Lau minututan erne zen familia musikala

Lau minututan erne zen familia musikala

Maite Alustiza

Musika “dena” da Leire Zabalzarentzat. Asteko hiru egunetan kirol denda batean egiten du lan, eta beste bitan Nafarroako Down Sindromearen Elkartera joaten da, Iruñean, Itaca proiektuan parte hartzera. Eguneroko martxa horretan, ordea, astearte arratsaldeak bereziak dira: entsegua izaten du Motxila 21 taldearekin. Tinbala jotzen du Zabalzak; 26 urte ditu, eta 12 urterekin hasi zen musika tresna hori ikasten. Abestu ere egiten du. Downen sindromea duten 23-40 urte arteko hamabi neska-mutilek eta bederatzi boluntariok osatzen dute Motxila 21. “Familia bat bezala gara”. Egunotan, urteko azken kontzertua prestatzen ari dira: azaroaren 4an Tolosan joko dute, Leidor aretoan, 20:30ean. Irurako Ikastolaren aldeko kontzertua izango da, Haur Hezkuntzako eraikin berria ordaintzeko.

Urte osoan kontzertu mordoa egin dute; “ezin gogoratu zenbat”, Ainhoa Lizarraga Motxila 21 taldeko boluntarioak dioenez. “Gazteentzat oso garrantzitsua da, beraien bizitza berezia da. Txiki-txikitatik bizi izan dute egoera ezkor hori, nahiz eta aukerak ematen ari gatzaizkien. Bat-batean agertoki batera igotzea eta beraiek kapaz izatea beste pertsona batzuk emozionatzeko, alaitzeko, txalotu ditzaten… Salto izugarria da. Beraiek ere gizarteari gauzak emateko kapaz dira”.

Musika klase bat bezala hasi ziren, 2005ean. Nafarroako Down Sindromearen Elkarteak antolatzen zuen, eta ikusi zutenean “gauzak talde moduan forma hartzen zuela”, Motxila 21 osatzera animatu ziren. Elkartearen Gabon festan eman zuten lehen pausoa: “Lehendabiziko kontzertua abesti bat izan zen, lau minutuko kontzertu bat; Tolosakoa ordubeteko kontzertua izango da. Pentsa ze lan egon den hor!”.

Bide ezberdinak erabiltzen dituzte tresnak jotzen ikasteko. Saxo jotzaileek, adibidez, koloreen bidez ikasten dituzte partiturak: nota bakoitza kolore bat da. “Hiru saxo joleak Iruñeko akademia batera joaten dira; hango irakasleak metodo hau erakutsi zien, eta oso ondo funtzionatzen du”. Erritmoetarako eta abar, laguntza behar dute, eta bi laguntzaile dituzte nota non doan markatzeko. Perkusionista gehienek, berriz, Motxila 21en saioetan ikasten dute, astearteroko entseguetan: “Badira bi perkusiozale, Ibai eta Mikel, akademia batera ere joaten direnak. Bateria eta abar ikasten ari dira; kristoren erritmoa daukate!”. Zabalzak dio betidanik gustatu izan zaiola tinbala, eta, hasieran konplikatua izan arren, orain ondo moldatzen da: “Taldea sortzeko ideia oso ondo iruditu zitzaidan. Erakutsi egin digute, eta orain oso gustura nabil”.

11 urteotan bidaiatzeko aukera ere izan dute, baita Euskal Herritik kanpora ere. 2013an Londresen izan ziren. Atzerrira egindako lehen ateraldia izan zen, eta oso esperientzia polita izan zela kontatu du Lizarragak. Truke bat egin zuten hango autista talde batekin: “Astebetez etorri ziren, eta hainbat kontzertu egin genituen beraiekin; eta, gero, alderantziz. Beraiek beraien errepertorioa jo zuten, guk gurea… Oso aberasgarria izan zen”. Londresen jotzeak sortzen duen zirraraz aparte, Motxila 21eko kideentzat egun batzuk elkarrekin pasatzeko aukera izan zen: “Hainbat pertsona gara, eta hainbeste egun kanpoan egotea inoiz ez genuen probatu. Elkarbizitza oso arrakastatsua izan zen, errepikatzeko modukoa”, dio Lizarragak.

Motxila 21en oihartzuna bideo bidez ere iritsi da nazioartera. Iñaki Alforjaren Motxila21 Live, Zuzenean, En vivo dokumentalak hainbat sari lortu ditu jaialdietan; besteak beste, Iruñeko Zinemaldian, Mexikoko Contra el silencio, todas las voces ekitaldian eta Kanadako Canadian Diversity Film Festivalen.

Senideak boluntario

Motxila 21 “familia” bat da, eta badira familia bereko hainbat kide ere. Lizarragaren kasuan, esaterako, hiru kide daude: “Aintzane ahizpak saxofoia jotzen du, eta nire mutil-laguna ere taldean dabil. Aintzanek oso ongi bizi du. Gauza asko ari gara bizitzen elkarrekin. Ni betidanik ibili naiz berarekin toki guztietara; afarietara, Nafarroa Oinez-era, manifestazioetara…”. Ahizparentzat ez ezik, Ainhoarentzat ere “sekulako satisfazioa” da: “Guretzat aukera oso polita izan da, gozamena. Eta, horrela denez, naturalki egiten dugu, eta beraiek ere naturalki hartzen dute. Gure kontzertuak oso naturalak dira”.

Naturalki batu dira proiektura hainbat musikari ezagun ere —Enrique Villarreal Drogas, Kutxi Romero, Eduardo Beaumont Piñas…—. “Artistak ez dituzunean ezagutzen, ikusten dituzu artista bezala, baina, ondoan dituzunean, ikusten dituzu pertsona bezala. Eta istorio honekin beraiek ere oso-oso ondo integratu dira”.

Urtean zehar errepertorio bera izaten dute, baina urtetik urtera bizpahiru kanta berri sartzen doaz. Tolosakoa 2016ko azken saioa izango den arren, ez dituzte musika tresnak bazterrean utziko. Datozen hilabeteetakoak aurreratu ditu Zabalzak: “Kanta berriak sartuko ditugu hurrengo urtean; orain hasiko gara. Rap kanta bat egiten ari dira niretzat”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.