzen ari diren proiektuen berri emango dute, eta, era berean, euskararen biziberritze esperientzia ezagutzeko aukera izango dute. Ez ikastaroan bakarrik: abenduaren 11 bitartean Eskoriatzan biziko dira, eta Euskal Herri osoko euskalgintzako hainbat eragile eta erakunde ezagutuko dituzte, Garabide gobernuz kanpoko erakundearen eskutik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.