Europa aintzat, etxegabetzerik egon ez dadin

Europa aintzat, etxegabetzerik egon ez dadin

Maite Alustiza

“Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak argi eta garbi esan du: epemuga aurreratuaren klausula abusuzkoa eta baliogabea da”. Rosa Garcia Kaleratzeak Stop plataformako kideak azaldu duenez, klausula horrekin bankuek eskubidea daukate hipotekaren kuota bat pagatzen ez denean bezeroari mailegu edo zor guztia erreklamatzeko. Urtarrilaren 26an eman zuen epaia Europak; horren ondotik, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak galdera bat egin dio: klausula baliorik gabea izan arren, ea jarrai dezakeen hipoteka exekuzioarekin. Gorenaren jarrera hori salatu du plataformak, eta Europari kasu egiteko deia egin die Gipuzkoako epaileei: “Exijitzen dugu bertan behera uzteko beren ohiko etxebizitzen kuotak ordaindu ezin dituzten familia guztien hipoteka exekuzioak”, azaldu du Garciak. Plataformak deituta, elkarretaratzea egin zuten astearte goizean, Donostian, Justizia Jauregian.

Europako auzitegiarekin bat, epemuga aurreratuaren klausula gehiegizkoa dela uste du Garciak. Argudiatu duenez, kuota bat ordaintzeko gai ez denak are gutxiago ordain dezake zor osoa: “Finantza iruzurraren biktima diren milaka familia etxegabetzeko balio du klausula horrek. Horrela, etxea enkantean atera dezakete, eta zu zor osoarekin geratuko zara, bizi osorako”.

Era berean, Gorenak Europari galdera hori egin izanak “bankuekiko bere konplizitatea” erakusten duela iritzi dio plataformak. Haren ustetan, “legea ez betetzeko saiakera bat” besterik ez da: “Europako auzitegiak bere galdera ebatzi bitartean, Gorenari argi esaten diogu bete dezala Europak esandakoa”.

Aldarrikapena epaitegi kanpoan egitearekin batera, plataformako ordezkariek idatzi bat aurkeztu zioten epaitegiko dekanoari. Hiru eskaera nagusi egin zizkioten: lehenik, eraman dezala idatzia epaileen batzarrera, plataformaren eskaerak jakinarazteko; bigarrenik, proposa diezaiola batzordeari zuzenean Europako auzitegiaren sententzia aplikatzea; eta, azkenik, berma dezatela behin-behinean ez dutela hipoteka exekuziorik egingo.

Garciak aipamen berezia egin die Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehen instantziako eta lurralde mailako epaileei: “Izaten ari diren jarrera ausarta txalotzen dugu. Entzungor egin diote estatuko epaitegi gorenari, eta jarraitzen dute hipoteka exekuzioen salaketak artxibatzen, klausula baliogabea dela oinarrian hartuta”. Bide horretatik jarraitzeko deia egin die, eta gainerako epaitegiei ere hipoteka exekuzioen prozedura guztiak bertan behera uztea galdegin die. Familiei, berriz, lasai egoteko eskatu die Garciak, eta plataformekin harremanetan jartzera animatu ditu, kaleratze gehiagorik egon ez dadin: “Hemen lortzen ari gara finantza iruzurrak ez eragitea ez enkanterik, ez etxegabetzerik”. Lorpen horiek Kaleratzeak Stop plataformari esker, Gipuzkoa kaleratzerik gabeko lurralde izateari esker, eta gizarte zibilari esker direla gaineratu du. Gipuzkoan, hipoteka exekuzioak %3,4 gutxitu ziren iaz: 205 izan ziren 2015ean, eta 198 iaz —Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren datuak dira—. Plataformak gehitu duenez, etxegabetzeak ere gutxituz doaz, salaketa “asko” artxibatu egin direlako eta Banku Praktika Onen Kodeak eskaintzen dituen hainbat onura aplikatu egin direlako.

Praktika onen kodea bete dezala eskatzen ari zaizkio, hain justu, Kutxabanki. Plataformaren arabera, kodea “bortxatzen” ari da Kutxabank: “Kodeak argi dio behartua dagoela babesik gabe dauden bezeroei kodearen onurak eta karentzia eskaintzera”. Plataformaren arabera, ordea, bankuak ez du onurarik ematen, eta, are gehiago, “ordaindu gabeko kuotak etxegabetzeak abiarazteko baliatu ditu”.

Azken asteetan hainbat elkarretaratze egiten ari da Kaleratzeak Stop Donostian, Kutxabanken egoitzaren aurrean. Bankuko arduradunen “errespetu eta akordiorako borondate faltaren aurrean”, deialdiekin eta kanpainekin jarraitzeko asmoa dute, “gizarteak berak eska diezaien Kutxabanki eta arduradun politikoei legea bete dezatela”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.