[Museora] Laboratorium. Punta-puntakoa, bertatik bertara

[Museora] Laboratorium. Punta-puntakoa, bertatik bertara

Eider Goenaga Lizaso

Urtea irailean bete zuen Bergarako Laboratorium museoak. Jaio berriak dira, eta esperientziaren bidez ari dira ikasten. Alabaina, han lanean ari den taldea ez da lanean hasi berria. “Urte mordoa eman dugu lanean, ezkutuko lana egiten, Bergarako Errege Mintegiak zuen bilduma sailkatzen, ikertzen, errekuperatzen eta proiektu museologikoa lantzen”, azaldu du Rosa Errazkin (Hernani, 1968) museoko teknikariak. Fisika eta kimika instrumentuen arduraduna da Errazkin, eta fakultatean Kimika amaitu zuenetik ari da Bergarako bildumarekin lanean, 1992tik.

Paris, Madril eta Europako museoetan aritu ziren Bergaran zuten materiala sailkatzeko erreferentzien bila. “Eta berehala konturatu ginen sekulako bilduma genuela”. Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteak 1776an sortutako hezkuntza eta ikerketa zentroa zen Errege Mintegia. “Mintegi hau zientziaren sorlekua izan zen Euskal Herrian; goi mailako zentro bat zen, erabat berritzailea, punta-puntakoa eta Europako irakasle onenak bildu zituena —Joseph Louis Proust, Elhuyar anaiak…—”. Horretarako, zientziaren munduko azken berrikuntzak eta materialak zituzten Bergaran, eta horiek osatzen dute Laboratorium museoko bilduma, gaur egun Errekalde jauregian kokatua.

3.000 pieza

3.000 pieza baino gehiago sailkatu zituzten Errege Mintegiko bildumatik, eta horietatik ehun inguru daude ikusgai Laboratoriumeko erakusketa iraunkorrean. “Gainerakoak aldi baterako erakusketen bidez joango gara ateraz”. Erakusketa finkoa osatzen duten ehun pieza horien bitartez, museoak zabaldu nahi duen mezua osatzen dute. “Errege Mintegiaren historia kontatzen da, baina helburua da azaltzea zientzia, hezkuntza eta berrikuntza direla garapenaren ardatza. Hortaz, erakusketak XVIII. mendetik gaur egunera arteko bilakaera aztertzen du, zientziaren ikuspegitik”.

Errazkinek azaldu du pieza guztiek ez dutela balio bera, baina asko pieza bakarrak direla. “Ideia bat egiteko, Parisen ikus daitekeen Edisonek komertzializatutako lehenengo fonografoaren modelo bat hemen ere badaukagu. Dirua zegoen, eta gauza berriak ateratzen ziren bakoitzean hemen ere eskuratzen zituzten; bilduman oso argi ikusten da hori”.

Erakusketaren antolaketari dagokionez, Errazkinek dio zientziaren historiari erreparatzen diola bisitariak, baina oso modu atseginean. Fisika, kimika, zoologia, geologia eta anatomia lantzen dituzte, besteak beste. “Azalpen eta joko interaktibo oso interesgarriak daude. Horietako batean Fausto Elhuyar agertzen da, eta erronka botatzen dio bisitariari. Gai izan behar du wolframa aurkitzeko, beraiek egin zuten moduan. XVIII. mendeko laborategi bat ikusten da, gaurkoekin zerikusirik ez duena, eta lehenengo wolframita bilatu behar da, gero ehun ale pisatu behar dira… Ume eta gaztetxoentzat oso erakargarria da. Taula periodiko handi bat ere badago, eta, joko baten bidez, bost elementu topatu behar dituzu. Gaur egungo bost gauza agertzen dira, eta jolasten duenak aurkitu behar du zein elementu kimikorekin egina dagoen”.

Museologiaren ikuspegitik, gizarte museoa da Laboratorium museoa. “Duela 250 urteko historia zoragarri eta bilduma paregabe horretan oinarritzen gara, bai, baina, era berean, tresna gisa sortu gara, ikerketa, hezkuntza eta berrikuntza oinarri hartuta, aurrera egiteko eta garapenerako tresna gisa. Eta oso pozik gaude jendeak parte hartu duelako, bai antolatutako jardueretan, baita antolaketa lanetan ere”. Errazkinek azaldu du, adibidez, azaroan bigarrengoz egin zituztela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Jardunaldiak, eta horietan handia izan zela herritarren eta eragileen partaidetza eta inplikazioa. Jada ari dira aurtengorako plana lantzen. “Jendeak bere egin du proiektu hau, eta, edozer gauza antolatzen dugula, jendea etorri egiten da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.