Lapatxen itxierarekin pozik, baina inplikazio eske

M.A.

2014an itxi zuten Urtetako zabortegia (Zarautz), iaz Sasietakoa (Beasain), eta aurten itxiko dute Lapatx. Gipuzkoan geratzen den zabortegi bakarra da Azpeitikoa, eta azaroaren 30ean utziko dio zaborra jasotzeari. Joan den astean iragarri zuten Urola Erdiko Mankomunitateak eta Azpeitiko Udalak. Erabakia “pozgarria” izan arren, aurretik lan ugari dutela uste dute Azpeitiko Elkar-ekin taldeak eta Lapatx eta Elosiaga auzoetako bizilagunek: “Herritik bertatik hasita, badugu zereginik”. Izan ere, uste dute herrian jartzekoak diren bilketa sistema berria ez dela nahikoa izango birziklatze tasak igotzeko: “Beharrezkoa izango da herritarren inplikazioa eta parte hartzea prozesu horretan guztian”. Bizilagunek manifestazioa egin zuten larunbatean, Lapatx itxi. Erraustegirik ez. Birziklatu eta berrerabili izenarekin. GuraSOSek biharko egindako deialdiarekin bat egin dute.

Azpeitian, errefusarentzat eta organikoarentzat txipa duten edukiontziak jarriko dituzte datozen hilabeteetan; hala onartu zuten uztailean, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin. Bi alderdiek albiste pozgarritzat jo dute Lapatxen itxiera, eta ezinbestekotzat dute hondakin gutxiago sortzea eta sortzen dena birziklatzea. Tasa %40tik %70-80ra igo nahi dute.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuaren arabera, Lapatxen itxierarekin “inoiz baino gehiago geratu da agerian beharrezkoa dela gipuzkoarrok sortzen ditugun hondakinak tratatzeko azpiegitura egokiak izatea”. Gaur egun, errefusaren zati bat Espainiako Meruelo herriko zabortegira eramaten ari dira, eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak beste bi tokitara eraman asmo du zaborra: Mutiloako zabortegia egokituko dute hiri hondakinak har ditzan, eta Tuterara (Nafarroa) bidaltzen ere hastekoak dira.

Hainbat herritan ere aldaketak izan dira azken egunetan hondakinen kudeaketan. Astigarragan, udalak eta San Marko mankomunitateak hitzarmena sinatu zuten herenegun. Horren arabera, atez atekoa kenduko dute, eta apurka edukiontziak jarriz joango dira: hamabost eguneko epean izango dituzte papera eta ontziak biltzeko edukiontziak, Gabonen aurretik organikoarenak, eta 2017an errefusarenak. Organikorako eta errefusarako edukiontziak txartelarekin irekiko dira.

Deban eta Mutrikun, aste honetan hasi dira edukiontziak jartzen. Materia organikoaren edukiontziaz gain, birziklatu ezin diren hondakinetarako edukiontzi grisa ezarriko dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.