Bide txar gehiagorik ez

Bide txar gehiagorik ez

Maite Alustiza

Protestetan erabilitako stop ikurrak argi berdeari eman dio bide. Diputazioari eginiko Bide txarretik kexua, berriz, akordio batekin ordezkatu dute. Ia hamar hilabete greban eman ondoren, Gipuzkoako errepideetako mantentze lanez arduratzen diren langileek hitzarmenak sinatu dituzte lanean ari diren Aldi Baterako Enpresa Elkarteekin (ABEE). Bukatu dira, beraz, hilabeteotako zalantzak eta presioak. “Errepideko langileak ez ginen aurrez inoiz elkartu. Sektore hau antolatzea lortu dugu, eta hortik atera da indarra; oso garrantzitsua izan da orain lortu dugunarentzako eta etorkizunarentzako”, dio Jone Iruretak, Miramon ABEEko langile eta ELAko ordezkariak.

Miramongoekin batera, Urola Deba eta Goierrialdea enpresa elkarteetako langileak egon dira greban —hiruren artean 95 langile dituzte—. Igor Etxaniz Urola Debako ordezkariak azaldu duenez, joan den astean jardun normalera bueltatu zirenetik ez zaie zereginik falta: “Istripuen ondorioz puskatzen diren seinaleak, barrerak eta abarrak 11 hilabetez puskatuta egon dira; orain, pixkanaka konpondu behar ditugu, eta horri gehitu behar zaio etortzen zaigun lan berria”. Iruretak zehaztu duenez, ABEEetako lantaldeetan dauden langileez aparte, azpikontratak ere badaude errepideen mantentze lanetako kontratuetan, eta grebak iraun duen bitartean euren lanak egin dituzte; bide bazterretako belar mozteak, adibidez.

Greban egonagatik ere, Irureta ez da geldirik egon: “Gure lantokiagatik, guk gutxieneko zerbitzuak %100ean izan ditugu. Lan ordu berberak egin ditut, eta, horrez gain, mobilizazioak, prentsari informazioa ematea…”. Langileentzako gorabehera dezenteko hilabeteak izan direla dio, eta gutxieneko zerbitzuetan “askotan presio egoerak” jasan dituztela: “Kontuan hartu behar da gure enpresek zerbitzu publiko bat ematen dutela, diputazioaren kontratak direla. Enpresek ere diputazioaren presioa zuten, ahal zen heinean normaltasunari eutsi nahi ziotelako, proiektuak bete… Gutxieneko zerbitzuak betetzen ari ziren langileek presioa jasaten zuten egunero”. Egunez egunekoa gogorra izan dela berretsi du Etxanizek: “Dezente agonikoa izan da. Denok pentsatzen genuen, gure lanak zerikusia zeukanez errepideko segurtasunarekin, nahiko azkar lortuko genuela; baina ikusi genuen luzerako zihoala, ez geneukala erantzun bat: desertuan egotea bezala zen, ez genuen bukaera ikusten”.

Dena den, biak ziur daude merezi izan duela: “Guretzat lan baldintzak erabat aldatuko dira, eta asko nabarituko dugu gure egunerokoan”, dio Etxanizek. Iruretaren arabera, hasieratik zuten helburua lortu dute: “Azkenean, enpresekin hitzarmenak lotu ditugu. Onak dira bai ekonomia arlotik eta bai klausulen aldetik. Erreformak ekarri zituen aldaketa guztien aurrean nahiko blindatuta gelditu gara”.

ABEE bakoitzean hitzarmen bat egin dute, hiru urterako: “Oso berdintsuak izan dira ekonomikoki eta berdinak klausuletan”. Adostu dituzten neurrien artean daude lan erreformetatik blindatzea, soldata igoerak —%9 eta %11 bitartekoak—, zerbitzuari dagozkion lan baldintzak txertatzea…

Etxanizek argi du langileentzat ez ezik akordioak erabiltzaileentzat ere hobekuntzak ekarriko dituela: “Guk eskatzen genuena ez zen bakarrik ekonomikoa, baizik eta betetzen ez ziren gauza asko betetzea. Errepideetako segurtasunaren arlo asko gure ardurapean daude; guk seguru lan egin nahi dugu, eta erabiltzaile guztientzako askoz ere seguruagoa izango da”. Lanean normal hasi diren lehen egunetik nabaritu du aldaketa Etxanizek: “Betetzen ari ez zirena martxan jarri dute grebaren ostean. Lehen egunetik laneko kategoriak eman dituzte, gauza asko ondo jarri dituzte…”.

Aldundiaren jarrera

Hilabeteotan egin dituzten dozenaka mobilizazioetan, ELAko ordezkariek diputazioari eskatu diote soluzioa; hark, ordea, enpresekin konpondu beharreko kontua zela azaldu izan du jende aurrean. Enpresekin eduki duten hartu-emana ez da erraza izan, Iruretak azaldu duenez: “Hamar hilabeteko greba izan da, baina egon gara ia bost hilabete inolako kontakturik izan gabe. Momentu batean kontaktuak eten ziren, eta guk hor eutsi diogu”.

Aldundiak publikoki adierazpenik egin ez arren, Iruretak uste du esku hartu duela prozesuan: “Guk zuzenean ez dugu harremanik eduki, interlokuzioa enpresekin egin dugu, baina nabari da aldundiaren konpromisoa hor izan dela”. Bat dator Etxaniz ere: “Nahiz eta diputazioak esan enpresa bat dagoela gainetik, gure kontratua diputazioaren esku dago; bera enpresarekin joaten da ikusten zer lan egin behar ditugun, zein baldintzatan… Zerbitzu bat betearazi nahi dute, eta ikusten da diputazioak orain arte ez ziela betearazten kontratuetan jartzen zuena”.

Adostu dituzten neurriak garrantzitsutzat dituztenez, beharrezko ikusten dute aurrerantzean aldundiak egingo dituen baldintza orrietan hitzarmenen edukiak jasotzea. “Konpromiso nahiko serioa jaso dugu, eta pentsatzen dugu kontratu berriak etortzen direnean —izan daiteke urte honen bukaeran edo hurrengoan— ez dela arazorik egongo hitzarmen hauek jasotzeko”, dio Iruretak. Gai hori lantzeko bilerak programatuak dituzte diputazioarekin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.