Norberaren erabakien araberako laguntza

Norberaren erabakien araberako laguntza

Maite Alustiza

Errealitate “oso konplexua” da prostituzioa, heterogeneoa. Lehen arazoa, hain justu, hura definitzerakoan dagoela dio Ana Prieto Askabide elkarteko kideak. Andoaingo Bastero kulturgunean bildutakoei burura datorkien lehen ideiaz galdetu die: dirua, beharra, ikasketa maila baxua, emakumeen trafikoa… aipatu dituzte. “Zaila da definitzen, baina guztiontzat zentzu bat dauka, konnotazio bat: positiboa edo negatiboa, gutxitan aseptikoa”. Askabide 1985etik dabil prostituzioaren inguruan dabiltzanei laguntzen, haiekin tratu zuzena izaten, eta gizartean sentsibilizazioa lantzen. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, hitzaldia eskaini zuen Prietok, asteartean.

Askotariko pertsonak daude, eta askotariko egoerak: “Bakoitzak ezberdin bizi du prostituzioa”. Prietok dioenez, gainera, oso zaila da kuantifikatzea: “Ikusezinak dira, geroz eta gehiago; eta, horrez gain, kolektibo ibiltaria da, batetik bestera dabil”. Emakundek kaleratutako azken datuak 2007koak dira —Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak—. Ikerketa horren arabera, sexu langileen %95 emakumeak dira, %3 emakume transexualak eta %2 gizonak. Adinari dagokionez, 40 urtetik beherakoak dira, eta, batik bat, atzerritarrak (%85). “Horrekin ez dugu esan behar prostituzioa berdin immigrazioa. Prostituzioa testuinguru sozialera ere egokitzen da; lehen, adibidez, gehiengoa nazionala zen”. Prietok gaineratu duenez, prostituzioaren bidez zaila da egoera legala arautzea, eta, hortaz, gehienak “irregulartasun administratiboan” daude; hau da, “ez dute paperik”.

Euren egoeraren inguruan informazio beharra izaten dute prostituta askok, Prietok dioenez: “Ez dakite zer baliabide dauden eskura, zeintzuk diren beraien eskubideak… Batzuetan, beldurra dute Poliziak identifika ditzan, ez dakite prostituzioa legezkoa den… Bakartuta daude, ez dituzte euren eskubideak ere ezagutzen”.

Prostituzioan hasteko arrazoien artean, gehienek arrazoi ekonomikoengatik hartzen dute erabakia. “Batzuei balioek kirrinka egiten diete, eta ahal dutenean utzi egiten dute; beste batzuentzat baldintzak ez dira esperotakoak, baina denborarekin egokituz doaz, eta baldintzak hobetzea eskatzen dute”. Zenbaitek, berriz, jarduera arau dadin nahi du.

Lanketa bezeroekin

Sexu langileekin ez ezik, bezeroekin ere lanketa egitea beharrezkotzat du Prietok. “Gizonekin lan egin behar da, neskei pasatzen zaizkien gauza askok zerikusia baitute bezeroekin: indarkeria egoerek, elkartze seguruak izateak… Guk ez dugu inor errudun jo nahi, beraiekin landu baizik”. Bezeroak normalean gizonezkoak dira, “egoera zibil eta adin guztietakoak”. Askabidek lau urte daramatza bezeroekin kanpainak egiten, bi ardatzen gainean: osasuna eta errespetua.

Indarkeria egoerak kezkatzen ditu Askabidekoak. Duela hainbat urte, 450 sexu langile galdekatu zituzten, eurek egoera nola bizi zuten ezagutzeko: “Gogorra izan zen. 450ek onartu zuten indarkeria egoeraren bat jasan izana: irainak, eraso fisikoak, lapurretak… Gainera, estigmak markatuta, gizarteak nola begiratzen dien, beraiek barneratu egiten dute txar guztia merezi dutela”. Horregatik, haiekin ahalduntzean lan egitea garrantzitsua da Askabiderentzat, eta horretan dihardu: “Askotan, kapa asko kendu behar izaten ditugu beraiek emakume sentitzeko eta beraien eskubide eta beharrak aldarrikatzeko. Beraiek dira beren etorkizunarekin zer egin nahi duten erabaki behar dutenak”.

Legediari dagokionez, Espainia “linboan” dago: prostituzioa ez da legezkoa ez debekatua. Prietok zehaztu duenez, apur bat “gaitz saihetsezin” bezala ikusten da, eta “ahal moduan” arautzen da; batzuetan, hiri ordenantzen bidez.

Ezkutukoa izan arren, hainbat gune publikotan presente dago prostituzioa, eta ñabardura egin du Prietok: “Prostituzioa ikusezina da… edo deserosoa? Ikusezina ikusten ez dena da, baina hau ikusten da. Bilbon kale bat dago, Irunen eta Errenterian ikus dezakegu, lokalak daude…”. Azaldu duenez, normalean bizilagunen “deserosotasunak” eraginda, espazio publikoa arautzeko ordenantzak egin dituzte hainbat hiritan: Bartzelonan, Madrilen, Bilbon… “Ordenantzak ez dira bereziki prostituzioari bideratuak, baina zuzenean eragiten diete. Arautzen ahalegintzen denean, ordea, gutxitan pentsatzen da prostituzioan dabiltzanengan”.

Errealitate beraren inguruan interpretazio ezberdinak daude, eta lau jarrera nagusi, Prietoren arabera: debekuzkoa, abolizionista, arauzkoa eta legalista. Debekatzeko jarrerak “erreprimitu eta zigortu” egiten ditu zerbitzua eman eta eskatzen dutenak; abolitzeak, aldiz, uko egiten dio legeztatzeko aukerari, eta prostituta “biktima bezala” ikusten du. Arauzko jarrerak uste du onartu eta arautu egin behar dela, klandestinitatea saihesteko; eta jarrera legalistak, berriz, aktibitate laboral gisa hartzen du prostituzioa: sexu langileak dira, eta beste lan batean izan daitezkeen eskubideak bilatzen ditu.

Kalean aritzen diren sexu langileak gutxi dira gainontzekoekin konparatuta. Gehienek makroklub edo klubetan jarduten dute, edo etxeetan. Prietoren arabera, urteekin aldatuz joan da: “Askabide sortzean ez zebiltzan etxeetan; orain, berriz, mota ohikoena da, eta gehien hazten ari dena”. Zehaztu duenez, makroklubak eta klubak baino lokal txikiagoak dira etxeak, eta kudeatzeko errazagoak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.