[Herriz herri] Gaintza. Paraje ederreko gaina

[Herriz herri] Gaintza. Paraje ederreko gaina

Loinaz Agirre

. Gipuzkoako bigarren herririk txikiena da. 128 biztanle ditu gaur egun; biztanleriaren %19, 19 urtez azpikoek osatzen dute; %59, 20 eta 64 urte tartekoek; eta %22, 65 urtetik gorakoek. Gipuzkoako zati handi bat ikus daiteke Aralarpeko herri horretatik.

Eguraldi onarekin paradisutik gertu dagoen herria dutela esaten dute askok. Ikuspegi ederreko herria da Gaintza, Gipuzkoako herri txikienetako bat. Aralar eta Aizkorri mendilerroa ditu ezker-eskuin. Murumendi, Hernio, San Lorenzo, Larre eta Uzturre ere bai. Xanti Garmendia gaintzarrak dionez, Pirinioak ere ikus daitezke eguraldi garbiarekin, eta baita “itsasoaren zirrinda bat ere atmosfera garbi samar dagoenean”. Herri kaskotik Larraitz aldera dagoen San Martin Toursekoaren ermitatik Donostiako Aste Nagusiko suak ere, “gora ateratzen direnak”, ikusten dira Garmendiak zehaztu duenez. Duela gutxi Madrilgo turista bikote batek esandakoa ondo gogoan hartu zuen Garmendiak: “Paradisua da hau”. Baina, esaerak dioen bezala, barearen ostean dator ekaitza; Euskal Herrian eguraldi oneko egunak adina izaten dira bestelakoak. “Haize lekua da”, dio gaintzarrak.

Paisaiak erakarrita

Gaintzaren paisaiak eta lasaitasunak kanpotik gazteak erakartzen ditu. 2000ko hamarkadan etxebizitza berriak egitea erabaki zuen udalak, bertako gazteak bertan gelditzeko eta kanpotik herritar gehiago erakartzeko. Neurri horrekin biztanle kopuruari eustea lortu dute azken urteetan. Gaur egun, 128 lagun bizi dira Gaintzan. Biztanleriaren %78 64 urtez azpikoek osatzen dute. Garmendiak gogoratzen duenez, “gerra ondorengo urteetan familia oso handiak ziren, eta eskola ere bazen, neskena eta mutilena. Baina, baserrietan seme edo alaba bakarra gelditzen zenez, jendeak alde egin zuen Gaintzatik inguruko herrietara”.

Eskolarik ez dago gaur egun, baina duela hamar bat urte ireki zuten Armendariz haur eskola, 0-2 urteko haurrak hartzen dituena; hamar urte horietan, haur kopuru nahikoa izan dute zerbitzuari bizirik eutsi ahal izateko.

Eskolarik ez egoteak, dena den, herriko haurrak sakabanatzen ditu, gehienak Ordiziako bi ikastetxeetara joaten baitira. Gaintzar nortasuna sendotzeko, herriko haurrak elkartzen saiatzen dira elkarte zaharreko egoitzan. Udal eraikin berriko azken solairuan dagoen liburutegiak ere funtzio hori betetzen du.

Udal eraikin berria

Gaintzako historian jasota dagonaren arabera, 1912ko abenduaren 14an suak erabat erre zuen udaletxea. Sute hartan, agiri zahar guztiak bertan erreak gelditu ziren. Handik bi urtera, berriz eraiki zuten udaletxe berria.

1985. urtearen inguruak ere Gaintzaren bilakaerako urte garrantzitsuak izan ziren. Pedro Zunzunegi alkate zela, “Carlos Garaikoetxea lehendakariaren garaian”, hainbat obra inauguratu zituzten: herrirako ur deposituak, hilerria berritu zen —Gaur ni biar zu leloa atean duela—, baserrietarako bideak hormigoiz egokitu ziren, plazako auditoriuma egin zen, pilotaleku estali berria egin zen, Gaintzatik Larraitzera arteko hiru kilometroko bide berria ere bai…

2013an, On Bide elkarte berria inauguratu zuten Gaintzan, eta 2014ko San Migel egunean, udal eraikin berria. Liburutegia eta kazetagunea ere egokitu zituzten bertan. Herri txikiek zerbitzu gabezian izaten dute desabantailarik handiena, eta Gaintzak ere antzeko egoera du. Paisaiak eta lasaitasunak duten abantailaren eta zerbitzurik ezak dituen desabantailen artean oreka bilatzea da gakoa Garmendiaren ustez. “Ordizia hamar minutura dugu”, dio. Dendarik ez dago, baina fruta saltzailea asteartetan joaten da Gaintzara. Bi jatetxe badaude. Gaur egun, autobusa ere eskura dute gaintzarrek, aurretik deituz gero.

Halere, goierritar askoren aisiarako gunea da Gaintza. Pilotaleku estaliak eta inguruan dituzten parkeak eta mahaiak eskola ume asko erakartzen ditu. “Pilotaleku ondoan egin zen estalpea jende askok erabiltzen du. Mahaiak eta aulkiak daude bertan”.

Txirrindulariek ere gustuko dute Gaintzako aldapak igotzea. 2014ko Euskal Herriko Itzulian famatu egin ziren Zaldibiatik Gaintzara arteko aldapa gogorrak. Udazken garaian, beste bistari batzuk ere izaten ditu Gaintzak: ehiztariak, uso postu lerroa baitago bertan.

San Migel eta San Martin

San Migel parrokiaren omenez, San Migel jaiak ospatzen dituzte gaintzarrek irailaren 29aren bueltan. San Martin Toursekoaren ermitaren aitzakian —ustez, Gaintza herria osatu aurretikoa da—, berriz, San Martin erromeria ospatzen dute, gaztainak lagun. Gaur eta bihar festa giroa izango da Gaintzan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.