[Herriz herri] Larraul. Murgilazpin altxor txikia

[Herriz herri] Larraul. Murgilazpin altxor txikia

Jon Miranda

Lasaitasuna transmititzen du Larraul herriak. Herrigunean plaza, eliza, parkea eta frontoia dauzka. Aneli Urbieta alkatearen esanetan, “gurasoak herriko ostatuan patxada ederrean zerbait hartzen ari diren bitartean umeak jolasean ibil daitezke inguruan”.

Asteasutik Larraulera igotzen den bidezidorra asfaltatu eta moldatu zutenetik bisita gehiago sumatzen dute herrian. “Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso genuen bidea konpontzeko, bestela geure kabuz ezinezkoa egingo zitzaigun”, dio Urbietak. 367.000 euroko aurrekontua du udalak 2017rako, eta 83.000 euro inguru gorde dituzte inbertsioetarako. Frontoiko barandak segurtasun neurriak bete ditzan egingo dituzte lanak, parkean konponketa batzuk egin eta udaletxeko galdara aldatuko dute: “Oinarrizko beharrak betetzeko erabiltzen dugu dirua, eta behatzak gurutzatzen ditugu ezbehar bat gertatu edo gastu estraren bat etor ez dadin”. Udaletxean igogailua jartzeko asmoa ere atzeratu egin dute azken urteetan. Aurten laguntzaren bat jasoko balute, 76.000 euro inguruko inbertsioa egin ahal izango lukete horretan.

Herrian, gaur egun, 250 biztanle bizi dira. Urbietak dioenez, duela zortzi bat urte egin ziren azken etxebizitzak, eta berriak egiteko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzeko zain daude. Legealdi amaierarako prozesua amaitzea espero dute. Bi eremu proposatuko dira etxebizitzak egiteko, eta herritarrek erabaki behar dute zein nahiago duten. Herriko gazteak ditu gogoan Urbietak. “16 eta 24 urte arteko gazte asko dago herrian, eta pentsatzekoa da hemendik bospasei urtera beharra sortuko zaiela. Nahi genuke herrian geratu nahiko balute horretarako aukera izatea”.

Antton Amonarriz alkate izandakoaren izena daraman kultur etxea eskolarekin, ikastaroekin eta eskolaz kanpoko jarduerekin partekatzen dute gazteek. “Oso aktiboak dira”, Urbietaren esanetan. “Beti daude laguntzeko prest. Umeentzako zinema antolatzen dute Gabonetan, eta herriko festetan, adibidez, ekintza asko prestatzen dituzte”.

Auzolana eta elkarlana

Baliabide gutxirekin baina elkarlanean gauzak egitea da Larraulgo Udalaren filosofia. Asmo horrekin, aspaldiko ohitura den auzolana berreskuratu nahian dabil udal taldea. Iaz, PR-116 bidea egokitzeko lana hasi zuten: “Ibilbidea hiru aldiz zeharkatzen du errekak, eta hazita datorrenean pasabidea itxita geratzen da”. Dagoeneko bi zubi berreraiki dituzte, eta hirugarrena egiteko eguna jarria dute aurtengo maiatzerako. “Hamar bat lagun biltzen gara, eta amaieran udalak hamaiketakoa jartzen du. Nahiko genuke jende gehiago animatzea”.

Herritarren ekimenez, baita ere, 2009ko udazkenean jaio zen Larraulgo Ekomuseoa. Herriko eta Aiztondo bailarako ondarea ezagutzea, zabaltzea eta berreskuratzea du helburu. Dina-7 kultur elkarteko kideek gidatzen dituzte bisitak Larraulgo Ekomuseoan, eta herriko beste hainbat altxor ere erakusten dituzte. Horien artean, San Esteban elizan dagoen XVI. mendeko grisaila. Kolore beltza oinarri duen horma-irudia da, eta aldare funtzioa bete zuen, bizilagunek zurezko erretaula ordaintzeko adina diru lortu zuten arte. Gipuzkoan iraun duten grisaila bakanetako bat da.

Horrekin batera, aldian behin, askotariko gaiei buruzko erakusketa monografikoak ere antolatzen dituzte Ekomuseoan, iragan hurbilaren inguruko azalpenak emateko: baskulak, balantzak eta pisua neurtzeko beste tresnak, baserriko erremintez egindako egurrezko eskulturak, aho soinuak eta binilozko diskoak erakutsi izan dituzte. Gainera, azken urteetan garai bateko ofizio zaharrak berreskuratzeko lana egin du Dina-7 kultur elkarteak. Egurra lantzeko prozesua erakutsi eta txondorra piztuz amaitu zuten duela hiru urte. Duela bi, harria hartu zuten aztergai, eta antzinako karobi batean karea egin zuten. Iaz, berriz, liho ehuna egiteko prozesua pausoz pauso landu zuten Larraulen.

Prozesu guztiek azaroan ospatzen den kultur astean izaten dute amaiera. Larraulgo hitzordu garrantzitsuenetako bat da, San Esteban eta San Bartolome festekin eta kirol astearekin batera.

Bote luzea protagonista

Maiatzaren 15etik aurrera antolatuko dute, aurten bigarren aldiz, kirol astea. “Oso aurrekontu txikiarekin baina gure artean herrian egiten diren kirol jarduerak plazara ateratzea da asmoa”, esan du Urbietak. Apustu giroa ere ez da faltako: “Iaz, harri-jasotzaileak eta pultsulariak elkarren aurka jarri genituen, eta, aurten, Asteasutik datorren asfaltatutako bidean zerbait egin nahi genuke”.

Kirolarekiko zaletasuna eta bereziki pilotarekikoa dute larrauldarrek. Iaz, Murgilazpi kirol elkartea sortu zuten herrian antzinako bote-luzea pilota jokoan eta paxaka, esku pilotan eta beste hainbat modalitatetan aritzeko. Julen Jauregi, Ibai eta Andoni Urbieta, Adrian Bengoa eta Iñaki Esnal larrauldarrak, Jon Urbieta eta Gaizka Iruretagoiena asteasuarrak eta Jon Ander Esnaola beasaindarra dira elkarteko kideak.

Euskal Herriko lehenengo bote-luze txapelketan aritu ziren iaz, eta Larraulgo klubekoek irailaren 25ean jokatu zuten finala, Leitzan. Txapeldunorde geratu ziren. Urrian, berriz, Europako bote-luzeko Txapeldunen Ligan parte hartu zuten, eta, aurten, Kolonbian ospatu asmo den txapelketarako ari dira entrenatzen.

Horren aurretik herrian beste ekitaldi garrantzitsu bat izango dute, beste kirol elkarte batek, Utsetak, antolatuta. Zazpigarren aldiz, Larraul-Hernio-Larraul mendi lasterketa egingo dute martxoaren 19an. Iaz, 250 korrikalari aritu ziren, 15 kilometro eta erdiko ibilbidean.

Bide batez, eskualdean eta Giltzarriak deituta, galdeketaren eguna izango da martxoaren 19a. “Eskualdeko ekimenak eta herritarrek bultzatutakoak gogo onez ikusten ditugu”, esan du alkateak. Gisa berean, Aiztondoko hainbat herritarrek bultzatuta, maskarada egingo dute, maiatzaren 7an. Ekitaldi nagusia Larraulgo plazan egingo dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.