Erosteko beste era bat

Erosteko beste era bat

Aitziber Arzallus

Kaleak argiz josita, dendetako erakusleihoak sekula baino apainago, postontzian ia egunero katalogo berriren bat, eta telebistako iragarki tarteetan jostailuak eta kolonia garestiak nagusi. Hemen dira Gabonak, ez dago dudarik. Eta kontsumitzera deitzen dute seinale guzti-guztiek. Aurtengo Gabonetako kontsumo joerak aurreikusteko Deloitte etxeak egin duen azterketaren arabera, Espainiako Estatuan familia bakoitzak batez beste 682 euro gastatuko ditu; ia erdia, opariak erosten. Kontsumitzaileen elkarteek modu arduratsuan jokatzeko eta behar ez denik ez erosteko aholkatu arren, ez da erraza erauntsiari aurre egitea. Baina badira lortzen dutenak, eta kontsumoa beste era batera antolatzen dutenak. Aukerak badaudelako.

Gaur hasi eta bihar gauera arte Azpeitiko Sanjuandegi auzoan gauzatuko duten Azoka Herritik ekimena da aukera horietako bat. Gaur arratsaldean hasiko da, haur eta gaztetxoentzako ekitaldiekin eta musika emanaldiekin. Baina egun handia biharkoa izango da, 10:00etan hasita azoka egingo baitute auzoko plazan. Bigarren eskuko materiala erosteko guneak eta artisauen, baserritarren, auzoko denden eta herriko kooperazio taldeen postuek osatuko dute merkatu hori, besteak beste, eta jan-edanik ere ez da faltako Sanjuandegin.

Azoka Herritik-en zortzigarren aldia izango da oraingoa, Gabon garaian egiten duten laugarrena. “Neurrigabeko kontsumoari irtenbidea emate aldera sortu zen azoka, eta Gabonetako erosketak modu jasangarrian egiteko eta tokiko produktuei bultzada emateko aukera bikaina da”, Aitor Beloki Xj Xanjuandei Auzolanean auzo elkarteko kidearen esanetan. “Egia da oraindik ere bigarren eskuko materiala erostera datozen gehienak berri bat erosi ezin dutenak direla, baina ikusten ari gara pixkanaka jendearen pentsaera aldatuz doala”. Gainera, nabarmendu du gauza zaharrak ez ezik, gailu bitxiak ere topa daitezkeela. Bigarren eskuko dendan salduko duten materiala herritarrek Elkar-ekin taldeari donazio gisa emandakoa edota saldutakoa da. Azokara begira, aste guztian bilketa berezia egin du herriko hainbat tokitan, baina aipatzekoa da urte guztian Soreasuko Elkargunean eta Gazte Informazioa Bulegoan jasotzen duela herritarrek soberan dutena, gero saltzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.