“Bagoi fabrikak iraultza eragin zuen Ordizia eta Beasainen”

“Bagoi fabrikak iraultza eragin zuen Ordizia eta Beasainen”

Loinaz Agirre

Juanjo Olaizola Elordik eta Martin Garcia Garmendiak Bagoi fabrika eta haren eragina Beasainen eta Ordizian (1901-1925) liburua argitaratu berri dute, Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak erositako Pablo Weeberren argazki bilduma oinarri hartuta. Tren industriaren hastapenak aztertu, jaso eta laburbildu ditu Olaizolak (Donostia, 1965).

Nor izan zen Pablo Weeber? Noiz iritsi zen Beasainera?

Igartza eta Oria lotzen zituen lekuan San Martin Burdin Fabrika ireki zuten 1860an. Maquinista Guipuzcoana izena hartu zuen gerora, eta 1902an Banco Urquijoren talde industrialaren barruan sartu zen. Banco Urquijok, antzeko beste fabrika batzuekin, Linaresen [Jaen, Espainia], Gijonen [Asturias, Espainia], Bilbon —Zorrotzan—, eta Beasaingo Maquinista Guipuzcoanarekin sortu zuen Sociedad Española de Construcciones Metalicas. Fabrika berria egiteko aurreko instalazio guztiak bota zituzten.

Luis de Landetxo Bilboko arkitekto ospetsuak egin zuen fabrika berriaren proiektua, estetika aldetik. Baina, fabrika alde teknikotik diseinatzeko, atzerritik ingeniariak eta teknikariak etorri ziren; bagoi fabrika modernoa izatea nahi zuten. 200 pertsona etorri ziren, gehienak kultura germanikokoak. Horien artean, Pablo Weeber Bohemiatik etorri zen, Txekiatik. 1903an etorri zen Beasainera. Bagoien tailerren buru jarri zuten.

Argazki zalea ere bazen Weeber.

Bai. Gaur egun denok daukagu argazki makina bat telefonoan bertan, baina garai hartan ez zen gauza erraza argazki bat egitea. Argazki asko atera zituen. Liburuan 148 argazki sartu ditugu. Fabrika sortuz nola joan zen jasotzeaz gain, Beasaingo, Ordiziako eta Lazkaoko argazkiak atera zituen. Altxor bat da Weeberren bilduma, hain argazki zaharrak oso gutxi daudelako. Irudi oso kuriosoak dira, kalitate oso onekoak. Beasainen eta Ordiziaren oroimena gizon horrek jaso zuen.

Informazio asko aterako zenuten argazkietatik.

Asko. Baina ez argazkietatik bakarrik; lau argazki bildumaz gain, Weeberrek eguneroko bat idatzia zuen, eta informazio oso aberatsa eman digu. Egia esanda, liburu honek bi egileren izena dauka, baina hirugarrena ere eduki beharko luke, Pablo Weeberrena.

Noiz arte egon ziren alemaniarrak Beasainen?

Fabrika martxan jarri zenean, poliki-poliki beren herrira itzuli ziren. I. Mundu Gerra piztu zenean, 12-15 teknikari alemaniar zeuden oraindik, baina 1915ean frantziarrek bagoiak behar zituzten tropak frontera eramateko. Beasaingo bagoi fabrikarekin 5.000 bat bagoi erosteko kontratua sinatu zuten. Baina baldintza batzuk jarri zituzten: besteak beste, alemaniar edo austro-hungariar guztiak kaleratzea. Fabrikan ez zuten konplexu handirik eduki, eta denak kalera bidali zituzten. Urtebete gehiago egon zen Weeber, baina, azkenean, kaleratu egin zuten.

Beasainek noiztik du trenarekiko lotura?

1860an San Martin Burdin Fabrika sortu zutenean, trenbide ondoan kokatu zuten, artean eraikitzen ari ziren trenbidearen ondoan; industria mota hura goraka joanez gero etorkizunean zerbait egiteko asmoarekin. Errailak, bagoiak… edo zerbait egiteko asmoarekin. Dokumentatuta daukagu Donostiako tranbia konpainiarentzat gurpil batzuk egin zituztela. Egia esan, ez zitzaizkien oso onak atera. Baina saiatu ziren trenaren merkatuan muturra sartzen. Dena den horrelako fabrika txikien produkzioa garestiagoa zen, ez zen lehiakorra. Saiatu ziren, eta, azkenean, 1901ean Banco Urquijorekin elkartu baino lehen, kontratu batzuk lortu zituen Maquinista Guipuzcoanak. Bat, Bilbo-Portugalete trenbidean. 1902an, bagoi guztiak egin, eta fabrika itxi egin zuten, dena bota eta berria eraikitzeko. 1905eko udazkenean, berriz jarri zen fabrika lanean: Sociedad Española de Construcciones Metalicas.

CAF geroagokoa da. Ehun urte beteko ditu martxoaren 4an.

Egia esanda, CAF estalki bat bezalakoa izan zen. Lehen esan dugu nola frantziarrak etorri ziren Beasainera, Espainia neutrala zelako. Ia 6.000 bagoi erosi zituzten. Baina frantziarrak ez ziren Beasainera bakarrik etorri, Bizkaiko Labe Garaietara ere joan ziren. CAF Labe Garaiei bagoiak egiteko profil metalikoak eskatzen hasi zenean, atzeratu egin zen dena… Ezin zituzten epeak bete, eta hornidurak berandu eta gehienetan gaizki ekartzen zituzten. Frantziarrek inspektoreak jarri zituzten Beasainen, materialak kontrolatzeko. Behin, iritsi zen materialaren %75 atzera bota zuten. Aldi berean, 1915eko uda aurretik, Espainiako ekonomian inflazio oso handia zegoen. Kanpotik hainbesteko eskaria zegoenez, prezioak igo egin zituzten. Beraz, prezioak egokitu behar izan zituzten.

1916an oso egoera larrian zegoen fabrika. Gainera, arazoa oso larria zen, frantziarrek fabrika konfiskatu egin zezaketelako, kiebrara joanez gero. Arazo politiko handia ere bazegoen. Disimulatzeko, CAF sortu zuten. Bere kapitalaren %60 frantziarra zen. Buru Marques de Amurrio jarri zuten, Urquijo familiakoa. Baina erabakiak frantziarrek hartzen zituzten.

Noiz arte iraun zuten frantziarrek?

Enpresa berriak alokatu egin zuen Sociedad Española de Construcciones Metalicas, 1917tik 1925era bitartean. Horrela konpondu zuten fabrikaren egoera eta enpresa ez ixtea. Gerra bukatu zenean, Beasaingo fabrikarekin interesa galdu zuten frantziarrek, eta haien fabrikak normaltasunera itzuli ziren. Beren partizipazioak saldu zituzten, eta, 1925ean, CAFen kapital guztia Pirinioen hegoaldekoen esku geratu zen. Orduan, CAFek Sociedad Española de Construcciones Metalicari Beasaingo fabrika erosi zion, 1925ean.

Hornikuntza arazoak konpontzeko lantegia osatuz joan al ziren?

Hasieran, nahiko osatuta zegoen fabrika. Aroztegia bazegoen, muntaketa tailerra, ardatzak eta gurpilak egiteko tailerra ere bai… Baina 1917an ikusi zutenean zein arazo zegoen burdin hornikuntzarekin, altzairutegia ere jarri zuten. Batez ere, altzairua, gurpilak, ardatzak eta altzairu moldeatua egiten zituzten. Baina profilak Labe Garaiei edo beste enpresa batzuei erosten zizkien. Gainerako fundizioko gauza guztiak Beasainen egiten ziren.

Zenbat lanbide zeuden bagoi baten atzean?

Arotzak, mekanikoak, argiketariak, pintoreak…

Nahikoa eskulan ez zen izango Beasainen.

Ez, noski, jende asko etorri zen Beasainera eta Ordiziara horrelako fabrika handi batera. Beti 1.000-2.000 langile izan zituzten, eta hori eskulan asko da. Kanpotik jende asko etorri zen. Bagoi fabrikak iraultza eragin zuen bi herri horietan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.