Teilatupe bat izateko eskubidea gauzatzen

Teilatupe bat izateko eskubidea gauzatzen

Eider Goenaga Lizaso

Andoainen, bizileku gisa okupatua zuten fabrikan duela hilabete izandako sute baten ondorioz, bi gizonezko hil eta beste bi lagun zauritu ziren; nahita piztutako sutea izan zen. Andoaingo alkate Ana Karrerek hainbat elkarrizketa eskaini zituen gertakizunaren harira, eta komunikabideek oihartzun zabala eman zioten gaiari. Hildako gizona eta fabrika horretan bizi ziren gainerakoak “teilaturik gabeak” zirela esan zuten hedabide ugarik, eta Karrerek ukatu egin zuen hori. “Teilaturik gabe orain gelditu dira, suteak utzi ditu etxerik gabe. Orain arte bazuten teilatupe bat; beraien etxea zen erretakoa”, azaldu du Karrerek.

Okupaturiko eraikin bat zela dio alkateak, urte askoan abandonatuta egondako fabrika txukundu egin zutela bizitzeko moduan egon zedin eta konpartimentuak egin zituztela hura okupatu zutenek. “Gu, udal bezala, ez gara sartuko okupazioa bai ala ez baloratzen, baina etxe horretan bizi zirenak bertan erroldatuta zeuden, urte dezente zeramaten han bizitzen, eta txukunketak egin zituzten eraikinean. Bikote batek kontatu zigun sukaldea ere jarri zutela, lagun baten laguntzarekin”, azaldu du Karrerek.

Udalentzat ohikoa da horrelako kasuak izatea. Andoainen bertan, eta erretako eraikinetik gertu, beste pabiloi batean ere okupatzaileak bizi direla dio alkateak. “Erroldatuta dauzkagu denak. Beraiek izaten dira erroldatzeko eskatzen dutenak. Izan ere, erroldatuta ez dagoen pertsona eskubide zibilik gabeko pertsona da; zerbitzuak, udal mailako laguntzak, diru laguntzak eta abar eskuratzeko ezinbestekoa da nonbait erroldatuta egotea, eta, noski, okupaturiko etxebizitza, tailer edo dena delakoan bizi denak ere izan behar du aukera eskubide horien jabe izateko”, dio Karrerek. Erroldarik gabe, adibidez, erreferentziazko osasun etxerik edo familia medikurik ezin da izan. “Soilik larrialdietan artatuak izan daitezke”. Etxebiden izena emateko ere hainbat hilabetez erroldatuta egon behar da.

Erroldatzeko prozedura

Eraikin okupatu batean bizi dena erroldan sartzeko udal prozedura zein den azaldu du Andoaingo alkateak. “Erroldaz ari garela, bi egoera ezberdin izaten ditugu. Batetik, jabego publiko zein pribatuko eraikin bat okupatu eta bertan bizi direnak daude. Bestetik, beraiek jabe diren garaje batean edo merkataritza lokal batean bizi direnak daude, edo karabana batean edo auto batean bizi direnak. Bizi diren tokiaren izaera juridikoan ez gara sartzen, ez dugu baloratzen jabea nor den ere. Erroldatzeko eskatzen dutenean, guk espedientea ireki eta protokoloa jartzen dugu martxan”.

Udaltzainei, Gizarte Zerbitzuei eta Hirigintza sailari jakinarazten zaie eskaera bat dagoela, eta udaltzainek egiten dute lehen urratsa. “Udaltzainak hiruzpalau aldiz bertaratzen dira, erroldatzeko eskatu duen pertsona bertan bizi dela ziurtatzeko. Bisita horietan ez badute topatzen, espedientea atzera botatzen da, eta ez zaio errolda egiten. Baina, topatuz gero, erroldatu egiten da. Ez dago besterik”. Gero, Gizarte Zerbitzuek hartzen dute gaia, eta haiek egiten dute jarraipena. Erretako eraikinean bizi ziren okupatzaileek erabat utzita zegoen eraikinari erabilpen berri bat eman ziotela eta hondatuta eta utzita zegoena txukundu zutela argitu du Karrerek, arazorik ez zutela ematen, bizilagunek ere kexarik ez zutela eta bizimodu “normala” egiten zutela. “Batzuek lana egiten zuten, beste batzuk langabezian zeuden, baina arazorik ez zegoen”.

Tartean adingabeak dauden kasuetan, prozedura Gizarte Zerbitzuetatik abiatzen da. “Umeak dauden kasuan, beste modu batera jokatzen dugu, eta jarraipen zorrotzagoa egiten dute Gizarte Zerbitzuek. Baina, berdin-berdin, erroldatu egiten ditugu. Izan ere, umeak eskolatzeko, jangelako bekak lortzeko edo beste edozein zerbitzutarako erroldatua egon behar du”.

Erretako eraikinaren kasuan agerian gelditzen da erroldatuta egoteak duen garrantzia. “Suteak kalte egindako gehienak hemen erroldatuta zeuden; eta, bide batez, argitu nahi dut gehienak andoaindarrak zirela lehendik ere, zurrumurruak zabaldu baitira esanez etorkinak zirela eta laguntzak jasotzen zituztela, eta ez da egia. Kontua da, sutearen ondoren, erroldatuta zeudenei udalak lagundu ahal izan diela eta lagundu egin diela; bi astez lo egiteko tokia ordaindu diegu, eta, bizileku bat topatu dutenean, lehenengo bi hilabeteak ordaintzeko laguntza eman diegu. Erroldatu gabe baleude, ezingo genieke laguntza hori eman”. Kaltetu batzuek alokairuan hartu dute etxebizitza bat, eta beste batzuek beste eraikin edo etxebizitza okupatu batera joatea erabaki dute.

Errolda, beraz, norbere etxean bizi, alokairuan bizi edo etxe okupatu batean bizi eskubide bat dela argitu du Andoaingo alkateak. “Eta arrazoi bategatik edo besteagatik, okupazioaren bidea aukeratu badute, gu ez gara sartzen horretan, baina udal gisa nahiago dugu haien egoera ahal den eta onena izatea, eta dagozkien eskubide zibilen jabe izatea”.

DSBErik ez

Karrerek, bestalde, salatu du eraikin okupatu batean bizi denari Lanbidek ukatu egiten diola diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea. “Eusko Jaurlaritzak ez die DSBErik ematen okupa direnei. Gurpil zoro bat da. Zu sartzen zara hutsa dagoen etxe edo lantegi batean, ez duzulako modurik etxe bat edo alokairu bat ordaintzeko, baina orduan ez dizute ematen diru laguntzarik. Zure egoera hobetzea ez da batere erraza. Jendeak esaten du hauek laguntzetatik bizi zirela, eta ez da egia”.

Donostialdeko Okupazio Bulegoa ere kritiko agertu da neurri horrekin, lehen okupazioa ez zelako diru laguntza hori ukatzeko arrazoi bat. “Baina, DSBEa Lanbidera aldatu denetik, eta etxebizitza bat okupatua duten pertsonek DSBEa jasotzeko eskubiderik ez dutela dioen barne idazki batean aipatzen denari jarraituz, beste irizpide batzuk aplikatu dira. Erabat legez kanpokoa bada ere, etxebizitzan egoteko inolako kontraturik azaltzeko modurik ez duten pertsonei Lanbidek ukatu eta kendu egin die DSBEa jasotzeko aukera”, dio Donostialdeko Okupazio Bulegoaren webguneak.

Etxebizitza okupatuan erroldatzea, eskubide zibilen jabe egiteko ez ezik, etxebizitza okupatuari eusteko ezinbestekoa dela dio, bestalde, Okupazioaren Bulegoak zabaldutako Okupazio Gidak. “Tinko erakutsi eta argi eta garbi utzi behar dugu hori gure etxea dela. Epaiketari begira ere garrantzitsua izango litzateke bertan bizi garela esaten duen paper ofizialen bat edukitzea, eta administrazioak berak onartzen duela. Erroldatzea, beraz, komenigarria da”.

Etxe edo eraikin bat okupatu aurretik eta ondoren kontuan izan beharrekoak zehazten ditu Okupazio Gidak, eta okupaziorako arrazoiak ere aipatzen ditu. “Bizimodu berri bat eraikitzeko, garapen urbanistikoari stop esateko, jabetza pribatuaren aurrean alternatibak irudikatzeko eta praktikan jartzeko tresna bat da okupazioa”.

Hutsik dauden etxebizitzak, urteetan erabili ez direnak, eguneroko mantentzerik ez dutenak dira “okupaziorako baldintza egokiak”. Donostian, etxebizitza hutsei dagokienez, “egoera tamalgarria” dela salatu zuen Donostialdeko Okupazio Bulegoak joan den abenduan: “Kalkulu txikienera jota, 6.904 etxe leudeke hutsik, eta, bitartean, gazteak etxerik gabe”. Moraza kaleko etxebizitza huts bat okupatu ostean, udaltzainek eta ertzainek etxetik bota zituzten han bizitzen jarritako gazteak, eta horren harira egin zuten salaketa.

Okupatzera doazena “auzoarentzat leku hila” dela dio Okupazio Bulegoak, eta, horregatik, auzotarrekin eta bizilagunekin aurrez hitz egitea proposatzen du Okupazio Gidak. Halaber, okupazioa “ekintza kolektibo” bilakatzea aholkatzen du. “Etxean sartu aurretik, Okupazio Bulegoarekin, Gazte Asanbladarekin edota auzoko beste kolektiboekin hitz egitea gomendagarria da, bai sartzeko orduan laguntzeko eta baita balizko kaleratze bati erantzuteko ere”. Garrantzitsutzat du, halaber, “okupazioa aldarrikatzen duen pankarta bat jartzea”, jendeak ez dezan pentsa lapurretara sartu direnik.

Sartzerakoan etxearen egoeraren argazkiak ateratzea edo bideo bat grabatzea ere komeni dela dio, ondoren etor daitekeen epaiketa bati begira. “Jabearen partetik izandako utzikeriaren probak” lirateke argazkiak. Eta horiekin batera etxea txukundu ondoren nola gelditu den azaltzea ere komeni dela dio Okupazio Gidak.

Okupatu ostean hainbat prozedura jar daitezke martxan, etxe edo eraikina husteari begira. Bide penaletik, prozedura zibiletik edo prozedura administratibotik jo dezake etxebizitza okupatuaren jabeak, eta bide bat edo bestea hartu okupatzen duenak zein aukera dituen azaltzen du Okupazio Gidak. “Gero eta denbora gehiago pasatu, gero eta eskubide gehiago hartzen dituzte bizilagunek, eta, beraz, betekizun gehiago dituzte administrazioek haiek botatzeko”.

Bilboko Okupazio Bulegoak egindako eta Donostialdekoak itzulitako Herri Administrazioak eta Okupazioa txostenak honela defendatzen du okupazioaren zilegitasuna: “Okupazioak, ekintza zuzenaren bitartez, jenderik gabeko etxeak eta etxerik gabeko jendea egotea ahalbidetzen duen zentzugabeko egoeraren aurka borrokatzen du. Egungo abagunean, inoiz baino gehiago, okupazioa, aukera zilegia ez ezik, ezinbesteko tresna da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.