“Drive Brands ideia gisa sortu zen, eta proba fasean dago”

“Drive Brands ideia gisa sortu zen, eta proba fasean dago”

Eider Bereziartua

Badira pertsona batzuk mugarik ezagutu ez eta mundua aldatu nahi dutenak. Gazte izanagatik ere, ez dute beldurrik beren ideiak plazaratu eta haiei eusteko. Horrela, besteen esanetatik urrunduz, beren bide propioa sortzen dute. Horietakoa da, hain zuzen ere, Ioritz Hidalgo ekintzailea (Azpeitia, 1996).

Joan den urrian, Europako gazte ekintzaileentzako Eu-xcel programan, bigarren postua eskuratu zuen azpeitiarrak, beste lau gazterekin batera sortutako Drive Brands enpresa ideiarekin. Orain Geelen dago, Belgikan, Madrilgo Antolaketa Industrialeko eskolak antolatutako European Working Programmeko 50 proiektu onenen artean aukeratua izan ostean.

Geelen zaude. Zertan zabiltza hor?

Eu-xcel programan amaitu genuenean, beste batzuen bila hasi nintzen, eta European Working Programme aurkitu nuen. Deialdi horren helburua zen Espainiako ekintzaileei nazioartera joan eta beren proiektuak garatzeko aukera ematea. Nik gure datuak-eta eman nituen, eta aukeratu egin ninduten.

Belgikara joatea egokitu zitzaidan, eta hemen nago, Innotec izeneko zentroan lanean. Bulegotxo bat jarri didate, eta egunero joaten naiz. Han nire lanak egiten jarraitzen dut. Horrez gain, ordubeteko edo bi orduko formakuntza jasotzen dut. Igandean amaituko dut egonaldia; hilabete igaro dut Geelen.

Belgikatik itzulitakoan programak aurrera jarraituko du?

Bai, bai. Joan aurretik hilabete inguru ibili nintzen birtualki eskolak jasotzen, eta Belgikatik itzulitakoan berriro ekingo diet. Beste hilabetez edo bi hilabetez izango ditut ikasketa birtualak. Amaitutakoan azken lan bat entregatu beharko dut. Horren arabera gaindituko dut edo ez kurtsoa. Programa hau formakuntza moduko zerbait da.

Zertan datza Drive Brands proiektua?

Gaur egun, enpresek Interneten jartzen duten publizitatea blokeatzeko aukera dute erabiltzaileek, eta bide horretatik enpresak ez dira iristen interesatzen zaien pertsona guztiengana. Horri irtenbidea emateko, guk pentsatu genuen ideia ona izango litzatekeela egunero autoan ibiltzen diren pertsonen ibilgailuetan enpresek nahi duten publizitatea jartzea. Horrela, konpainiek aukera izango zuketen publizitatea nahi duten lekuetan jartzeko, eta norbanakoek dirua irabaziko zuketen autoan ibiltzeagatik.

Gure ideiaren arabera, alde batetik, auto-gidariek gure webgunean izena eman beharko dute, eta datu batzuk bete beharko dituzte. Bestetik, enpresek esango digute nondik nora joaten diren auto-gidariak interesatzen zaizkien. Orduan, gure datu basean dauzkagun gidarietatik bide hori nork egiten duen begiratuko dugu, eta haiekin harremanetan jarriko gara. Haiei kanpainaren berri emango diegu, eta, prest badaude, eranskailu edo iman modukoak bidaliko dizkiegu, haiek autoetan jar ditzaten. Ondoren, bidea egiten duten bakoitzean aplikazioak jarraitu egingo die ikusteko benetan egiten duten esandako ibilbidea. Aldi berean, gidariak momenturo izango du aukera zenbat diru irabazten ari den jakiteko.

Eu-xcel programan aurkeztu zinetenean, Drive Brands enpresa ideia bat zen. Gauzatuko duzue?

Hasieran programa horretarako ideia moduan sortu zen. Amaitzean, ordea, startup horrekin jarraitzea erabaki genuen. Gainera, bigarren saria irabazi genuenez, inbertitzaile batzuekin hitz egiteko aukera izan genuen. Urtarrilean bertsio batekin hasiko gara. Momentu honetan proba fasean gaude; benetan aplikazioak funtzionatzen duen ikusiko dugu.

Esperientzia ona izaten ari da?

Bai, oso. Eu-xcelen nire taldekideak Israeleko bat, Irlandako bat, Frantziako bat eta Poloniako bat izan dira. Haiekin bizi izan naiz hilabete, eta asko ikasi dut; bai haietaz eta baita haien kulturaz ere. Belgikako esperientzia pixka bat desberdina izaten ari da. Hemen bakarrik nago, eta programako gainerako kideak zaharragoak dira; hogei bat urte ateratzen dizkidate. Hala ere, pixkanaka ari naiz ohitzen.

Ba al daukazu bestelako proiekturik martxan?

Pasa den udan, marketin agentzia bat sortzen ari zen herritar batek lagun bati eta niri eskaintza bat egin zigun. Onartu egin genuen, eta, ondorioz, momentu honetan bi gauza horiekin nabil; batetik, marketin digitaleko enpresa horretan, eta, bestetik, Drive Brands proiektuarekin.

Aurrera begira zer asmo dituzu?

Helburu nagusia agentziarekin jarraitzea da. Oso gustura nago, ederra da. Gure bezeroak sektore desberdinetakoak dira, eta egunero gauza berriak ikasten ditut. Lanera baino gehiago ondo pasatzera joaten naiz. Gero, Drive Brands proiektua aurrera ateratzea ere nahi dut, ahal bada behintzat. Inbertsoreekin bilera batzuk egin ditugu azken egunetan. Ea nola irteten den.

Esan ohi da Ameriketako Estatu Batuetan elkartzen direla ekintzaile gehienak. Zu erakartzen al zaituzte?

Egia da Silicon Valleyn, Kalifornian, eta horrelako lekuetan ekintzaile mordoa daudela. Inkestek diotenez, Europan jendeak nahiago du norbaitentzat lan egin; eta, Estatu Batuetan, aldiz, nahiago dute beren lan propioa izan. Han ekintzailetasunaren mundua askoz zabalagoa da, baina, Europan ere ari da apurka handitzen. Valentzian [Herrialde Katalanak], esate baterako, asko zabaldu da mugimendu hori. Halere, asko gustatuko litzaidake Silicon Valley edo inguru horretan proiekturen bat izatea, oso ona izango litzateke. Ekintzaile guztientzat ametsa da hara joatea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.