“Nire aberri txiki hori Gabirian hezurmamitu zen, eta ez dut horren damurik”

A. Maiz

Gabirian jaio ez zen arren, haurtzaroaren zati handi bat han igaro zuen Joxe Mari Gabiriak (Beasain, 1954). Beasainen jaio, aldi labur batean Gabirian bizi, eta Zegamako Otzaurteko Arbitro-etxera joan ziren bizitzera, aita diputazioaren zerga biltzailea zelako. Zumarragan jarri ziren gero, eta han bizi da. Euskal Telebistan aurkezle izan da, urte askoan.

Gabiriarekin zer lotura duzu?

Ez naiz Gabirian jaioa, baina gabiriarrak ziren gurasoak. Ama Laura, Baztarrika baserrikoa; eta aita Luzio, Bekoetxekoa. Familia harreman estuenak ere Gabiriako osaba-izeba eta lehengusuekikoak izan dira. Horregatik esan izan dut beti erdi gabiriarra naizela. Ez da harritzekoa, deitura ere Gabiria izanik.

Zer eman dizu herri horrek?

Ez dakit nork esana den haurtzaroa dela gutako bakoitzaren aberria. Nire kasuan, behintzat, hala izan zen. Gaur, 62 urte bete berri ditudanean, garbi ikusten dut nire aberri txiki hori Gabirian hezurmamitu zela, Zumarragan bizi nintzen arren. Ume garaiko oroitzapen gehienak Gabiriakoak ditut, askoz gutxiago Zumarragakoak. Psikoanalista batek jakingo luke horren zergatia. Nik neuk ez dakit, baina esan dezaket ez dudala hala izanaren damurik, oso oroitzapen onak baitira.

Zer balio nabarmenduko zenuke ezagutu zenuen Gabiriatik?

6 urtetik 17ra arte Gabirian igaro nituen urtero eskolako opor egun guztiak. Oporretan egon arren, eskola ona izan ziren niretzat Baztarrikako eta Bekoetxeko egunak. Zumarragako La Sallen ikas ezin nitzakeen lezioak hartu nituen Gabirian, batez ere hizkuntzakoak eta naturakoak. Han ikasi nuen euskaraz natural samar, garai hartan Zumarragan ezinezkoa baitzen. Gabiria izan zen nire euskaltegia. Eta kalekume peto izateari ere baserri giro horretan utzi nion. Pinuaz, haritzaz eta pagoaz gainera, ikasi nuen hor dauzkagula urkia, lizarra, artea eta haltza. Zumarragako nire lagunei ez zuhaitzak bakarrik, izenak ere arrotzak egiten zitzaizkien. Mundu hori ezagutzeak asko aberastu ninduen.

Hizkuntzaren aberastasuna jaso zenuen, beraz?

Zumarragan, gure etxean euskaraz beti egin izan da, baina kalean sekula ez. Euskaraz beti hankamotz gelditzen nintzela konturatzen naiz, orain. Hangoak baino gutxiago nintzela konturatzen nintzen. Hizkuntzak irakaskuntzako esparrua, etxekoa eta kalekoa ditu. Etxekoa banuen; irakaskuntzakoa ez, ez nintzelako alfabetatua. Geroago alfabetatu nintzen, Urretxuko Pagoetan, pasionistekin. Baina beharra garai hartan nabaritu nuen. Eta kalean ere ez genuen euskaraz hitz egiten. Hori irabazi nuen Gabirian: beste esparru batean jardutea. Hizkuntza natural samarra jaso nuen. Ume denbora Gabirian pasatu ez banu, ez nukeen halakorik izango.

Gero, gainera, lan tresna izan duzu, kazetaritzan eta…

Nire lehenengoetako lan bat, gainera, Gabiriako urtegia egiteko izan zen asmoari buruz idatzi nuen, Argia-n, 22 urte ingururekin, 1976 inguruan.

Eta oraingo herriaz, zer diozu?

Gaur egun gutxiago ibiltzen naiz han. Joaten naizenetan, herri kuriosoa ikusten dut, kasko ingurua oso zaindua duena. Beti bezala, ikusmira ederrekoa. Eta, hori baino garrantzitsuagoa iruditzen zaidana, herri bizia; gazte jendearentzat bertan bizitzeko erakargarria iruditzen zait.

‘Gabiria’ entzun, eta zer datorkizu burura lehenengo?

Izen horren esanahia zein ote den… Askotan ibili naiz kontsultak egiten, baina oraindik ez dut ondorio garbirik atera. Baina Gabiria herria ikaragarri maite izan dut nik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.