Enirio-Aralar Mankomunitateak sabotajea arbuiatu du, aho batez

Intzensaotik Goroskintxurako mendi bidea egiteko lanak hasi berriak dituzte Aralarren, eta, iragan astelehenean, makinetan sabotaje bat izan zela ohartu ziren langileak. Enirio-Aralar mankomunitateak nabarmendu du 1,5 kilometroko pista hori egiteko erabakia mankomunitateak berak «aho batez» hartu zuela, eta erasoa «gogor» salatu du, elkarteko ordezkari guztiek onartutako idazkian: mankomunitateak aho batez hartutako erabakiaren kontrako erasotzat jo dute sabotajea.
Mankomunitateak «demokratikoki» hartutako erabakia ez dela eraso horregatik «zapuztuko» eta «gauzatu» egingo dela erantsi dute, eta babesa agertu diote lanean ari den enpresari.