[Herriz herri] Lasarte-Oria. Kulturan aberats, lanpostuak behar

[Herriz herri] Lasarte-Oria. Kulturan aberats, lanpostuak behar

Maite Alustiza

Euskararen Maratoia, paddle txapelketa, Itsaspeko Dokumentalen Nazioarteko Zikloa, Euskal Inauteria… Eragile eta elkarte ugari dabil Lasarte-Orian herriarentzako jarduerak antolatzen: “Lasarteren bizitza kulturala oso aberatsa da, oso indartsua, eta geroz eta gehiago gainera. Edozein asteburutan kultur ekitaldiak daude. Horrek aberastu egiten du gure herria, eta etorri nahi duenari gonbita egiten dio parte har dezan”. Jesus Zaballos alkateak azaldu duenez, udala ere ahalegintzen da ekintza kulturalak sustatzen, bere egitekoa ez baita “soilik urbanismoaz arduratzea”.

18.500 herritar inguru ditu Lasartek, eta Gipuzkoako langabezia tasa handienetako bat (%14,5). Lanpostuak sortzea da, hain justu, udal gobernuaren lehentasunetako bat. “Oraindik ez da publikoa, baina barne lanketa bat egiten ari gara gure herrian bizpahiru industrialde garatzeko”. Zaballosek aurreratu duenez, dagoeneko badaude hainbat enpresa interesaturik Lasarten ezartzeko, eta lanean ari dira horretarako beharrezkoa den planifikazio urbanistikoaren barne burokrazian. “Haiekin kolaborazio hitzarmenak sinatuko ditugu, eta udalak exijituko die Lasarteko langabe kopuru jakin bat kontratatzea”. Zaballosek espero du aurten jakinarazi ahal izango dutela zein enpresa etorriko diren —”enpresa nahiko ezagunak beren sektorean”—, eta zenbat lanpostu sortuko dituzten.

Ordura arte, gizarte zerbitzuek ematen dituzten zerbitzuak “indartu” nahi ditu udalak: “Diru laguntzetarako linea gehiago sortzen ari gara. Ez dugu zentratu behar bakarrik diru sarrerak bermatzeko errentan —Lanbidek tramitatzen du—; udalean, administrazio askoz ere gertukoagoa izanda, eginbeharra daukagu aukera ezberdinak eskaintzeko”. Adibidez, argiaren, berogailuaren eta gasaren fakturak ordaintzeko diru laguntzak dituzte. “Akordioak sinatu ditugu enpresekin, eta protokoloak ezarri ditugu inori hornidurarik ez mozteko. Enpresak detektatzen badu faktura ez dela ordaintzen, udalari jakinarazi beharko dio, eta udala harremanetan jarriko da bezeroarekin”.

Helburu berarekin, eskolako materiala erosteko diru laguntzak dituzte. “Krisitik gutxika ateratzen ari gara, baina kostatzen ari da. Honekin okerren pasatzen ari diren familiei lagundu nahi diegu, eta, bestetik, tokiko merkataritza sustatu”. Laguntza jasotzeko baldintzetako bat da materiala herriko dendetan erostea.

Tokiko merkataritza sustatu eta biziberritzeko, “proiektu oso interesgarriak” dituzte martxan; Guztion eta Biziberritzen, esaterako. Horien barruan, muralak margotuko dituzte hainbat dendatan; batzuek tematika historikoa izango dute: Donostia-Tolosa tranbia, Lasarteko automobil zirkuitua, sorgin dantza… “Guztiekin Museoa aire librean deitzen diogun gida bat egingo dugu, eta plano batean azalduko dugu non dagoen bakoitza, bisitatzen gaituztenek jakin dezaten nora jo”.

Donostiarekiko gertutasuna baliatuta, turismoa erakartzen ahalegindu behar direla uste du Zaballosek. “Herrian bertan ere baditugu Martin Berasategiren jatetxea, hipodromoa…”. Zaldi lasterketetatik aparte, jarduera gehiago izango du orain hipodromoak: Kutxa Kultur musika jaialdia han egingo dute, irailaren 15 eta 16an. Zaballosek dioenez, Lasarte “toki oso estrategikoan” dago, eta horregatik erabaki du Kutxa Kulturrek, besteak beste, Igeldotik hara lekualdatzea. Herria ondo komunikatuta egoteari garrantzitsu deritzo: “Michelin bezalako enpresa indartsu batek, adibidez, lantegia hemen dauka garraiorako toki oso ona delako”. Eusko Trenekin lotura du Hendaia, Donostia eta Bilborekin; autobusarekin, Donostia-Tolosa tartea hartzen du. “Bidegorritik atera gabe Donostiara irits daiteke”.

Kirol arloan, kiroldegi berria egiteko proiektua esku artean du udalak. “Lehen fasean, futbol zelai berri bat egingo dugu, atletismo pistekin, Michelingo zelaia arindu ahal izateko; eta behin atletismo pista berriak edukita, pista zaharretan kiroldegi berria egingo dugu”. Futbol zelai berria eta pistak aurten hasiko dira egiten, eta kiroldegi berriaren proiektua idazten ari dira orain. Herriko azpiegiturei lotuta, Lasarte osoa asfaltatzea eta argiteria aldatzea izango da 2019ra bitartean udalak duen beste proiektuetako bat.

Hondakinen kudeaketa

Orain gutxi bosgarren edukiontzia jarri zuten Lasarten, hondakinak biltzeko. Zaballosek azaldu duenez, urtarrilean lehen kanpaina egin zuten erabiltzaileak erakartzeko, boluntarioki izena emateko: “7.500 etxebizitza daude, eta bi astetan 3.000k eman dute izena. Horrek esan nahi du Lasarteko jendea kontzientziatuta dagoela. Hemendik urtebetera beste kanpaina bat egingo dugu, eta izena eman ez dutenei deituko diegu, galdetzeko arrazoia zein den”.

Hondakinen tratamenduari dagokionez, herriari gertutik eragiten dio Zubietan egin asmo duten erraustegiak:”Udala erraustegiaren kontrakoa da, eta hainbat alegazio eta helegite planteatu ditu kokaleku horren kontra. Hori da gure herritarren nahia, eta haiek eskatzen dutenaren arabera gobernatu behar dugu guk”. Besteak beste, Donostialdeko Lurralde Plan Partzialaren aurka alegatu dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean, eta proiektuaren garapenaren kontra bozkatu dute Añarbeko Mankomunitatean —”uren garapena eraman behar du”—. Aurreratzean ere, bide administratibotik “ahal diren errekurtso guztiak” aurkeztuko dituzte, “Zubietako garapenak egin ez daitezen”.

Udaleko alderdien artean lantzen ari diren beste gaietako bat bizikidetza da —Bizikidetza Mahaia osatuta dute PPk ez beste alderdi guztiek—. Lan “nekeza” dela dio Zaballosek: “Ezin dugu planteatu herrialde honetan hainbeste urtetan pairatu dugun sufrimendu guztia egun batetik bestera bukatzea. Pixkanaka landu behar da, eta saiatu alderdi guztien eta sentsibilitate guztien artean elkarbizitza hori lantzen”. Orain txosten bat egiten ari dira “herrian jasandako eta eragindako sufrimendu guztia biltzeko”. Elkarrizketak egiten dabiltza, eta lana urte osoan aurkeztea aurreikusi dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.