[Museora] Sagardoetxea. Sagardoak badu bere etxea

Eider Goenaga Lizaso

Hogei sagardotegi baino gehiago daude Astigarragan. Non toki hobea sagardoari etxe bat egiteko? Sagardun Partzuergoak —Astigarragako Udalak, herriko zazpi kultur taldek eta sagardogileek 2003an sortua— ireki zuen museoa, 2006an, eta haren helburua, Leire Alkorta (Lasarte, 1982) museoko komunikazio arduradunak azaldu duenez, sagardotegietara joaten den jendeari “sagardoaren, sagardotegien eta txotx errituaren atzean dagoen guztia azaltzea da, eta sagardoaren sustapen soziokultural eta turistikoa egitea”. Hala ere, dibulgazioari eta zabalpenari begira ez ezik, artxibo bat eratzeari, ikertzeari eta mantentzeari begira sortutako proiektua ere bada.

“Ateak ireki zituenetik, urtero-urtero, gero eta bisitari gehiago jasotzen dugu, eta horrek asko pozten gaitu”, azaldu du Alkortak. Urtean, gutxi gorabehera, 12.000 bisitari dituzte. “Eta horrek Euskal Herrian gehien bisitatutako museo gastronomikoa egiten gaitu”. Txotx garaian eta udan dute bisitari gehien, baina bisitariaren profila aldatu egiten da garaiaren arabera. “Hasieran, bisitariak txotx garaian etortzen ziren batez ere; baina, azken urteetan, turismoa areagotzearekin batera, uda ere garai oso indartsua da guretzat. Txotx garaian bertako jendea da, edo inguruko lurraldeetakoak eta estatukoak; udan gehiago etortzen dira kanpotarrak, Europatik eta munduko beste tokietatik. Hamar urteotan izan dugun aldaketa handienetako bat izan da”.

Sagardoetxea bisitatzeko, bisita gidatua egin behar da. Horregatik, bai taldean joan, bai bakarka joan, aurrez erreserba egitea aholkatzen du Alkortak. “Izan ere, bisitak lau hizkuntzatan egiten ditugu, euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez, eta aurrez abisatu ezean, gerta liteke zu joaten zaren orduan bisita frantsesez izatea eta itxaron behar izatea. Komeni da aurrez deitzea”.

Hiru gune

Hiru zatitan egiten da museoaren bisita. Kanpoan hasten da bisita, sagastian. “Bertan sagarrondo eta sagar barietate ezberdinak ditugu, eta joaten gara azaltzen zein sagar erabiltzen diren eta nola nahasten diren sagardoa egiteko”. Bisita “didaktiko eta parte hartzaileak” direla azaldu du Alkortak. “Bisitariek kizkiarekin sagar bilketa egiten dute sagastian, eta gero hemen dugun dolare neolitikoan azaltzen diegu nola egiten zen sagardoa garai batean. Denboraldiaren arabera, sagar muztioa egin eta dastatzeko aukera ere izaten da. Ikastetxeetako umeekin, adibidez, hori egiten dugu, eta asko gustatzen zaie muztioa egiteko prozesu osoa egin eta, ondoren, dastatzea”.

Bigarren gunea museo barrukoa da, eta bertan sagardoaren historia azaltzen zaio bisitariari. “Sagardoaren historiari, sagardoaren kulturari eta sagardoaren elaborazioari buruzko azalpenak ematen ditugu”. Eta, amaitzeko, dastaketa gunea. “Dastaleku bat daukagu, eta normalean bi sagardo ematen dizkiegu dastatzeko, txotxetik. Eta, hori egiten dugun bitartean, bisitariari azaltzen diogu txotxaren erritua nondik datorren, zergatik egiten den… Dastatze bat nola egiten den azaltzen diegu, txotxetik nola edan behar den, edalontzia nola hartu eta zenbat bete behar duten… Asko sagardotegira joaten dira gero, eta prestatu egiten ditugu”. Sagardoarekin batera, sagar muztioa eta likorea dastatzen dituzte.

‘Esperientziak’

Sagardoetxearen bisitari, nolanahi ere, beste osagai batzuk ere gehitzen zaizkio, eta horiek denak batzeko Sagardoaren Lurraldea marka sortu zuten. “Esperientziak deitzen diegu. Sortak dira, egun osoko edo egun erdiko planak. Sagardoetxea+sagardotegia izan zen sortu genuen lehen sorta, eta, horren arrakasta ikusita, sorta gehiago sortzea erabaki genuen. Sagardoa+Itsasoa ere egiten dugu orain. Aquariuma edo Albaola bisitatu, itsasontzian buelta bat eman —Donostian edo Pasaian—, Sagardoetxean bisita egin eta sagardotegian bukatu”. Sagardoa eta Idiazabalgo gazta batzen dituen beste sorta bat ere badute. “Euskal Herriko bi produktu gastronomiko inportante batzen ditugu”, dio Alkortak. Gaztandegi bat edo Gaztaren Museoa bisitatzen da lehenik, gero Sagardoetxea, eta amaitu, nola ez, sagardotegian. “Asko erakartzen duten planak dira; gozamenerako eta sagardoaz gehiago jakiteko ezin aproposagoak”.