“Umearen erantzunaz harritu egin gara, eta gure egokitzapenaz”

“Umearen erantzunaz harritu egin gara, eta gure egokitzapenaz”

Iñigo Terradillos

Babesa falta duten haurrak etxean hartzeko prest dauden familiak behar dira Gipuzkoan. 360 haur eta nerabe bizi dira egun harrera familietan, foru aldundiaren tutoretzapean, eta 60 inguru daude une honetan familia baten esperoan. Benetako besarkadak lelopean, harrera familia izateko pausoa emateko prest daudenak erakartzeko kanpaina bultzatzen ari dira. Josu Curielen familiak duela hiru urte eta erdi eman zuen pausoa. Lau hilabeteko haurra hartu zuten etxean, eta egun familiako beste kide bat da.

Nolatan erabaki zenuten harreran haur bat hartzea?

Aspalditik buruan genuen kontu bat zen. Ni irakaslea naiz, eta behin baino gehiagotan egokitu zait horrelako umeak nire ikasle izatea. Haien gurasoekin harremana nuen, eta iruditzen zitzaidan egiten zutena elkartasun aldetik egin daitekeen gauzarik handienetakoa dela. Batetik, umeak direlako, eta, bestetik, ume horien egoerak gogorrak direlako. Lagunak ere baditugu harrera etxeetan lan egiten dutenak, lan zoragarria egiten, eta pauso hori ematera animatzen gintuzten. Hirugarren arrazoia ere gehitu zitzaion horri guztiari azken erabakia hartzeko. Aitona nahiko txiroa zen baserri batekoa zen. Hamar anai-arreba ziren, eta seme-alabarik ez zuten beste baserri batera joan zen. Finean, nik hori irudikatu nuen gaur egungo harrera familien formularen modura: familiak arrazoi desberdinengatik ezin izan du haurraren kargu egin, eta beste familia bat bilatu behar izan da.

Duela hiru urte, pauso hori emateko unea zela ikusi zenuten.

Bai. Gure semea bagenuen ordurako, seme biologikoa. Egonkortasuna genuen, eta pausoa emateko unea zen. Foru aldundiak zabalduta kanpaina bat zegoen martxan, eta informazio hitzaldietara joan ginen. Prozesuan sartu ginen, erabat animatuta.

Nolakoa da harrera familia izateko prozesua?

Foru aldundiarekin harremanetan jarri ginen, eta bilera batera deitu gintuzten. Harrera zer den, harreraren eta adopzioaren arteko desberdintasuna, familia biologikoa eta erakundea daudela tartean… Horien inguruko azalpenak eman zizkiguten, eta, bete beharreko dokumentazioa aurkeztuta, egokitasun balorazioa egiten dizute, zure etxea, familia eta abar ezagutzeko. Horren amaieran esaten dizute gai zaren edo ez. Prozesu horretan zuk ere lehentasunak jarri behar dituzu, haurraren adinaren inguruan, esaterako. Taldetxo batean sartzen zaituzte, eta, zuk markatutako profilak eta haur batenak bat egiten dutenean eta egoki ikusten badute, zurekin harremanetan jartzen dira.

Horrela egokitu zitzaizuen lau hilabeteko haurra.

Guk 4 urteko semea izanik, ikusi genuen jaioberriak ere hartzeko prest geundela, eta haiek ere ikusi zuten ez zela gomendagarria gure semea baino helduagoa zen haur bat hartzea, eta, ondorioz, lau hilabete zituen ume bat proposatu ziguten. Inolako zalantzarik gabe, baiezkoa eman genuen.

Hasiera nolakoa izan zen?

Egokitzapen prozesu bat dago. Hasieran, ordu batzuk ematen ditu familian, pixkana ohitzen joateko. Baina, hain txikia izanik, errazagoa da. Esaterako, 5-6 urteko haur batekin beste egokitzapen bat behar da. Ikusi behar da haur horrek zer bizi izan duen, aurretik harrera familia batean egon den, arazo edo zailtasun bereziak ote dituen bizi izan duenarengatik… Umeak ez du familia ezagutzen, eta konfiantza hartuz joan beharko du.

Haurraren inguruko zer informazio jasotzen du harrera familiak?

Baiezkoa eman ostean, bere informazio guztia jasotzen dugu, hau da, zein den bere familia biologikoaren egoera, zergatik dagoen egoera horretan, harrerarena behin-behinekoa edo behin betikoa ote den. Gainera, erlazio oso estua daukagu familiekin harremana duen Lauka psikologia zentroarekin. Haiek ere jarraipena egiten digute. Hasieran, ia astero etortzen dira; gero, hamabostean behin eta hilero.

Edozein zailtasun izanik ere, beraz, harrera familiak babestuta sentitzen dira.

Bai, izugarri. Gure kasuan, ez dugu inolako zailtasunik izan umearekin, baina, beste kasuetan, zailtasunak atzematen badira, laguntzeko eta aholkuak emateko hor dituzu. Ez duzu inoiz zeure burua bakarrik ikusten.

Harreran duzuen umeak nola ikusten zaituzte?

Berarentzat, gu bere aita eta ama gara. Kontuan hartu behar da lau hilabete zituenetik dagoela gurekin. Hori bai, bere familia biologikoa ere hor dago, eta guk etengabe aipatzen diogu hori. Egoera normal-normal bizitzea nahi dugu, bi aita eta bi ama dauzkala, eta izenen bitartez bereizten dugu. Gaur egun, gainera, familia eredu askotarikoak nahiko onartuta daude, eta, aniztasun horretan, gurea beste eredu bat da. Aurreko batean esan zidan berak bi ama dituela bere lagun baten moduan. Lagun horren gurasoak bi emakume homosexual dira, eta eredu hori berearekin identifikatu zuen. Polita izan zen.

Gaur egun, bi haur biologiko dituzue. Nolako harremana dute haurrek euren artean?

Gure etxean ez da inolako bereizketarik egiten. Helduenak 7 urte ditu, eta txikienak urtebete egingo du. Anai-arreben arteko harreman logikoa dute, maitasun eta liskar guztiekin. Oso harreman sanoa.

Seme-alabak izanda errazagoa al da harrera familia izatea?

Denetarik ikusten da. Guk seme-alabak izanik guztia beste modu batera planteatu dugu. Omar ez da soilik gure bikotean txertatu, baizik eta familia osoan.

Familia biologikoarekin zer harreman dute haurrek?

Kasuan kasuko egoera desberdina da. Printzipioz, bisitak aurreikusita egoten dira. Gure semeak, esaterako, baditu bisitak bere familia biologikoarekin, eta erregulartasunez egiten ditu. Gustura joaten da, eta gustura bueltatzen da.

Familia harrerek izaten dute familia biologikoarekin harremana?

Normalean ez da izaten, ez delako beharrezko ikusten. Gure kasuan, izan genuen une batean, betiere, aldundiaren baimenarekin. Urtebetetze batekin lotua izan zen. Oso egokia izan zen. Baina normalean ez da izaten.

Zentro batean egon edo harrera familia batean egon, aldea nabaria izango da haurrarentzat.

Bertako profesionalei meriturik kendu gabe, familiaren goxotasuna dago batetik. Bestetik, umeek erreferentziazko pertsonak behar dituzte, eta hori zentroek ezin diete eman.

Une honetan hainbat ume badira familia baten esperoan. Zuen esperientziatik zer nabarmenduko zenioke familia bati harrera familia izatera animatzeko?

Azpimarratuko nuke guraso rol zabaldua zer den ikasi dudala. Hau guztia nola kudeatuko genuen beldur ginen: haurrak nola hartuko gintuen, beste familia bat tartean egonda… Eta, umearen erantzunaz harritu egin gara, eta gure egokitzapenaz. Ez nuke esango erraza denik, badakidalako batez ere hasierak ez direla xamurrak izaten. Oso polita da ikustea familiak egiten duen ekarpenak zer eragin positibo duen umearengan, eta umeak ere izugarri ematen dizu. Gure familian beste oreka bat, beste zerbait eman digu. Bestetik, nabarmenduko nuke edozein arazo izanik ez zarela inoiz bakarrik sentitzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.