[Herriz herri] Itsaso. Lainoetan dago Itsaso

[Herriz herri] Itsaso. Lainoetan dago Itsaso

Aimar Maiz

Itsasoa laino dagoela kantatzen zuen poetak. Laino, umil, bare jarraitzen du Itsaso herriak ere, Goierriren bihotzean. Baina lainoetan bezala daude hango herritarrak, aspaldi esperotako ametsa gauzatu dutelako. Udalerri izaera berreskuratu zuen abenduaren 22an, eta udala ilbeltzaren 13an eratu zuten. 1964tik Ezkiok eta Itsasok osatu duten ente bakarra desegin da, eta Gipuzkoako 89. udalerria da orain Itsaso.

Azkena birsortutakoa bai, baina inondik inora ez herrialdeko udalerri berriena. Izatez, Gipuzkoa herrialde gisa egituratu baino lehenagokoa da Itsaso. Areriako alkatetza nagusiaren sortzaileetako bat izan zen, 1027an. San Bartolome elizaren atari nagusia 1300ekoa da, lehen gotikokoa. Gipuzkoako eliza erloju zaharrena ere bertan dago, 1763an Juan Atendizabalek eraikia. Denbora Itsason aspaldi hasi zen seinale.

52 urtean udal beregainik ez edukitzeak, ordea, egitura eta antolamendua ia hutsetik hastea eragin die orain, nahiz zerbitzu, administrazio eta udal langile batzuk Ezkiorekin banatuko dituen. “Trantsizio” epean daude orain.

Geografikoki, Itsasoko plaza 434 metroko garaieran dago. Goien dagoen Goierriko bigarren udaletxea da, Gaintzakoaren (442 metro) atzetik soilik. Izazpi-Kizkitza mendiaren hegoaldeko bizkarrean kokatuta dago herri kaskoa; bigarren auzo bildua Alegia da, Gi-632 autobidearen ertzean eta Irizar autobus lantegitik gertu, 210 metrora.

Urolaren arrora ere jausten da alde bat —herriko auzoei deitzeko zozkera terminoa darabilte itsasoarrek—: Aratz-Matxinbenta auzoaren zati bat Itsasorena da, Ibaieder eta Zaraia erreken elkargunera arte.

Herria berrantolatzen

Bost laguneko Kudeaketa Batzorde batek hartu du Itsasoko Udalaren ardura. Gorka Sasieta Barrenetxea (Urretxu, 1977) izendatu dute lehendakari. Nekazaria da lanbidez, eta zuzeneko salmenta gauzatzen du, etxetik. Juridikoki, jada eskuratu du Itsasok zenbaki fiskala. Administratiboki, Ezkioko udal idazkariak metaketa eran hartuko du, oraingoz, Itsasoko idazkari postua ere. Aurrerago, idazkaritza elkargo bat sortzea da asmoa.

Herri mailako karguak eta udalerriz gaindiko erakundeetako ordezkariak izendatzeko garaian da; udal batzordeak, horien buruak eta mankomunitateetako kideak, esate baterako. Bake epaile izateko, adibidez, interesa dutenentzat izena emateko epea irekita dago.

Itsasok 166 bizilagun ditu. Udalerriak, 8,8 kilometro koadroko azalera. Hamalau enpresa daude erroldatuta —bederatzi zerbitzuetakoak—, gehienak Zozabarro industrialdean, Ezkiorekin mugan.

Zerbitzu aldetik, taberna bakarra dago herrian: Itsasoko Ostatua. Eta elkarte bat: Zelai-Ondo, Alegia auzoan. Eskolarik ez dago —Ezkiora, Gabiriara edo Ormaiztegira joan ohi dira haurrak—, ezta osasun kontsultarik ere; Santa Lutzia-Anduagan jarraituko du, Ezkio, Itsaso eta Gabiriarako.

Azpiegitura orokor aldetik, ondo hornituta —eta zigortuta, paisaian eta herri barruko lurralde antolaketan suntsiketa handiak eragin dituztelako— dago Itsaso: Gi-632 autobideak eta Euskal Y sareko AHT abiadura handiko trenaren trenbideak gurutzatzen dute, eta Iberdrolaren argindar zentrala bertan dago, Gipuzkoa hegoaldeko handiena eta estrategikoena.

Etorkizunaren jabe izan nahi dute itsasoarrek euren udalerriarekin, behin udaltasuna berreskuratuta. “Gertutasun gehiago eta parte hartze handiagoa edukiko dute herritarrek orain”, Sasietaren iritziz.

Udaletxea, ostatu gainean

Leku fisikoa dagoeneko egokituta daukate. Herriko etxea ostatuaren gaineko hiru aretotan kokatu dute. Altzariz eta baliabidez hornitzea falta zaie, orain. Batzar mahai zaharra, haritz egur lodikoa eta pieza bakarrekoa, Ezkio-Itsasoko udaletxetik eramanda daukate.

Artxibo historikoa oraindik ez dute eraman. “Zer bolumen daukan ikusi nahi dugu, eta udaletxean non jarri pentsatu behar dugu”, dio lehendakariak. Artxibo administratiboa, 52 urteko bizimodu komunean Ezkiorekin batera sortutako agiritegi guztia, zailagoa izango da banatzen. Kontuan izan behar da lehen Ezkio-Itsaso zen udalerriaren nortasun juridikoa Ezkioko Udalak hartu duela, banaketa estipulazioetan hala adostuta.

Itsasoko Udalaren webgunea bai, zehaztuta daukate, nahiz eta oraindik ez dagoen erabilgarri: Itsaso.eus ataria izango du. Bien bitartean, itsasokoargia.com blogak betetzen du herritarren arteko komunikabide funtzioa.

Errepide bidezko komunikazio fisikoari ere arreta jarria diote. “Orain, herri barruko bideak errepide nagusira joateko filosofiarekin dauzkagu. Zozkerek herri kaskora daukaten komunikazioari buelta batzuk eman nahi dizkiogu, eta neurri batean lehengo egitura berreskuratu, errepideek kaskora joatea erraztu dezaten”, dio Sasietak.

Alegia auzoan, haurren jolas parkea berritzeko proiektua bideratuta daukate. Hango frontoi inguruan komun publiko bat eraiki nahi dute, elkarte aurreko plaza berritzearekin batera.

Finantzaketa aldetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa izango du diru iturri nagusia. 2017ko lehen ordainketa, otsailean, Ezkiorekin batera jasoko du, eta bien arteko 75-25 proportzioan banatuko dute gero. Urteko bigarren pagakizuna, aldiz, jada bereizita jasoko dute. UFFFren 2017ko aurrekontua, Ezkiorako eta Itsasorako batera, 439.475 eurokoa da. Erronka garrantzitsuak eta zeregin asko ditu, etorkizun hurbilean, Itsasoko herriak. Herritarrek proiektuarekiko atxikimendu eta konpromiso handia edukitzea du berme handiena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.