[Urtekaria] 3.193 mokaduko menua

[Urtekaria] 3.193 mokaduko menua

Eider Goenaga Lizaso

Ez zen uste bezain distiratsu hasi Europako Kultur Hiriburutza, Donostian. Urtarrilaren 23ko inaugurazio ekitaldiak eta Hansel Cerezak sortutako Elkarbizitzaren Zubia ikuskizunak hotz utzi zituen ikusleetako asko, eta kritika zaparrada jaso zuen. Duela bost urte Donostia kultur hiriburu izango zela erabaki zutenetik, etorriko zenaren zain zeuden herritarrak, eta hasierako mokadua ez zen izan behar bezala irensteko modukoa. Baina, ordutik, ia urtebete pasatu da, eta, bazkalosteko balorazio moduan, aste honetan bertan egin dute balantzea Donostia 2016ko arduradunek. “Hiriburutza proiektua gauzatu, eta enkargua bete dugula sentitzen dugu”, adierazi du prentsaren aurrean Pablo Berastegi zuzendari nagusiak.

Kopuruak izan dira D2016ko balorazioan protagonista. Izan ere, kultur hiriburutzak zerbait utzi badu, programatutako jarduera kopurua utzi du. 3.193 jarduera egin dira guztira; eguneko, zortzi. Kopuru hori osatzeko, D2016k zuzenean programatutako 2.436 jarduerei, Energia Olatuak programaren barruko ekitaldiak (140) eta Elkarrizketak atalean beste kultur erakundeekin elkarlanean egindakoak (617) gehitu behar zaizkie. Hilabeteka aztertuz gero, maiatza-ekaina (765) eta iraila-urria (615) izan dira jarduera gehieneko hilabeteak.

Aurrekontuei buruzkoak dira agerraldian nabarmendutako beste kopuruak. Izan ere, jarduera horiek guztiak hasieran aurreikusitako aurrekontuaren erdiarekin egin dituzte. Kultur hiriburutzaren hasierako proiektuak 89 milioi euroko aurrekontua zuen, eta 46,8 milioi gastatu dituzte azkenean: iragarritakoaren %53.

Xabier Paya D2016ko kultur programaren arduradunak azaldutakoaren arabera, kultur hiriburutzak ihes egin die “ekitaldi handiei”, eta nahiago izan ditu formatu txikiagoko jarduerak, “tailer modukoak”. Eskaintza osoaren %21,5 osatu dute tailerrek. Formatu handiagoko jarduerak ere eskaini ditu, halere, D2016k: Inaugurazio ekitaldia, Time Machine Soup ikuskizuna, Bake Ituna erakusketa, Shakespeareren Uda gau bateko ametsa antzezlana Kristinaenean…

Payak, ildo horretan, herritarren parte hartzeak izan duen garrantzia nabarmendu du, eta haien inplikazioa “programaren urrats guztietan” bilatu dutela; “ez pertsonentzat, baizik eta pertsonekin lan eginez”.

Lorpenen artean “nazioartekotzea” eta “berrikuntza” aipatu zituen arren, Payak elkarbizitzaren ildoari egin zion azpimarra. Kopuruekin berriro ere, programa arduradunak azaldu zuen 150.000 euro zeudela aurreikusita horretarako, eta 691.000 eurotik gora erabili dira, aurrekontu osoaren %6,03.

Protokoloa

Hizkuntzaren alorrean, bestalde, elkarbizitzari egindako “ekarpen esanguratsua” azpimarratu zuen Payak agerraldian, eta ekarpenik izan bada joan den larunbatean aurkeztutako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa da, D2016ren legatu nagusienetakoa. Hizkuntza Aniztasunaren Foroaren azkenburukoa izan zen protokoloaren aurkezpena. Bi urteko lanaren ostean aurkeztu zuten 185 puntuko adierazpena, D2016 eta Kontseiluaren eskutik. Lanketan, hizkuntza gutxituen alde diharduten eragileek izan dute protagonismoa, eta aurkezpena euskalgintzako eragileen presentzia handiarekin egin zuten.

Besteak beste, hizkuntza gutxituei ofizialtasuna eta lehentasuna ematea, eta hizkuntza bateko zein besteko hiztunek eskubide berberak izatea jasotzen du protokoloak. Payak hiru kontzeptu azpimarratu zituen larunbateko ekitaldian. Bizikidetza eleaniztuna, biek behar dutelako elkar; elkartasun linguistikoa, gainerako hizkuntzen alde egitea; eta konpromisoa, bi aldetatik hori ere. “Europako elkarbizitza eleaniztasunerako bidean, mugarria da protokoloa”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.