Euriarekin ez dira txikiagotzen

Euriarekin ez dira txikiagotzen

Eider Goenaga Lizaso

Plisti-plasta, plisti-plaust, mela-mela eta blai-blai. Halaxe dio Imanol Urbietak aspaldi egindako abestiak. Bota berri ta guzti irten naiz etxetik, gauez egin du-eta euria gogotik. Putzutan ez sartzeko nire amak esan dit. Berak esandakoa egin behar beti. Aste honetan euri konturik izan ez den arren, negua ate-joka dago, eta iritsiko dira eguraldi makurragoak. Hotza, eta euria goitik behera. Asteburua. Umeak etxean. Zer egin haiekin? Nora joan? Etxean gelditu?

Halakoak izaten dira guraso askoren buruhausteak egun euritsuetan. “Eta gure herri honetan egun euritsuak asko dira”, nabarmendu du Itsaso Olaizola (Donostia, 1973) Kutxa Ekoguneko formazio arduradunak; “ezin ditugu umeak beti etxean eduki euria egiten duelako”.

Haurrek natura ezagutu, naturan ibili eta naturaz gozatzen jakin behar dutela esaten den arren, Olaizolak uste du umeei ez zaiela naturara euripean hurbiltzeko aukera ematen. Eta euria ere naturaren parte da. Zaparrada, zipristin, harri koskor eta buztin. Plisti-plasta, plisti-plaust, mela- mela eta blai-blai, jarraitzen du abestiak. “Euskaraz hainbat izen ditugu euri mota ezberdinak izendatzeko; horrek adierazten du zenbateraino den gure naturaren parte”. Euria, zaparrada, ziri-miria, elur bustia, kazkabarra, txingorra, euri lanbroa, erauntsia, euri jasa, euri langarra… “Zergatik ez umeekin euriaz gozatu?”, galdetu du Olaizola.

30 minutu soilik kalean

Umeei ez zaie ezer gertatzen euritan jolasten ibiltzeagatik, ez dira txikiagotzen; alderantziz, euria egin arren, behar dute etxetik atera, behar dute ingurumenaz gozatu. Olaizolaren arabera, umeek kalean behar baino denbora gutxiago pasatzen dute, oro har, eta denbora hori murriztu egiten da egun euritsuetan. Bi detergente markak gaiari buruz egindako ikerketa baten datuak aipatu ditu Olaizolak. “Ikerketa horren arabera, 5-12 urte bitarteko umeek, batez beste, 30 minutu bakarrik egiten dituzte kalean”. AEBak, Brasil, Erresuma Batua, Turkia, Portugal, Hegoafrika, Vietnam, Txina, Indonesia eta Indiako 12.000 guraso elkarrizketatu zituzten datu hori ateratzeko, eta, ondoren, Free the Kids (Askatu umeak) kanpaina abiatu zuten, nabarmenduz umeek denbora gutxiago egiten zutela aire librean AEBetako kartzelatan zeuden presoek baino (bi ordu egunean).

Aitzitik, umeek telebista aurrean igarotzen duten denbora behar baino askoz ere handiagoa da. Eurodata TV Worldwide-k egindako neurketa baten arabera, Espainian, umeek bi ordu eta 38 minutu egiten dituzte egunean pantaila aurrean; eta, Frantzian, bi ordu eta 18 minutu. Euria egiten duen egunetan, ordu kopuru horrek nabarmen egiten du gora. Datu horiek kezkagarritzat jo ditu Olaizolak, eta iritzi dio gurasoek horri buelta emateko jarraibideak behar dituztela.

Hain zuzen ere, horregatik sortu zuen Kutxa Ekoguneak Egun euritsuetan familian egiteko 10 jarduera ikastaroa. “Gure helburua kultura jasangarria bultzatzea da, eta oso argi daukagun puntu bat da naturarekin zenbat eta harreman handiagoa izan hobeto hazten eta hezten garela, eta hobeto bizi garela. Bai umeak eta bai helduak”. Naturaz gozatzeko aukerak asko direla dio Olaizolak, eta umeekin maiz egiten direla naturarekin zerikusia duten planak. “Baina, aldi berean, sarri egiten du euria, eta ondorioz sarri aurkitzen gara espazio itxirik gabe eta umeekin zer egin ez dakigula”.

Olaizola bera da aipatu ikastaroa ematen duena. Ordu eta erdi irauten du eta gurasoei zuzendua dago. “Dena den, ikastaroan aipatzen ditugunak Ekoguneak mahai gainean jartzen dituen hamar jarduera dira, hamar ideia, hamar proposamen baino ez; gure helburua da, hortik abiatuta, guraso bakoitza gai izatea egun euritsuetan beste 20-30 plan edo jarduera egiteko, proposamen berriak egiteko. Pauta moduko batzuk dira, eta pauta horiek dira garrantzitsuena, plan zehatzen gainetik”.

Euria ari du. Kalera!

Hamar jardueren artean lehena eta garrantzitsuena zein den oso argi dauka Olaizolak. “Euria ari du. Goazen kalera! Askotan ikastarora datorren jendeari arraroa egiten zaio, baina gure lehen proposamena horixe da, euria egiten duenean bustitzera irtetea. Jendeak pentsatzen du leku itxietan egiteko proposamenak egingo dizkiogula, baina ez, gure lehen proposamena da kalera irten eta euriaz gozatzea”.

Oinetako eta arropa egokiak jantzi, aldatzeko arropa behar bada eraman, eta naturaz euripean gozatzea umeentzako esperientzia ahaztezina izaten dela nabarmendu du Olaizolak. “Eta, zergatik ez, putzutan salto egin behar bada, izan dadila aita edo ama lehen salto hori egingo duena. Umeak harrituta geldituko dira, eta ez dute erraz ahaztuko”.

Debekatutako jarduera batek duen xarma eta erakargarritasuna du euritan kalera atera eta putzutan edo lokatzetan ibiltzeak, beldurrik gabe zikintzeak, egunerokotasuna hausteak. “Eta umeek ez ezik, gurasoek ere izugarri gozatzen dute”. Eta kalera bezala, hondartzara, mendira, basora… joan daiteke egun euritsuetan, halakoetan naturak eskaintzen duen irudia eguraldi onarekin eskaintzen duenaren oso bestelakoa baita, eta umeentzat gehienetan ezezaguna. “Hondartzan itsasoak ekarritako egur zatiak eta plastiko zatiak bildu daitezke, gero eskulan bat egiteko aitzakian; hondar bustiarekin jolastu… Mendian, adibidez, euriarekin irteten diren animaliak zeintzuk diren ikusi, barraskiloak kontatu…”.

Etxeko epelean

Eta behin kalean busti eta zikindu ondoren, etxeko epelera bueltatzea beste begi batzuekin ikusten dela azpimarratu du Olaizolak. Etxean, arropa bustiak kendu ondoren, hamaika jarduera daude egiteko. Eta horietako bat, oso ohikoa, umeekin sukaldean aritzea. “Baina, ez ditzagun armairutik eta hozkailutik produktuak besterik gabe atera eta bizkotxo bat egin. Eman diezaiogun horri ere buelta bat; guk hor, beti bezala, gure eko-begirada sartzen dugu. Arrautzak nondik datozen, arrautzek dituzten zenbakiek zer esan nahi duten, irina nola egiten den, nongoa den… Plan on bat, bizkotxorako lehengaien erosketan umeak inplikatzea da. Adibidez, arrautzak behar baditugu, zergatik ez joan goizean baserri batera, eta handik bertatik erosi? Produktu ekologikoak balioan jartzeko beste modu bat da”.

Olaizolak, ikastaroan, etxe barruan egiteko hainbat jarduera proposatzen ditu: eskulanak egitea; umeekin mozorroak egin eta gero mozorrotzea; hasiera bat eman eta denen artean bukaera irekia duen istorio bat kontatzea; ipuin bat antzerkia, mimika edo marrazkiak erabiliz kontatzea. “Eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko dinamikak ere oso garrantzitsuak iruditzen zaizkigu. Umeei egoera bat proposatu eta haiek pentsatzea hori nola konponduko luketen. Adibidez, udaletxeko arduradunak eta herriko gurasoak zarete, eta parke berri bat egin behar da herrian; nola diseinatuko zenukete, zer materialekin, zein adineko umeentzat izango litzateke, nola bermatu segurtasun neurriak… Informazioa bilatu, haien artean eztabaidatu, adostasunera iritsi eta erabakiak hartu behar dituzte, parkearen proiektu bat aurkezteko”.

Teknologia berriak

Teknologia berriek harrapatuta bizi dira ume eta gazte asko. Orduak eman ditzakete pantaila handi edo txikiagoen aurrean, zirkinik egin gabe, batere kexatu gabe. Baina, teknologia berri horiei beste erabilera bat ematea ere proposatzen du Olaizolak. “Egun euritsuak oso aproposak dira eguraldi ona datorrenerako planak egiteko. Baina, ez ditzagun planak besterik gabe egin eta umeei aurkeztu; parte har dezatela prestakuntzan beraiek ere”. Irteera bat edo txango bat antolatu eta umeak informazio bila murgildu daitezke sarean. “Nondik abiatzen garen; gure inguruko zein naturgune ezagutzen ditugun, nora joan nahiko genukeen; joan nahi dugun toki horretara autoz, autobusez edo trenez joan nahi dugun; autobusa non hartzen den eta zein ordutegi duen; nolako arropa eraman beharko genukeen; hamaiketakoa edo bazkaria eraman behar den; bidean iturririk badagoen… Internetek aukera asko ematen du, familian plan bat egiteko”.

Alderantziz ere egin daitekeen jarduera dela azaldu du, bestalde, Olaizolak. “Familian egindako txango batean ume bati eman dakioke naturan topatutako elementuak biltzeko ardura, besteari argazkiak ateratzekoa, beste bati ikusten ditugun animalien zerrenda egitekoa; eta hurrengo egun euritsu batean, bildutako guztiarekin eskulanak egin daitezke, edo argazki album bat, ikusitako gauza guztiekin; edo, ume handiagoekin, bideo bat ere egin daiteke eta musika sartu”.

Umeak inplikatzeak, eragile aktibo sentiarazteak eta erabakietan parte hartzeko aukera uzteak duen garrantzia nabarmentzen dute Ekoguneko ikastaroan. “Askotan dena egina ematen diegu, autoan sartu eta eramaten ditugu guk nahi dugun tokira; baina, beraiei egiten utziz gero, handitu egiten dira umeen interesa eta jakin-mina”.

“Jolas librearen filosofia” da Olaizolak egiten dituen proposamen askoren atzean dagoena. “Umeei egiten uztea, egoera bat probokatzea, egoera batean jartzea, eta gehiegi bideratu gabe, jarduera horrek bere bidea har dezan uztea, umeek nahi duten tokira irits dadin. Bigarren plano batean jarrita, gurasoek asko ikas dezakete umeei buruz”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.