“Egonkortasun” aurrekontua

“Egonkortasun” aurrekontua

Maite Alustiza

Hurrengo urterako aurrekontuak aurkeztu zituzten asteartean Gipuzkoako Aldundiko diputatuek Batzar Nagusietan, eta atzo hasi zuen diputazioak aurrekontu proiektuari buruzko elkarrizketa erronda alderdiekin. 838 milioi euroko aurrekontu proposamena egin du, aurtengoa baino %3,16 handiagoa. Markel Olano ahaldun nagusiaren arabera, “egonkortasun aurrekontua” da, “Gipuzkoak egun dituen erronka nagusiei erantzutera bideratuta”. Abenduaren 23ko osoko bilkuran onartzea aurreikusi dute.

GIZARTE POLITIKA
508 euro biztanleko

Diputazioaren aurrekontuaren ia erdia (%47) gizarte politiketara bideratuko dute (363,6 milioi). Maite Peña diputatuak nabarmendu du biztanle bakoitzeko 508 euro “gastatuko” dituztela gizarte zerbitzuetan, “2016an baino 28 euro gehiago”. Hiru lan ildo estrategiko izango ditu: Gipuzkoako zerbitzu sozialak antolatzea eta kalitatea hobetzea; egungo eta etorkizuneko eskariari egokitutako zerbitzuak eskaintzea; eta gizarte zerbitzuen legea garatzeko erakunde guztien artean elkarlanean aritzea. Diru gehien adinekoen arretarako baliatuko dute: 120 milioi, aurrekontu osoaren %33. Era berean, gizarte zerbitzuen mapa garatu asmo du sailak: “183 plaza berri eratuko ditugu egoitza, eguneko zentro edo etxebizitzetan”.

BIDE AZPIEGITURAK
Antzuola-Bergara zatia

Aintzane Oiarbide diputatuaren arabera, lehentasuna errepideen artatzea izango da, eta horretara bideratuko dute aurrekontuaren zati handiena: 89,4 milioi dituzte guztira, eta horietatik 58,5 milioi izango dira errepideak mantentzeko. Dena den, legealdiko “proiektu estrategiko bat” Antzuola-Bergara errepideko lanak dira. Urtarrilean hasiko dira egiten, ia 22 milioi euroko diru sailarekin.

EKONOMIA SUSTAPENA
“Susperraldia” finkatzea

70 milioi euro izango ditu Ekonomia Sustapena, Landa Garapena eta Lurralde Orekak. Sustapen ekonomikorako 50 milioi izango dira, iazko moduan. Ainhoa Aizpuru diputatuaren arabera, sailaren helburu nagusienetako bat “ekonomiaren susperraldia finkatzea” izango da, baita hori sektore eta eskualde guztietara zabaltzea ere. Lurralderako “estrategikoak” diren sektoreetan apustu berriak egin asmo ditu.

MUGIKORTASUNA
Lurraldebus eta Pasaia

59,8 milioiko aurrekontua izango du Marisol Garmendiak gidatzen duen sailak. Lurraldebuseko zerbitzuetan eta Pasaialdearen “birsorkuntza integralean” egingo dituzten inbertsioak nabarmendu ditu diputatuak. Bizikleten, oinezkoen bideen eta bidegorrien erabilera sustatzeko 2,3 milioi euro bideratuko dituzte.

KULTURA, TURISMOA, KIROLA
Hiriburutza eta lankidetza

Aurtengoaren parekoa litzateke sail osoaren aurrekontua: 53.778 milioi aurten, 53.823 milioi 2017an. Donostia 2016 Kultur Hiriburutzara bost milioi bideratuko dituzte, haren “legatua” kudeatzeko. Turismoaren kasuan, “turismo jasangarriaren urtea” izango dela uste du Denis Itxaso diputatuak. Lankidetza atalak lau milioi izango ditu, “aldundiaren historian arlo horrek inoiz izan duen kopuru handiena”.

OGASUNA
Zerga iruzurrari aurre

44,4 milioi euro kudeatuko ditu sailak, aurten baino 2,1 milioi gehiago. Igoera hori zerga iruzurraren aurkako lanketan “eraginkorragoak” izatera bideratu asmo dute, eta, horretarako, giza baliabideetan eta euskarri informatikoetan inbertsioak egingo dituzte.

INGURUMENA
Klima aldaketan arreta

Sailaren aurrekontua 21,5 milioitik 23,7 milioira handituko da. Programa berri bat sortu du klima aldaketari aurre egiteko (661.000 milioi euro). Helburuen artean daude “isurketarik gabeko garraioa sustatzea eta hiri hondakinen sorrera gutxitzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.