“Ezkio eta Itsaso banantzean, krisialdia abagune ere izan daiteke”

A. Zaldua

Iñaki Mendigurenek (Ezkio, 1954) hamaika lan euskaratu du. Tartean, Harry Potterren bilduma. 2013an Euskadi saria irabazi zuen, Sarah Turtle emaztearekin batera, Tom Sawyer-en abenturak eleberri klasikoaren itzulpenagatik. Bilbon ezagutu zuten elkar, eta Arrasaten bizi izan ziren, baina Ezkioko etxe eder batean bizi dira aspalditik.

Nolakoa zen zure haurtzaroko Ezkio-Itsaso? Asko aldatu al da ordutik?

Ezkio eta Itsaso bi herri ziren oraindik ni jaio nintzenean. Garai hartan baserrietan jende gehiago bizi zen, ia ez zegoen kanpotarrik, herritar gehienak baserritik bizi ziren, ez zegoen industriarik eta herritar gehienak heziketa apalekoak ziren. Bi eskola eta bi eliza genituen, eta horien eta tabernen ondoan egiten zen gizarte bizitza. Gero, eskolak kendu zituzten, eta duela bi urtera arte ez da eskolarik egon. Eta elizak asko galdu du bere eragina. Bestalde, orduan oso ibilgailu gutxi zegoen, eta nekez joaten ginen inguruko herrietara.

Nola ikusten duzu herria?

Une interesgarrian. Ezkio eta Itsaso banantzean, krisialdia abagune ere izan daiteke: eremu bilduagoan jarri ahal izango dugu arreta, eta birplanteatu zer-nolako herria nahi dugun eta egin dezakegun. Gainera, eskola txikia ere itxaropena pizten duen faktore berri garrantzitsua da, haurren aitzakian guraso gazte mordoxka elkartzen delako. Jendeari ilusioa sortzen asmatu behar dugu, inplikazioa eta konpromisoa lortzeko.

Zer du ona Ezkio-Itsasok?

Landa herrien lasaitasuna eta giza harreman hurbilekoak. Gainera, hiriak eta hirietako zerbitzuak gertu ditugu. Legazpitik Ordiziaraino kultura eskaintza interesgarria dugu. Bizitzeko leku ona da!

Zer du aldatu beharrekoa?

Bertakoen herri kontzientzia piztu behar dugu. Aurreko hamarkadetan eskolarik egon ez denez, jendeak burua eta bihotza hemendik kanpo izan dituela iruditzen zait. Bestalde, kanpotik etorri direnak integratu behar ditugu, eta herritarren arteko harremanak zaindu —herri txikiotan giroa asko txartu dezakete-eta—. Masa kritiko txikia dugula jabetzea ere garrantzitsua da, lankidetzak bilatzeko inguruko herriekin. Eta elizarekiko harremanak birplanteatu behar ditugu, alferrikako tentsiorik sor ez dadin.

Nola bizi izan duzu Itsasokoen banantzeko nahia?

Hasieran, tristuraz eta atsekabez, arazoa planteatu zen moduagatik, inolako beharrik gabe giza harremanak hautsi eta zapuztu zirelako. Eta, orain, dibortzioa adostuta, errespetuz. Agian, positiboa izango da bi herrientzat. Hori geroak esango du. Dena den, gogor lan egin beharko dugu denok. Zeren eta lehengo arazoak izaten jarraituko dugu.

Ezkio-Itsason biziko ez bazina, non biziko zinateke gustura?

Edonon. Ez naiz oso txokozalea. Leku gehienetan bizi liteke ondo, baldin eta norbere buruarekin bakean baldin badago eta ingurukoekin bakea bilatzen badu. Bi baldintza-edo jarriko nituzke: gizarte tolerantea eta muturreko klimarik gabea izatea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.