Deiari erantzutea, norberaren sakelan

Deiari erantzutea, norberaren sakelan

Maite Alustiza

Europan dauden sakelakoen %40 inguru urtero berritzen dira. Gailu baten balio bizitza hamar bat urtekoa da —bateria kenduta—; batez beste, ordea, urte eta erdi eta bi urte eta erdi artean erabiltzen dira, Alboan GKE gobernuz kanpoko erakundeak azaldu duenez. Ekonomikoki dakarren kostuaz gain, gizartean eta ingurumenean ere eragina du horrek. Eta eskuko telefonoak arduraz erabiltzeak asko lagun dezakeela sinetsita dago Alboan erakundea: Kongon mineralak erauzteak duen eragina murrizten, adibidez. Ildo horretan, martxan dauka Gatazkarik Gabeko Teknologia kanpaina, eta, bihar, sakelakoak bilduko ditu Donostian, Bidebieta kiroldegian. Super Amara Bera Bera eta Rocasa Gran Canaria norgehiagokaren harira egingo dute bilketa —18:00etan da partida—. Jasotako gailuak birziklatu egingo dituzte, eta ateratako etekinekin Kongo ekialdeko gatazkak eragindako errefuxiatuei lagunduko diete. Zergatik Kongoko Errepublika Demokratikoa? “Minak gehienbat han daude: lur horietan dago koltan mineralaren mundu osoko erreserben %80”. Aloña Braceras Alboan GKEko ordezkariak azaldu duenez, meategi horiek ustiatzeak giza eskubideak urratzea dakar, baita inguru hartan dauden gatazkak finantzatzea ere.

Hogei urte baino gehiago daramatzate gatazkan: “Koltana eta horrelako mineralak dauden meategiak talde armatu ezberdinek kontrolatzen dituzte, beraiek kudeatzen dituzte, eta hortik ateratzen duten dirua armak erosteko erabiltzen dute; azken finean, gatazka denboran luzatzeko”. Bracerasen arabera, horrek zaildu egiten du gatazkari irtenbide bat ematea: “Diru iturria etengabea da”. Koltanaz gain, beste hiru mineral ere badira: urrea, wolframa eta eztainua. Gatazka iturri diren mineralak deitzen zaie. Edo odolezko mineralak.

Kongoko Errepublika Demokratikoko gatazkak askotariko indarkeriekin dauka lotura. Bi datu: 1998tik bost milioi hildako izan dira, eta 2013an milioi bat desplazatu. Egoera bereziki gogorra da emakumeentzat: 100.000 emakume bortxatzen dituzte urtean. “Emakume jaiotzeko herrialderik okerrena dela esaten da. Salatzen dena da biolentzia sexualaren erabilera gerrako arma gisa”. Bracerasen hitzetan, Balkanetako gerran tipifikatu zen hori lehen aldiz, eta hortik aurrera gerra gehienetan erabili da: “Kongon bereziki oso deigarria da emakumearekiko erasoa. Biolentzia sexuala ez da bakarrik ekintza sexual bezala, atzetik daramana konplexuagoa da: nola suntsitzen duzun komunitate bat, komunitate baten oreka emakumearen erasotik…”.

Alboan-ek Kongoko bi erakunderekin lan egiten du: JRS Great Lakes eta Synergies de Femmes. Lehenengoa errefuxiatuentzako zerbitzua da, eta, besteak beste, laguntza psikosoziala ematen die indarkeriaren biktima diren nerabe eta emakumeei —prestakuntza ere eskaintzen die—. Synergies de Femmes elkarteak emakumeekin lan egiten du, sexu indarkeriaren biktima izan direnekin. Harrera etxeak eraikitzen laguntzen du, eta emakumeei erabakitzeko prozesuetan aktiboki parte hartzeko aukera ematen dieten eskumenen gaineko prestakuntza eskaintzen die.

Alboan Kongon zentratu den arren, munduko beste herrialde askotan antzeko arazoak daudela ikusarazi nahi du, guztiak errekurtso naturalen ondorioz sortuak —Kolonbia eta Venezuela arteko muga eta Myanmar dira bi adibide—. Europako beste hainbat GKErekin batera, urteak daramatza lege bat aldarrikatzen, helburu batekin: Europako industriak ez dezala erabil gatazka armatuak sustatzen dituen salerosketako mineralik. Azaroan, Europako Batasunak lege bat onartu zuen; horren arabera, aurrerantzean 400 bat enpresa behartuta daude publikoki azaltzera erabiltzen dituzten mineralak nondik datozen. “Ez ditu betetzen gizarte zibilak eskatzen zituen gauza guztiak, baina hasiera bat da”.

Hala ere, Bracerasek ohartarazi du lege bat onartzen denetik exekutatzen denera arte epe bat dagoela, eta jarraipen handia egin beharko zaiola: “Azken finean, enpresen interesak daude, enpresek ahalmen handiagoa dute intzidentzia egiteko, eta beraien interesak gailentzen dira”. Legea onartuta dagoen arren, sinadura bilketarekin jarraitzen dute Change.org atarian: “Geroz eta sinadura gehiago edukitzea lagungarria izango da legearen exekuzioan intzidentzia egiteko”.

Kongoko Errepublika Demokratikoko egoeraren berri ematearekin batera, herritarrei gogoeta eginarazi nahi die Alboan-en kanpainak: “Intzidentziarako beste elementu bat da nola kontsumitzen dugun, kontziente garen kontsumitzen dugunarekin, zer dagoen horren atzean… Gizarte bezala erronka izugarria daukagu, baina ez bakarrik kontsumoarekin, baita zerbait erabiltzeari uzten diogunean zein bide ematen diogun…”. Hondakin elektronikoak aipatu ditu: Europako biztanle bakoitzak hamalau kilogramo hondakin elektroniko sortzen ditu urtean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.