[Museora] Mater museoa. Itsasoaz, itsasotik

[Museora] Mater museoa. Itsasoaz, itsasotik

Eider Goenaga Lizaso

Mater itsasontziak 2003an utzi behar zion itsasora ateratzeari. Euskal Herriko egurrezko azken atunontzi handia izan zen —33 metro luze—, eta, erretiratu zuten urtean, lan handia egin zuen Prestige itsasontziak utzitako orbanak garbitzen. Baina euskal arrantza flotak moldaketa handia izan zuen garai hartan, eta egurrezko itsasontzi asko hondoratu egin zituzten, itsasontzi modernoagoekin ordezkatzeko. Ordurako, Itsas Gela irabazi asmorik gabeko elkarteak bi urte zeramatzan ingurumenarekin eta itsasoarekin lotutako lanean, eta Mater ontzian modua ikusi zuten etorkizunera begirako proiektua gauzatzeko. Garai horretan hasi zen lanean Itsas Gelan Izaskun Suberbiola (Oiartzun, 1979) Mater museoko zuzendaria.

“Lanbidez edo afizioz itsasoarekin lotutako hainbat lagunek sortu zuten Itsas Gela, Pasaian”, azaldu du Suberbiolak. Helburu argiak zituzten elkartea sortu zutenean: “Herri hau beti itsasotik bizi izan da, eta hala segitzea nahi zuten, betiere modu iraunkor batean. Itsasoa ezagutzera eraman, herriak itsasoarekin izan duen lotura historikoa azaldu, baina beti itsasoa eta ingurumena errespetatuz”.

Mater itsasontzia eskuratzearekin batera, helburu horiek museo batean gorpuztu ahal izan zituzten. “Tresna bat izango zela ikusi genuen, elkartearen helburuak lortzeko polita eta baliagarria. Batetik, balioa eman nahi genien arrantzaleei, gure arrantzaleei, eta erabiltzen dituzten arrantza teknika jasangarriei, eta mundu ezezagun hori erakutsi; bestetik, tresna gisa erabiliko genuen gure itsasoarekiko ezagutza, errespetua eta maitasuna areagotzeko”.

Mater, ordea, ez da museo arrunta. Haren kokaleku ohikoena Pasai San Pedroko portua bada ere, berdin topa daiteke Getariako portuan, edo Bermeokoan… “Museoko bisita edo bisita arrunta portuan lotuta gaudela egiten dugu beti; baina, itsasontzia hartu genuenean, argi genuen nabigatzeko aukera eman behar zigula ontziak, eta gure jarduera asko itsasora irtenda egiten ditugu. Gainera, oso berezia da arrantzontzi batean nabigatzea: ez du zerikusirik beste edozein ontzitan nabigatzearekin”.

Jarduera pare batekin hasi zuten ibilbidea Mater museoan, eta gaur egun eskaintza, jarduera eta proposamen zerrenda amaigabea dute. “Eskolekin hasi ginen batez ere. Bisita eta tailer didaktikoak egiten genituen, itsasoa ezagutzeko eta errespetatzeko. Gure bigarren jarduera zen gure kostalde hurbila aztertzea, Jaizkibel eta Ulia artekoa. Horretarako, aprobetxatu genuen Eusko Jaurlaritzak martxan zuela Europa mailako Coastwatch programa; programa horren bidez, urtero-urtero, gure kostaldearen egoera eta bilakaera aztertzen dugu: gizakiaren eragina, fauna eta flora, uraren kalitatea…”.

Poliki-poliki joan dira jarduerak eta eskaintzak handitzen. “Museo hau elkarteak kudeatzen du. Elkarte oso txikia gara, eta ez gara erakunde publiko baten menpeko; beraz, ezinbestekoa da bisitariak erakartzea, eta jarduera ezberdinak antolatzea ahalik eta jende gehienarengana heltzeko”. Ildo horretan, ingurumenarekin, itsasoaren iraunkortasunarekin, Pasaiaren historiarekin eta arrantzaleen jardunarekin lotutako ekintza asko dituzte; baina baita helburu ekonomikoarekin antolatzen dituztenak soilik. Arlo horretan sartzen dituzte, esaterako, Mater itsasontzian egin daitezkeen egonaldiak. “Gaua itsasontzian igaro daiteke, eta, goizean, Pasaiako badian esnatu eta bertan gosaldu. Esperientzia oso polita da, eta jende asko erakartzen du. Udan, toki askotako jendea etorri zaigu gaua hemen egitera, beste edozein ostatutan bezala, baina itsasoan lo egitearen kulunkarekin. Helburu horrekin ere urtebetetze piratak antolatzen ditugu umeentzat, itsasontzi barruan”.

Boluntarioak Ecofish-erako

Mater museoak eskaintzen dituen jarduera gehienak, ordea, itsasoari, ingurumenari eta iraunkortasunari lotuta daude. “Eta, laster, guretzat urteko jarduerarik garrantzitsuenetako bat dator”. Izan ere, urtero, Ecofish edo hondakinen arrantzaren hilabetea egiten dute; aurten martxoan izango da. Pasaiatik Bilbora, handik Bermeora eta Getariara, eta itzulera Pasaiara. Bidean, hondakinak bilduko dituzte itsasoan, eta sentsibilizazio hitzaldiak eta tailerrak eman. Hondakinak biltzeko, ordea, 80 bat boluntario behar dituztela nabarmendu du Suberbiolak, eta jada badagoela aukera izena emateko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.