[Urtekaria] Neguan hasi, neguan segitu

[Urtekaria] Neguan hasi, neguan segitu

Maite Alustiza

Diputazioak aktibatu du Neguko Bidezaintza Plana. Gipuzkoako errepide sarea “erabilera baldintza egokietan” manten dadin, 80 kamioi, 12 ibilgailu arin eta 8.100 tona gatz izango ditu erabilgarri apirilera bitarte. ELAk, ordea, “prekarioa eta arriskutsua” ikusten du plana; besteak beste, salatu du iazko neguko plana betetzeko 322 langile aurreikusi zirela, eta aurten 180. Gainera, “entzungor” egitea leporatu dio aldundiari, langileek errepideetako mantentze lanen protokoloaren inguruan egindako salaketen aurrean. Neguko plana izan da azkena, baina errepideetako mantentze lanez arduratzen diren langileek ia hamar hilabete daramatzate hobekuntza eske: greba mugagabean daude martxoaren 1etik. Hala, Gipuzkoako grebarik luzeena bilakatu da.

Negu bukaera zen orduan, eta negu hasierak berdin harrapatu ditu: soluziorik gabe. Lan baldintza hobeak lortzeko asmoz abiatu zuten greba, ELAk deituta. Aldi baterako lau enpresa elkarte arduratzen dira errepideen mantentzeaz, eta hirutan ari dira greban: UTE Goierrialdean, UTE Miramonen eta UTE Urola Deban. 95 langileri eragiten die egoerak: sei urtez soldatak izoztuta dauzkate, eta, salatu dutenez, hamabi ordutik gorako lanaldiak dituzte. ELAren arabera, “lan egiteko gehiegizko erritmoak, lantalde urria, prekaritatea eta soldaten izozketa jasan dituzte”. Ordainpekoak ez diren errepideen %80ren mantentze lanez arduratzen dira langileok, nagusiki N-1, GI-632, N-634 eta A-15 bideez.

Gipuzkoako eraikuntza sektoreko hitzarmena daukate errepideen mantentze lanez arduratzen diren langileek, baina, horren ordez, itun berri bat eskatzen dute, euren laneko baldintzei hobeto egokituko zaiena. Langileen ordezkarien arabera, eraikuntzako itunak ez ditu kontuan hartzen haien jarduerari lotutako hainbat kontu; igandeko eta gaueko plusak, esate baterako.

Langileek Gipuzkoako Foru Aldundia egiten dute lan gatazkaren arduradun nagusia, hark adjudikazioen truke eskaintzen dituen prezio gero eta txikiagoek baldintzatzen dituztelako beren lan baldintzak. Duela ia 300 egun greba hasi zutenetik protesta ugari egin dituzte diputazioaren egoitzaren aurrean, Donostian; aldundiak, ordea, hasieran esandakoari eusten dio: enpresen eta langileen artean negoziatu eta konpondu behar dute gatazka. Behin bakarrik bildu dira langileak eta diputazioa, maiatzaren 26an, eta, gero egin duten bezala, gatazkan esku hartzeko deia egin zieten beharginek Bide Azpiegituretako ordezkariei. Irailean, Eusko Jaurlaritzak bilera batera deitu zituen alde guztiak, baina, ELAk jakinarazi zuenez, diputazioko ordezkaririk ez zen bertaratu.

Aldundiaren bidean aurrerapenik ez zegoela ikusita, enpresekin harremanetan jarri ziren langileen ordezkariak, eta irekita daude negoziazio mahaiak. Aurrerapen nabarmenik ez dago, ordea. ELA sindikatuaren arabera, enpresek argudiatzen dute ez dutela marjinarik diputazioak adjudikazioen truke eskaintzen dituen prezioak gero eta txikiagoak direlako, eta, adjudikazio bakoitzak aurrekoa daukanez oinarri, progresiboki debaluatzen doazelako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.