Etxea jantziko dute azkenean

Etxea jantziko dute azkenean

Maite Alustiza

Nazioarteko folklore jaialdia, 1960ko urteak, Donostia. Herrialde ugaritako dantzariak zetozen, guztiak “zoragarri jantzita”. Gainontzekoen aldean, hemengoak “pobre” ateratzen zirela gogoan du Ramon Garciak, Errenteriako Iraultza dantza taldeko kideak. Eta hala pentsatu zuen: “Bere hizkuntza daukan herrialde bat gara, mendeetako historia daukagu… Nola izan gaitezke hain pobre jantzi hauekin?”. Gaia ikertzen hasi zen orduan Garcia, eta ikusi zuen garai batean oso ondo janzten zirela baserritar euskaldunak; jendeak, ordea, ez zuela horren berri.

Jakin-nahiak bultzatuta, trajeak biltzen hasi ziren duela hogei bat urte Iraultza taldean. Eta hamabost urte badira museoaren ideia buruan zutenetik. Urteetako ahaleginaren ondoren, iritsi da azkenean: “Geneukan ametsa beteko da”. Errenteriako Udalarekin adostuta, Kapitain Etxean irekiko dute Jantziaren Museoa. Gelak atontzen dabiltza uneotan, trajeak manikietan sartzen; Aste Santurako irekita nahi dute.

Sarrerako solairuan, kotoi zurian egindako erreprodukzioek egingo diote harrera bisitariari. Maniki bakoitzaren erdia goitik behera jantzita jarriko dute; beste aldean, berriz, barneko arropak bistaratuko dituzte: “Modu hau itsuentzat pentsatuta zegoen, aukera izan zezaten jantziak ukitzeko eta ezagutzeko nolakoak ziren”. Garai ezberdinetako bost jantzi jarriko dituzte: XVI. mendetik hasi eta XX. mendera arte. Horrekin batera, aldi baterako erakusketak ere solairu horretan egongo dira, hamabost egunez edo hilabetez, herriko hainbat talderekin kolaborazioan. Iraultza dantza taldeak ere baditu bere propioak: Gabonetan, baserritar jantzien erakusketa egiten dute, eta, Atlantikaldia jaialdian, portua duten herrietako trajeen erakusketa. Garciak egiten ditu Iraultza taldearen jantzi guztiak, eta baita Euskal Herriko beste hainbat talderenak ere.

Lehen solairua Euskal Herriko jantziei eskainiko diete; hamabost bat izango dira, baserritarrenak zein kalekoenak. Baserritarrez dagoen irudi okerrari erreparatu dio Garciak: “Saldu digute euskaldun baserritarra itxura txarrekoa zela, gaizki janzten zela… baina guztiz kontrakoa da. Historialari askoren kroniketan aipatzen da garbitasuna eta ondo jantzitako euskalduna. Esaten dute bati berari ere ez zitzaizkiola ikusiko mukiak mahukaburuan; beti zeramaten zapi zuri zati bat mukiak kentzeko. Inoiz ere ez ziren egun batzuetako bizarrarekin ibiltzen, beti garbi… Zarpatsuak zirela? Hori da saldu digutena”. Trajeekin batera, ikus-entzunezkoen gela egokituko dute lehen solairuan. Bideo bat prestatuko dute museoaren barneko lana erakusteko: nola egin diren jantziak, nola lisatu, manikian jarri…

Euskal Herriko jantzi guztiak familiek eta ingurukoek utzitakoak dira. Garciak dioenez, Euskal Herrian gehien kontserbatzen direnak XIX. bukaeratik XX. hasiera artekoak dira. Guztiak zenbakituta jarriko dituzte, bakoitza bere azalpenarekin: nondik datozen, ezaugarriak… Ezaugarri bereziak aipatzean, emakumezkoen jantziei begiratu beharra dago. “Gizona ez bezala, emakumea beti egon da jantziak markatuta. Euskal Herrian, eta baita Europan ere, buruko zapiarekin markatzen ziren: kolorearen arabera”. Garciak azaldu duenez, ezkongabeen artean bi aukera zeuden: batzuk zapirik gabe ibiltzen ziren —ilea bilduta, inoiz ez aske—; besteak, berriz, zapi estanpatu batekin —marrekin, koadroekin, loreekin…—. Alargunek zapi beltza zeramaten buruan, eta ezkonduek, aldiz, zapi zuria: “Elizaren arau bat zen. San Agustinek zioen bekatua egin zuen emakume orok burua oihal zuri batekin estali behar zuela”. XIX. mende erdialdean, “ahultasunean” erori ziren emakumeek beste zapi bat erabili behar zuten: oihal zuri bat zen, eta bi marra zituen: beltza, bekatuaren sinboloa, eta berdea, esperantzarena: “Bizitza normala egin zezaketen, baina bakarrik ezkondutako emakumeekin”.

Buruko zapiaren erabilera da urteekin aldatu den kontu bat, baina, oro har, osagai guztiak janzteko moduaz mintzo da Garcia: “Orain da ea nor janzten den politen, nabarmenen, modernoen… Baserritar trajea ez da hori. Mozorro moduan erabiltzen ari da, baina errespetu pixka bat eskatzen dugu”. Dena den, ondo janzten den jendea ere badagoela dio Garciak.

Gaur egunera iritsi den “deformazioa” azaltzeko, 1930eko urteetara egin du atzera, Euskal Filmotekan topatutako pelikula batzuetara, zehazki: “Hor hasten da Donostian-eta udatiarrak dibertitzeko garaia, eta hasten dira euskal dantza taldeak sortzen. Pelikuletan nahiko dezente jantzita agertzen dira, baina urte horietatik aurrera hasi ziren baserritarren uniforme moduko bat egiten, eta hasi ziren enpresa batean sailean egiten. Jendeak lehen ez zuen trajea ikertzen; hori saltzen zuten, eta hori erosten zuen. Hortik, deformatuz joan da, orain arte”.

Hernaniko emakume baserritar batek esan zizkionak gogoan ditu Garciak: “Baserritar jantziak erabiltzen diren egunetan ez zela ateratzen esan zidan; erromeria egunetan, santomasetan… Umore txarrez jartzen zen”. Besteak beste, kexu zen pintak dituen traje beltzaz: “‘Hori? Gu koloretsu joaten ginen; marrez, loreez… Ze gauza tristea’, esaten zuen”.

Eskaileretan gora, bigarren solairuan, modaren historiari egingo diote gainbegiratua. Euskal Herriko jantzien erakusketa bezala, sei hilabetez egongo da hori ere: “Aktibitatea nahi dugu, ez museora behin etorri eta listo; aldatuz joango gara”. Gela horretan, 1773. urtekoa da trajerik zaharrena, eta 1920koa berriena. “Ibilbide bat proposatu nahi dugu: modaren gehiegikerietatik, rokokotik, XX. mendeko sinpletasunera”. Frantzian, Ingalaterran eta Amerikan erositako jantziak bildu dituzte.

Biltegi bat, trajeak zaharberritzeko tokia eta jantzietan espezializatutako biblioteka bat jartzeko asmoa dute. Bisita gidatuak eta tailerrak ere izango dira.

Leave a Reply

Your email address will not be published.