[Herriz herri] Irun. Kokapena baliatzen

[Herriz herri] Irun. Kokapena baliatzen

Aizpea Amas

Irunek dituen ezaugarri batzuk aski ezagunak dira: Gipuzkoako udalerri populatuenen artean bigarrena da, 61.000 biztanle pasatxorekin; ekialderantz, lurraldeko azken herria da, eta Lapurdirekin muga egiten du; Txingudiko badia osatzen du Hondarribiarekin eta Hendaiarekin batera; ekainaren 30ean, alardea ospatzen du; eta kirol arloan historia egin duten taldeak ditu: Real Union eta Bidasoa.

Beste batzuk, agian, ez dira horren ezagunak. Irunek hiri izaera du, ez bakarrik biztanle asko dituelako, baizik eta 1913an titulu hori eman ziotelako. 1766an lortu zuen independentzia Hondarribiarengandik, eta, iaz, hainbat ekitaldi egin zituzten 250. urtemuga ospatzeko.

Irunek duen kokapena estrategikoa izan da betidanik, eta horrek hainbat aukera eman dizkio ekonomikoki, sozialki eta kulturalki garatu eta hazteko. Alde horretatik, udalak gogorarazi du aduanak desagertu izana —1990eko hamarkadan izan zen— “giltzarria” izan zela hiriarentzat, baina aurrera ateratzea lortu zuela.

Irekiera horren ondorioz, hiriak kolpe gogorra jasan zuen maila ekonomikoan. Hala ere, momentu gogorretan sortu ohi dira aukerak, eta Irunek hartu zuen bidea lankidetzarena izan zen, udalaren esanetan: “Mugaz gaindiko lankidetza oinarrizkoa izan da elkarbizitzari eta etorkizunari begira”. Baiona-Irun-Donostia eurohiriaren testuinguruan, Bidasoa ibaiaren bi aldeetan erakundeen arteko akordio konkretuak sinatu dituztela azaldu du udalak, hala nola arlo ekonomiko eta kulturalean, baita garraioan ere. Hortik agertoki berri bat sortu dela gaineratu du, 158 udalerri eta 300.000 biztanle dituen lurraldea osatuz.

Kokapen estrategiko horrekin lotuta, garraioak beti izan du pisu handia Irunen, industriarekin batera, baina baita merkataritzak ere. Edonola ere, azken urteetako krisi ekonomikoak sektore guztiei eragin die, eta Irunen, gainera, bereziki nabaritu da, langabezia tasa handienetakoa duen herria baita Gipuzkoan: abenduan 4.000 lagun zeuden Lanbideren zerrendetan Irunen. Bidasoa eskualdeko langabezia tasa Gipuzkoakoaren ia bi puntu gainetik dago, %12,9rekin, baina proportzioan Irunek loditzen du zenbakia, Hondarribian ez duelako langabeziak horrenbeste eragiten.

Udalaren arabera, nabarmen ari da murrizten langabezia, “baina oraindik arazo bat da”. Udalak arlo horretan dituen eskumen eta baliabideak kontuan hartuta, Irun Ekintzan egitasmoaren barruan, lankidetza mahaia osatua dutela jakinarazi du, eta bertan, agente sozial, ekonomiko eta sindikalak daude, hezkuntza arlokoekin batera. Egitasmoak lanpostuak sortzeko ekintzak babestea helburu duela azaldu du udal erakundeak, kontrataziorako laguntzen bidez eta formazioa hobetzeko aukeren bidez, besteak beste.

Azken urteetan indarra hartzen ari den beste sektore bat turismoa da, eta Irun hiri erromatarraren eskutik iritsi da hori. 1990eko hamarkadan erromatar garaiko hainbat aurkikuntza egin ziren, garai bateko Oiasso hiriari zegozkionak, eta horrek izen bereko museo erromatarraren sorkuntza hauspotu zuen. 2006an zabaldu zuten. “Oiasso museoari esker, hainbat aukera sortu dira hiriaren iragan erromatarra ezagutzeko”, argitu du udalak. Horren adibide da Dies Oiassonis jaialdia, uztailean egiten dena. Erromatar azoka, kontzertuak eta Isis jainkosari egiten zaion itsas zeremonia ikus daitezke horren barruan.

Herritarren Arreta Zerbitzua

61.000 biztanletik gora dituen herri bat kudeatzea ez da lan erraza, eta herritarrengana iristeko zerbitzu sare handia du Irunek. Udalak, esate baterako, gizarte zerbitzuak aipatu ditu, eta familiei laguntza emateaz gain, jarraipena egiten dietela adierazi du. Horrez gain, udalak duen beste zerbitzu aipagarrienetako bat HAZ Herritarren Arreta Zerbitzua da, aurten, hain justu, hogei urte bete dituena, urtarrilean. Bertan, hainbat tramite egin, baimenak eskatu, dokumentuak lortu edota kexa eta erreklamazioak jar daitezke. Iaz, esaterako, 80.734 lagun pasatu ziren San Martzial kalean dagoen bulegotik. 010 telefono zenbakian edota Internet bidez ere —www.irun.org— egin daitezke tramiteak, eta urtez urte, gainera, geroz eta gehiago, eta saretik.

Beste baliabide batzuk ere baditu udalak herritarren zerbitzura; “jarduera ekonomikoak babestea, saltoki gehiago martxan jartzea eta lan arloan pertsonen formazioa hobetzea” helburu dutenak, Jose Antonio Santano sozialista buru duen udalak esan duenez.

Hiriak dituen azpiegitura publikoak ere nabarmendu ditu udalak. 2015ean, liburutegi berria zabaldu zuten San Juan plazan, Carlos Blanco Aginaga izenarekin. Duela hilabete pasatxotik, berriz, beste zentro berri bat dute irundarrek: Palmera Montero Gunea. Besteak beste, herriko zenbait elkartek bertan dute egoitza orduz geroztik, eta, bestetik, balio anitzeko zenbait areto eta erakusketa gelak eskaintzen ditu. Ficoba Euskal Kostaldeko Nazioarteko Azoka ere Irunen dago.

Proiektu estrategikoak

Datozen urteetara begira, kudeaketa eta zerbitzuak hobetzen jarraitu nahi du udalak, baina hainbat proiektu estrategikotan lanean ari dela gogorarazi du, eta beste administrazioen inplikazioa behar duela. Trenbidera bideratutako espazioaren garapena da horietako bat. Horrek 2011n udalak, aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Sustapen Ministerioak sinatutako akordioaren sostengua duela argitu du.

Etxebizitzaren arloan ere pausoak ematen jarraitu nahi du, eta datozen urteetara begira, alokairu sozial eta orokorreko etxebizitzen eskaintza egingo duela azaldu du udalak, hala nola Alberto Larzabal kalean. Horretarako, Jaurlaritzarekin harremanetan daude.

Proiektu handietatik kanpo, egunerokotasuneko proiektuak ere baditu esku artean udalak, eta “hiria atseginago” egiteko egitasmoak aipatu ditu, mugikortasun jasangarria bultzatu, bide publikoetan ibiltzeko erraztasun handiagoa eman, oinezkoak protagonista izango diren espazioak ireki, bidegorri sarea handitu… Horri lotuta, aurten, Irunen, Ibiltzen diren hiriak kongresua egingo dutela jakinarazi du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.