“Herri abegitsua da Lazkao, euskara ikasleak ondo hartu ditu beti”

Loinaz Agirre

Lazkao eta euskara oso lotuta daude, besteak beste Maizpide euskara barnetegiari esker. Jon Urdangarin dabil zuzendari.

Urtean, batez beste, zenbat ikasle izaten dituzue?

Ikasle kopurua aldatu egiten da urtez urte barnetegian, baina 1.400-1.500 artean gabiltza azken urteotan. Horietatik 900en bat urtarriletik ekainera, eta 600 udako ikastaroetan. Horiez gain, ordukako taldeetakoak eta auto-ikaskuntzakoak ditugu; beste 150en bat.

Zein profiletako ikasleak dira?

Profil askotakoak inguratzen zaizkigu, baina gero eta helduagoak. Barnetegira etortzen diren askok agiri ofizial bat lortu nahi dute lan egiteko: erizainak, udaltzainak… Martxoko ikastaroan pertsona helduek osatutako bi talde ere baditugu. Horiek gaztetan ikasterik izan ez zuten hizkuntza ikastea dute helburu.

Zer ematen die barnetegiak?

Barnetegiak euskararen munduan murgiltzeko aukera ematen die ikasleei. Hemen euskal giroa aurkitzen dute, euskaraz egiteko arnasgunea. Hemen ahalik eta denbora gutxienean ikasteko baliabideak dituzte, eta horiexen bila etortzen dira.

Zenbat langile zaudete?

30. Gehienak, irakasleak. Horiez gain, bulegariak, gauzaina, garbitzaileak eta sukaldariak.

Maizpidek zer eman dio Lazkaori?

Orain 43 urte hasi ziren udako ikastaroak. Ikasturte osokoak, orain 35 urte. Jende asko etorri da Lazkaora, 20.000 lagunek baino gehiagok ikasi dute euskara hemen. Horrek, dudarik gabe, proiekzio handia eman dio Lazkaori. Euskarak ezagun egin du Lazkao. Bertako denda eta tabernentzat eta, oro har, herriko giroarentzat ere aberasgarria izan da urte hauetan guztietan ikasleak hemen izatea.

Eta Lazkaok Maizpideri?

Ikasleek euskararen munduan murgiltzeko behar duten arnasgunea. Giro euskalduna eta klaseetako lau hormetatik kanpora ere euskara erabiltzeko aukera. Herriaren erdi-erdian gaude, eta herritar askoren babes handia dugu: mintzalagunak, familia euskaldunak, Gerriko elkartea… Ikasleei ikasteko eta euskara erabiltzeko aukera asko zabaltzen zaie herrian, ikasitakoa erabiltzeko aukera. Ikasitakoa erabiltzen dela ikusteak ere asko motibatzen ditu. Alde horretatik, oso pozik gaude lazkaotarren erantzunarekin; udalaren babes handiagoa gustura hartuko genuke, ordea. Kolore batekoak nahiz bestekoak izan, gehixeago egin dezaketela iruditzen zaigu.

Lazkaotarrek euskara ikasleekin zein harreman izaten dute?

Nik uste dut herri abegitsua dela Lazkao, eta euskara ikasleak ondo hartu dituela beti. Barnetegia sortu aurretik, nork bere etxean hartzen zituen ikasleak, eta askok harreman horri eutsi egin diote.

Leave a Reply

Your email address will not be published.