[Museora] Ibarraundi museoa. Erdi Aroko jauregia, museo bihurtua

[Museora] Ibarraundi museoa. Erdi Aroko jauregia, museo bihurtua

Eider Goenaga Lizaso

Kulturaren transmisioarekin kezkatuta zegoen herritar, irakasle eta guraso talde batek jarri zuen Ibarraundi museoaren lehen harria, 1980ko hamarkadan. “Kezkaz ikusten zuten gurasoek bertan jaiotakoen umeek eta kanpotik etorritakoen umeek ez zutela kulturaren transmisioa modu berean jasotzen, eta orduan pentsatu zuten inguruko baserrietara joan, lanabesak-eta bildu eta horrekin erakusketa bat egitea”, azaldu du Saioa Altzua Ibarraundi museoko langileak (Arrasate, 1975). Arrakasta handia izan zuen erakusketa hark, eta zerbait iraunkorragoa egitea deliberatu zuten. Udaletxeko lokal batean atondu zuten lehen museo txiki hura, Eskoriatzako Museo Eskola, eta, hainbat kokaleku ezberdin ezagutu ostean, hamar urte daramatza museoak Ibarraundi jauregian.

Erdi Aro amaierako jauregi bat da Ibarraundi, hasieran dorretxe izandakoa, baina XVIII. mendetik aurrera baserri moduan erabilia. Eskoriatzako Udalak 2005ean erosi zuen, eta han atondu zuten Ibarraundi museoa. “Museo eskola bat zen hasieran, eta eskola taldeekin lan egiten zen batez ere; orain ere ikastetxe eta ikasleek osatzen dute bisitari talde handiena”.

Ibarraundi “historia eta etnografia museo bat” dela azaldu du Altzuak, eta ingurumena ere jorratzen dutela dio. “Etnografiari dagokionez, bisitariak ikusiko duena da gure inguruko baserriak autosufizienteak ziren garai horretako tresnen erakusketa bat; historiari dagokionez, bidaia moduko bat egiten dugu historiaurretik hasi eta gaur eguneraino. Horrez gain, Mutrikuko amoniteez osatutako erakusketa bat ere badugu, eta baita egurrezko musika instrumentuen beste erakusketa bat ere”. 250 musika tresna inguru dituzte erakusketan; txalaparta, adarra, tobera, ttun-ttuna, txistua… guztiak Lorentxo Altubek eskuz egindakoak.

Museotik kanpora ere zabaltzen da Ibarraundi museoaren eskaintza. “Pareko eraikinean labe zeramiko bat daukagu. Zubiateko labea oso garrantzitsua da, Euskal Herrian horrelako bi bakarrik mantentzen direlako; bat Nafarroan, eta bestea hemen, Eskoriatzan”. XIX. mendeko labea da, 1910. urtera bitartean martxan ibilitakoa; Aranzadik aztertu eta zaharberritutako labe honetan erabilera arrunterako zeramikako piezak egiten zituzten —katiluak, platerak, ontziak…—.

Eskoriatza, museo bat

Ibarraundi museoan Leintz eskualdeak garrantzi berezia du, baina bereziki Eskoriatzari egiten zaio azpimarra. Museorako bisita, hain zuzen ere, eskualdeari buruzko ikus-entzunezko batekin hasten da. “Azaltzen du museoa zer den, eta inguru honetan zer dagoen interesgarria. Guk beti esaten dugu Eskoriatza dena dela museo bat. Ibarraundi eraikin bat da, baina Eskoriatzan, Erdi Aroan, Nafarroako Erresumako gaztelu oso garrantzitsua egon zen, Aitzorrotz, eta horri egiten diogu erreferentzia”.

Bideoaren ondoren, museoaren bisita egiten da. “Normalean, zaila da dena ikustea, eta bisitak jendearen interesaren arabera antolatzen ditugu. Batzuek interes handiagoa dute etnografian, eta horri begira atontzen dugu bisita; beste batzuek Aitzorrotzeko gazteluari buruz nahi dute gehiago jakin, edo nahiago dute zeramika labea ezagutu”. Hala, bisitak nahieran antolatzen dituzte, bisitariaren interesaren arabera. “Hemen bi bisita ez dira berdinak izaten, inoiz”, azaldu du Altzuak.

Bisita guztiak gidatuak dira. “Pieza oso politak ditugu; herritarrek ekarritako pieza asko ditugu, eta horrek balio berezia ematen diote bildumari; baina bakarrik eta azalpenik gabe ikusteak ez dauka zentzu handirik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.