Hiru gehiagoren arnasa euskarari

Maite Alustiza

Mendaro, Ataun eta Errezilgo udalek Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateko urratsa egin dute. Joan den astean onartu zuten Ataungo eta Errezilgo osoko bilkuretan, eta urri bukaeran Mendarokoan. Alegaziorik ez bada, Uemaren batzar orokorrean izendatuko dituzte mankomunitateko kide, urtarrilaren 14an. Hemeretzi udalek sortu zuten Uema duela 25 urte, eta egun 76 arnasgune ditu. Batzarrean eskaera guztiak onartuz gero, 80 izango dira —Larrabetzuk (Bizkaia) ere egina du eskaera—. Erdiak baino gehiago (43) Gipuzkoako herriak dira; Legorreta izan zen Ueman sartzen azkena, aurtengo maiatzean.

Mankomunitatea sortu zuten herrietako bat izan zen Errezil. 1990eko hamarkadan, ordea, atera egin zen, “diru arazoengatik”. Ordutik, egoera ekonomikoa zela medio, ezin izan dio gaiari heldu, udalak azaldu duenez. 600 herritar ditu gaur egun, eta, biztanle kopuruaren arabera, ordezkari bat dagokio Uemaren batzar nagusian —Nekane Zinkunegi zinegotzia (EH Bildu) izango da, osoko bilkuran hala erabakita—.

Errezilen bezala, Ataunen ere aho batez eman diote onarpena Ueman sartzeari. 1.700 biztanle inguru ditu, eta %86 dira euskaldunak. Hala ere, Karmele Aierbe Euskara zinegotziaren arabera, azken urteetan asko jaitsi dira euskararen erabilera eta ezagutza. Duela bi urte diagnosia egin zuen Ataungo Euskara Taldeak, eta horren ondoren erabaki zuten “neurriak hartu eta gainbehera nola edo hala irauli” behar zutela. Aierberen ustetan, garrantzitsua da udalerri euskaldunak batzea, eta Ataunek “euskal komunitateari bere ekarpena egiteko aukera izango du” Uemako kide izanda. Bi udal ordezkari dagozkio Atauni, eta EH Bilduk eta Herrigintzak ordezkari bana izango dute.

Mendaron ere egoera “irauli” nahi dute. Sonia Garcia alkateak dioenez, azken urteotan behera egin du erabilerak eta ezagutzak; 2.037 biztanle ditu, eta %68,9 dira euskaldunak —2011ko datua da—: “Duela 10-15 bat urte etxe berri asko eraiki ziren, eta kanpotik jende asko etorri zen, batez ere alboko herri handiagoetatik. Horrek eragin nabarmena izan du euskararen bilakaeran eta beheranzko joeran”, azaldu zuen Ueman sartzeko erabakiaren berri ematerakoan. Bi udal ordezkari dagozkio Mendarori; EH Bilduk eta EAJk kide bana izatea adostu dute, aho batez.

Eskualdeka, Tolosaldea da egun Uemako kide gehien duena (15); jarraian dira Goierri (9), Urola Kosta (8), Debagoiena (4), Debabarrena (2), Oiartzualdea (1) eta Beterri (1). Biztanleen %70ek baino gehiagok dakite euskaraz 40 herri horietan; hala ere, badira baldintzak beteta Ueman sartu ez diren udalerriak. Adibidez: Tolosaldean eta Goierrin herri guztiek betetzen dute Ueman egoteko aukera.

Mankomunitatearen sorreran herri txikiak egon ziren batik bat, baina gaur egun badira handiagoak ere: Zarautz, Bergara, Oñati, Azpeitia eta Tolosa, esaterako. Iaz, Tolosak irteteko asmoa adierazi zuen, baina azkenean behintzat urtebetez jarraitzea erabaki zuen.