Hondakin arrantza hasiko dute

Hondakin arrantza hasiko dute

Aitziber Arzallus

Minutuero, zabor kamioi bat betetzeko adina hondakin botatzen dugu itsasora —mundu guztian—; urtean zortzi milioi tona, hain zuzen. Oraingo martxan, 2030erako, kopuru hori bikoiztu egingo da; eta, 2050erako, arrain baino plastiko gehiago egongo da itsasoan. “Kezkatzeko moduko datuak dira, baina badirudi gehienoi bost axola zaigula”, Izaskun Suberbiola Pasaiako Mater museoko zuzendariaren hitzetan. “Begira kaleak nola ditugun, zikinkeriaz josita, plastikoa han eta hemen. Eta zakarrontzira botatzen ez dugun plastiko hori guztia, azkenean, itsasora joaten da. Horrek pentsatzen dugun baino ondorio larriagoak ditu, bai ingurumenean, bai gure osasunean”.

Suberbiolak argi eta garbi dio: “Plastiko jaleak gara”. Plastikoa ez baita inoiz desagertzen; fotodegradatu egiten da, txiki-txiki egiten da, baina desagertu ez. “Arrainek plastikoa jaten dute, eta guk arraina jaten dugu; beraz, plastikoa jaten dugu. Are gehiago; arrain irina erabiltzen dugu beste edozein animalia elikatzeko, eta gero gu haietaz elikatzen gara. Beraz, edozer jaten dugula ere, plastikoa jaten ari gara. Geuk sortzen dugu, eta, elikadura katearen bidez, geureganaino dator bueltan, horrek gure osasunean eragin ditzakeen ondorioez jabetu gabe. Izan ere, gure gorputzean metatuz doazen plastiko zati txiki horiek, mikroplastikoek, gai toxiko pila bat izaten dituzte, horrek izan ditzakeen ondorioekin”.

Hain zuzen, itsasoko hondakinen arazoa gizarteratzea da Mater museoak gaur bertan hasiko duen EkoFish 17 kanpaina ibiltariaren helburua. “Batetik, herritarrei arazoaren berri eman nahi diegu; eta, bestetik, erakutsi nahi diegu zein baliabide dituzten eskura arazo horri aurre egiteko”. Horretarako, hilaren 26a bitarte, egitarau zabala antolatu dute: besteak beste, hitzaldiak, tailerrak eta irteerak egingo dituzte Bilbon, Bermeon (Bizkaia), Getarian eta Pasaian.

Ez da horrelako kanpaina bat egiten duten lehen aldia. 2003an Itsas Gela irabazi asmorik gabeko elkartearen ekimenez Mater museoa sortu zutenetik, artisau arrantza ezagutaraztea, arrantza jasangarria sustatzea eta itsas ingurumena zaintzea xede dituzten egitasmo ugari gauzatu dituzte. Duela hiru urte lan horretan jauzi garrantzitsua egin zutela dio Suberbiolak. “Mater itsasontzi eta museoa moldatzea erabaki genuen, itsasoko hondakinak biltzeko moduan jartzeko, eta itsasora irteerak egiten hasi ginen”.

Mater ontzia, museo bihurtu aurretik, atunontzia izan zen, Euskal Herriko egurrezko azken atunontzi handia (33 metro luze), Getariako Etxegoien sendiarena. Lehendabizikoz 1990ean itsasoratu zen, eta, erretiroa hartu behar zuen urtean, 2003an, lan handia egin zuen Prestige itsasontziak utzitako petrolio orbanak garbitzen. Desegitera bidean zela, Itsas Gela elkarteak bereganatu zuen, eta museo bihurtu, hango kideek ikusi baitzuten “euskal arrantzaleen jardunari balioa emateko eta itsasoarekiko errespetua, ezagutza eta maitasuna areagotzeko tresna bikaina” izan zitekeela.

Bilbotik Pasaiara

EkoFish 17 kanpainari gaur emango diote hasiera, Bilbon, eta hilaren 8ra arte hura izango da Mater itsasontziaren portu eta kanpainako jardueren kokaleku. Bermeon egingo du bigarren geldialdia, martxoaren 10etik 14ra; Getarian hirugarrena, martxoaren 16tik 20ra; eta Pasaian laugarrena eta azkena, martxoaren 22tik 26ra.

Astean zehar, eskolentzat, doako sentsibilizazio tailerrak egingo dituzte. Metodologia didaktikoa erabiliz, jolasen bitartez, arazoaren eta hari aurre egiteko moduen berri emango diete haurrei. Suberbiolaren hitzetan, “azkenean, betikora iritsiko gara, hondakinak murriztearen eta birziklatzearen garrantzia azpimarratzera”. Asteburuetan —larunbatetan eta igandeetan—, Mater ontzian irteerak egingo dituzte. Irteera horietan, 50 euroren truke, aurrez izena ematen duen edonork parte hartu ahal izango du, tokiak mugatuak baitira. Itsasora irten aurretik, formakuntza txiki bat jasoko dute boluntarioek, ondorenean hondakinak arrantzatzera ateratzeko.

Larunbat goizetan, berriz, itsas hondakinen gaia hainbat ikuspuntutatik ezagutarazteko eta lantzeko hitzaldiak eta tailerrak egingo dituzte; horiek ere publiko orokorrarentzat. Martxoaren 4an, Bilboko Itsasadarra itsas museoan, hondakinak murriztearen garrantziaz ariko dira; martxoaren 11n, Bermeoko Arrantzaleen Museoan, ekonomia zirkularraz eta itsas hondakinen balioztatzeaz; martxoaren 17an, Getariako Arrantzaleen Kofradian, itsas hondakinez eta arrantzaz; eta, martxoaren 25ean, Donostiako Aquariumean, itsasoko hondakinen eraginez.

Horrez gain, Mater portuan den egunetan, herritarrek aukera izango dute atunontzia ezagutzeko bisita gidatuak egiteko eta ontzian bertan emango dituzten itsas hondakinen inguruko tailer didaktikoetan parte hartzeko. Gainera, kanpainari lotuta, martxoko larunbat arratsaldeetan, birziklatze tailerrak eskainiko dituzte euskal kostaldeko hainbat museotan. Suberbiolak azaldu du museo guztietan ari direla ingurumen gaiak lantzen, aurten turismo jasangarriaren urtea baita, eta martxoa euskal kostaldeko museoen hilabetea baita. “Hala, itsas museoek EkoFish 17 kanpainarekin bat egin dute, eta, haietan, tailerrez gain, kanpainaren inguruko informazioa, argazkiak, eta abar egongo dira ikusgai”.

Martxoaren 22an Uraren Nazioarteko Eguna dela eta, Ekogunekoekin elkarlanean hainbat ekintza gauzatzeko asmoa dute. “Ekogunekoek azalduko digute uraren ikuspuntu lurtarra: zeintzuk diren itsasoko hondakinek lurrean dituzten ondorioak, ura nola garbitzen den eta abar”.

“Esperientzia zirraragarria”

Kanpaina arrakastatsua izatea espero dute antolatzaileek. “Aurreko urteetan jende askok parte hartu zuen, eta aurten ere hala izatea nahi genuke”. Suberbiolak uste du antolatu dituzten ekintzak erakargarriak direla herritarrentzat. “Haurrek gustura parte hartzen dute sentsibilizazio tailerretan, eta Mater ontzian itsasoratzea edonorentzat da tentagarria”. Iritzi berekoa da Juan Luis Muguruza ere. Muguruzak iaz izan zuen kanpainaren berri. Boluntario gisa parte hartzea erabaki zuen, eta kontatu du “esperientzia bikaina” iruditu zitzaiola. Hori horrela, aurten ez du hutsik egingo; areago, kanpaina hasi aurreko prestaketa lanetan ere parte hartu du. “Han entzundakoak eta ikusitakoak zer pentsatua eman zidan, eta nire hondar aletxoa jartzera bultzatu nau”.

Muguruzak nabarmendu du EkoFish “beste ezer baino gehiago sentsibilizazio kanpaina bat” dela. “Beraz, hondakinak biltzera baino gehiago, gure kostaldean zer dagoen ikustera ateratzen gara itsasora”. Dagoen zikinkeria bertatik bertara ikustea “izugarria” dela dio azkoitiarrak, “zirrara” eragiten duela. “Ikusten ez duenak ezin du imajinatu ere egin”. Parte hartzaileentzat “bizipen intentsoa” izaten dela adierazi du, asko inplikatzen direla. “Itsasontzian direla, uretan botila bat ikusi eta haren bila salto egingo luke jendeak. Zoritxarrez, ordea, egunerokoan bestela jokatzen dugu. Gure kostaldeari begiratu bat ematea aski da horretaz ohartzeko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.