[Herriz herri] Idiazabalen mamia

[Herriz herri] Idiazabalen mamia

A. Vierbücher

Idiazabal izen berbereko gazta ospetsuengatik da ezaguna, besteak beste. Urtero milaka bisitari jasotzen ditu, gaztaren ospeak erakarrita. Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroak eta Idiazabalgo Udalak lan handia egin dute bisitariari zerbitzu erakargarri batzuk eskaintzeko: “Interpretazio zentroko bisita gidatuak, azoka eta festen koordinazioa, gaztandegiak eta ustiategiak bisitatzeko aukera, Idiazabalgo errekurtso artistiko-kulturalak ezagutzeko bisitak, mendi ibilbideak; beste herri, eremu eta produktu askorekiko ekimenak eta zirkuitu turistiko osoak” aipatu ditu Idiazabalgo alkate Ioritz Imazek.

Lehen sektoreari balioa emateko asmoarekin jarri zuen martxan udalak, herriko baserritarren laguntzaz, Gaztaren Mamia proiektua, 2012an. “Lehen sektorea dinamizatu, herritarrak sentsibilizatu, eta kanpotarrentzat erakargarri bihurtzeko aukera paregabea” dela dio Imazek.

Idiazabal gaur egun “lehen sektoretik bizi ez arren, baserririk gabe ez litzateke deus”. Gainera, Idiazabalek duen “izen ona” baserri mundutik datorkio. Horrexegatik ekin zioten proiektu horri, “baserritarrei eskerrak eman, egindako lana baloratu, eta baserriak eta landa eremuak etorkizuna izan dezaten beharrezko oinarriak sendotzeko”. Hori da, gaur egun, udalak duen erronka nagusietako bat, alkateak aitortu bezala.

1987an sortu zuten Idiazabal Jatorrizko Izenaren Kontseilua. Jatorri izenaren bitartez, ordura arte Hego Euskal Herrian bere kabuz ardi latxaren esnea erabiliz gazta egiten zuten artzainak bildu nahi zituzten, ardi latxa galtzeko zorian baitzegoen. Horrekin batera, ardi gaztaren inguruan egiten zen iruzurrari aurre egin nahi zioten; izan ere, ardi esnez egindakoa zelakoan, bestelako gazta saltzen zuen hainbatek. Idiazabalgo gazta ardi latxaren esne gordin hutsez egiten da, esne garbi eta osoarekin. Pasteurizatu gabea izan behar du. Gazta ontzeko bi eta sei hilabete arteko epea behar da. Gazta ketua edo ketu gabea izan daiteke, nahiz eta historikoki Idiazabalgo gazta definitzerakoan ketutakoari dagokiona izan.

Abeltzainen elkartea

Idiazabalgo baserritarren artean sektorea biziberritzeko proiektu berriak sortu edota larre komunalak koordinatu ahal izateko, Abeltzain Elkartea sortzea “aurrerapauso izugarria” da, Imazen iritziz. Elkartea sortzearekin batera etorri dira “emaitza eta dinamika positiboak”. Herriko baserrietan belar lanak egiteko makina bat erosi zuten, eta lan horien kudeaketa errazago bat ahalbidetu du ustiapen bakoitzeko; langileei lanorduen ordainketak edota mantentze eta bestelako gastuen ordainketak.

Horren harira sortu da udal eta baserritarren ordezkariez osatutako batzordea. Aldian-aldian egiten dituzte bilerak baserritarren kezkak eta ideiak jaso, martxan dauden lanen jarraipena egin, eta ekimenak bideratzeko, Imazek esandakoaren arabera. Herriko Baserritarren Eguna ospatzea ahalbidetu du batzordeak, lehen sektorearen inguruan “denen ahaleginez” elikatu den herri giro polita sortuz.

Idiazabalek landa eremu oso zabala du, ahaztu gabe aziendak bazkatzeko larre komunalak ere badituela. Hori dela eta, koordinazio lan indartsu bat egiten ari da animaliek bazkatzeko larreetako baimen eskariak jaso eta bideratu ahal izateko, mendiko larreen etengabeko hobekuntzarako, erabilerarik ez daukaten lur edo belardiei erabiltzaileak bilatu eta kudeaketa bat egiteko, baserrien eta landa eremuaren hustea saihesteko, sastrakadiei aurre egin eta inguruak ahalik eta txukunen edukitzeko, eta nekazari eta abeltzainen artean auzo lanak sustatu eta koordinatzeko. Elkartea, batzordea eta udala bera ere komunikazio aldetik “esfortzu handiak” egiten ari dira erabakiak eta ordenantzak denengana iristeko, eta denen parte hartzea sustatzeko.

Gipuzkoako hegoaldean dago Idiazabal, eta Goierri osatzen duten herri txikienen artean handiena da. Aralarko mendilerroaren eta Aizkorriren tartean, parekorik ez duen ingurune natural ederra osatzen duen koadroaren parte da. Horretaz gain, N-1 errepidea du alboan, Nafarroa, Araba eta Gipuzkoaren elkargunea dena.

Herriguneak eta Urtsuaran auzoak osatzen dute. Inguruan, baserriak eta Neolitikoko eta Brontze Aroko hainbat monumentu megalitiko daude; Artxubi, Napalatza, Unanabi, Bidarte eta Zorroztarri tumuluak eta trikuharriak daude. Herrigunean San Migel parrokia dago; eta herriko plazan, berriz, artzainaren monumentua, mendeetan Idiazabalen artzaintzak izan duen garrantziaren seinale.

Indiano etxeak

Ugariak dira indiano etxeak, eta herrian sartu orduko bisitariaren arreta erakartzen dute. XIX. mendearen azken aldera Ameriketako bidea hartu zuten idiazabaldarren artean batzuek behintzat dirua egin zuten, eta, jaioterrira itzultzean, zenbait palazio eraiki zituzten, bere parke eta guzti.

Tradizio emigratzailearen aztarna garbia dira etxe horiek. XIX. mendean Euskal Herrian industrializazio prozesua eta hiritartzea oso era arinean gertatzen ari bazen ere, ez zen nahikoa izan bere gainetik trantsizio demografikoaren lehen pausoak ematen ari zen populazio bati eutsi ahal izateko, eta, hori dela eta, garraioen merkatzearekin eta Espainiak emigratzeko emandako erraztasunei loturik, populazioa Ameriketako lur hutsetan bizibidea bilatzera bultzatu zuten. Txomename (herriko plazaren parean), Pilar-enea (egun taberna eta erretiratuen egoitza dena), Floreaga, Arraizenea eta beste hainbat indiano etxe aurki daitezke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.