Dock Of The Bay: hamargarrenak hogei dakartza

Dock Of The Bay: hamargarrenak hogei dakartza

Maite Alustiza

Atzera begiratzean “gaztetuta” ikusten dute euren burua Dock Of The Bay jaialdiko antolatzaileek; “ilusio handiz eta erne”. Hamar urte egin ditu Donostiako Musika Dokumentalaren Zinemaldiak, eta, 2007az geroztik, zabalduz joan da: tarte horretan ekintza paraleloak sortu dituzte, emanaldietarako egun eta erakusleiho gehiago ditu, eta 10.000 ikus-entzule izatera iritsi da. Antolatzaileen arabera, jaialdia zinema dokumentalaren “erreferente” bihurtu da Europan, eta kultur ekitaldi garrantzitsu bat Donostian: musika dokumentalen zinemaren topagune bat. Bihar hasi eta astebetez, hogeitik gora dokumental emango dituzte. Trueba zinemetan eta Antzoki Zaharrean izango dira saio guztiak; 7 euro balio du bakoitzak.

SAIL OFIZIALA

Zortzi ikus-entzunezko lehiatuko dira sail ofizialean. Horien artean, bada Euskal Herrian ekoitzitako bat: Sound of roots. Antxon Notariok, Ainara Mentxakak, Ane Cerratok eta Javier Blancok Euskal Herriko skaren eta reggaearen historia bildu dute lan horretan, “80ko urteetatik eta Euskadi Tropikal kontzeptutik gaur arte”. Ostegunean ikusi ahal izango da, 19:30ean, Trueba zinemetan.

Lehiaketako gainontzeko egileek askotariko ertzei eutsi diete: Moz and I dokumentalak, adibidez, fan fenomenoa azaltzen du Luis Le Nuiten eta Morrisseyren arteko harremanaren bitartez; Waiting for B lanak ere fan talde bateko kideak ditu protagonista, Beyonce abeslariarenak, hain justu. Sad Vacation-ek Sid Vicious eta Nancy Spungen bikoteari egiten dio tartea; El charro de Touluquilla-k, berriz, Jaime Garcia Dominguez mariatxiari. Madrilgo movida ezagutu ahal izango da Geometría del Explendor dokumentalean, Georgiako hirigune biziak When The Earth Seems To Be Light lanean, eta bi gaztek Varsovian izandako gorabeherak All these Sleepless nights ikus-entzunezkoan.

Sail ofizialeko irabazleak urtarrilaren 14an jakinaraziko dituzte, Antzoki Zaharrean, 22:30ean. Lau sari egongo dira: sail ofizialeko film onenaren saria, Sade saria, Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta publikoarena.

PERFECT DAY

Lehiaketatik kanpo, nazioartean berriki egindako musika dokumentalak eskainiko dituzte Perfect Day sailean, zazpi guztira. Azken bi urteetan ekoitzitako lanak dira guztiak, eta bakoitzak pertsona edo bikote baten ibilbide edo pasarte bati egiten dio gainbegiratua: Everly Brothers, Rolling Stones, Danny Fields, Blur, Mick Rock, Fat Mike eta Thor taldea dira irudiotako protagonistak.

PAINT IT BLACK

Atzera begirako dokumental klasikoei tokia egin die jaialdiaren antolakuntzak, eta hiru ikus-entzunezko jaso ditu Paint it Black atalean —lehiatik kanpokoa da hori ere—. Hiru emanaldiak Antzoki Zaharrean izango dira.

Bihar eskainiko dute saileko lehena, 17:30ean: Don’t look back. Literaturako Nobel saria jaso berri duen Bob Dylan musikariak 1965eko udaberrian Erresuma Batuan eskaini zuen biraren nondik norakoak azaltzen ditu.

Igandean emango dute bigarrena, 18:15ean: Bird On A Wire. Lehen dokumentalak bezala, bigarrenak ere iaz hizpide izan zen musikari bat dauka ardatz: Leonard Cohen. Kantugilea azaroan hil zen, eta Tony Palmerrek “modu egiazkoan eta berdin gabean” aurkeztuko du lan horretan.

Hirugarren dokumentala jaialdiaren azken egunean ikusi ahal izango da, 17:00etan: The Kids are alright. The Who rock taldearen “barneko begirada berdingabea” eskainiko du Jeff Steinek.

IKUSLE BERRIAK

Gazteak zinemaren mundura erakarri eta musika dokumentalera hurbildu nahi dituzte Ikusle Berriak atalarekin. Aurten aukeratutako filma Searching for sugar man da (Malik Bendejelloul, Suedia-Erresuma Batua, 2011). Bere jaioterrian erabat ezezaguna den baina Hego Afrikan arrakasta handia duen kantautore baten bilaketa kontatzen du filmak. 2013ko Dock Of The Bay jaialdian sari nagusia irabazi zuen. Urtarrilaren 13an emango dute, Antzoki Zaharrean, 10:00etan.

EKINTZA PARALELOAK

Zinema saioetatik aparteko ekintzen artean, Egiazkoaren Narratibak mintegia antolatu dute hilaren 12rako, Koldo Mitxelena kulturunean. Arreta berezia jarriko dute zinema dokumental musikalaren narratiban: narratiba dokumentala, programazioa eta kritika; askotariko narratiben sormena; programatzeko ekintza… Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Fernando Golvano ariko da koordinazio lanetan. Parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea; doakoa da.

Mintegiaz gain, jaialdiak jarraipena emango dio bere argitalpen lerroari. Expediciones Polares argitaletxearekin eta Psycho Beat programarekin lankidetzan, Psycho Beat! liburuen bildumako bigarren zenbakia aurkeztuko du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.