Batuketari izkin, tranpekin

Batuketari izkin, tranpekin

Maite Alustiza

Iruzurra, trikimailua, tranpa. Hitzok aipatu ditu Iñigo Iruin abokatuak Espainiako Estatuak euskal presoen zigor batuketan izandako jokabidea definitzean. Azaldu duenez, antz juridiko handia dute Parot doktrinak eta zigor batuketa ez onartzeak: “Urratzen diren oinarrizko eskubideak berak dira, eta helburua bera: espetxealdiak luzatzea”. Giza eskubideez eta Espainiako Estatuaren tranpez aritu zen Iruin, asteartean, Hernaniko Biteri kultur etxean. Pakito Lujanbio preso ohia eta Idoia Ibero Sare plataformako kidea ere mahai bueltan izan ziren.

Adibide batekin azaldu du Iruinek zigor batuketarekin gertatzen dena: Jose Jabier Zabaleta Baldo hernaniarrarekin. 1990ean atxilotu zuten, Frantzian; estatu horretan epai bakarra izan zuen, 1992an, eta zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Hango kartzeletan bete zuen 2.920 eguneko zigorra. 1998an, Espainiara eraman zuten: sei epaiketa eta epai izan zituen Auzitegi Nazionalean. Zigor horiek metatu, eta 2006an erabaki zuten kondena betetzeko gehieneko muga 30 urte izango zela. Galdera egin du Iruinek: “Aurreko zortzi urteak meta daitezke Auzitegi Nazionalean jarritako zigorrekin? Deskonta daitezke 2.920 egunak? Posible da Espainiako eta Frantziako zigorrak metatzea?”. Azalpenak dakar erantzuna: metaketarekin, 2014ko apirilean atera beharko zukeen espetxetik; egin ez denez, 2019ko uztailean dauka data. Zigor batuketa aplikatuz gero, aske behar lukete zazpi euskal presok.

Iruinek dioenez, tranpa ez da bakarra, eta Espainiako Gobernua ere ez da egin dituen bakarra. “Hiru botereek parte hartu dute: gobernuak, botere legegileak eta judizialak”. Europako Batasunera jo behar da egoera azaltzeko. Batasuneko estatu kideen artean lankidetza judiziala dago, eta, horren arabera, estatu kide bakoitzak beste estatu kideetan ematen diren ebazpen judizialak aitortzen ditu: “Elkarrekiko konfiantzan oinarritzen da hori. Aitortzea eta betearaztea da printzipioa”. Iruinek zehaztu duenez, Europan ematen diren lege denak modu berean interpretatu behar dira: ezin da Espainian modu batean egin, Frantzian bestean… Luxenburgoko Auzitegiari dagokio modu zuzena zein den esatea.

Europako Batasunean, 2008an jarri zen indarrean direktiba edo esparru erabakia, 2008/675 deiturikoa. Horretan esaten denez, araua gutxieneko betebeharra da estatu guztientzat, epai guztiek estatu guztietan balio bera dute, eta fase guztietan eman behar da betebeharra, baita betearazpenean ere —hor dago zigor metaketa—. Europako direktiban jasotako hori estatu kide bakoitzaren ordenamenduaren barruan txertatu behar da gero; hau da, transposizioa egin. Espainiaren kasuan, hortxe egon zen “tranparen” gakoa: “Gorteek, transposizioa egiterakoan, 7/2014 lege organikoa egin zuten. Baina nola egin zen? Espainiako legea bateragarria da Europan egindako esparru erabakiarekin? Ez”.

Gobernuaren lehen tranpa transposizioa atzerapen handiarekin egitea izan zen, Iruinek dioenez. EBko esparru erabakia 2008koa zen, eta Espainiako lege organikoa, berriz, 2014an egin zuten: “Sei urte pasatu ziren Espainian indarrean jarri arte. Gainera, Europakoan esaten zen transposizioa beranduenez 2010eko abuzturako egin behar zela”.

Europak eskatzen ziolako egin zuen transposizioa Espainiak, eta, bide batez, auzitegiei bidea ixten saiatzeko: “2014ko epai batean, Auzitegi Gorenak esan zuen berak zuzenean aplikatuko zuela esparru erabakia, transposiziorik gabe: aplikatu du, zigor batuketa onartu du, eta presoari deskontua egin dio”. Auzitegi Nazionalak gauza bera egin zuen hainbat autotan. “Bederatzi-hamar erabaki zuzenean eman ziren. Baina ikusten dutenean auzitegiak zuzenean aplikatzen ari direla, Espainiako legea indarrean jartzen da, eta, 2015eko urtarrilean, Gorenak lege berria aplikatu zuen: jada ez du onartzen batuketarik”. Iruinek dioenez, helburu argi batekin jardun zuen gobernuak, gainera: euskal preso politikoen espetxealdia luzatzea.

Transposizioaren berri Europako Batzordeari ematean ere, “tranpak” izan ziren: gobernuak ez zuen 2014an jakinarazi, legea egitean, baizik eta 2016ko apirilean: “Josu Juaristi eurodiputatuak [EH Bildu] galdera bat egin zuen transposizioari buruz, eta gobernua agerian utzi zuen. Orain arte, Europako kontrolik gabe egon da Espainia, nahi zuena egiten”.

Salbuespenak jarrita

Gobernuak bezala, botere legegileak ere izan du bere partea, legea Kongresutik Senatura iritsi zenean, adibidez: “Behin Senatuan, ematen zuen legea bateragarria zela esparru erabakiarekin, baina PPk esaten die senatariei salbuespenak sartu behar direla. Horietako baten arabera, zigor metaketa ez da aplikagarria 2010eko abuztuaren 15a baino lehenagoko kondenak direnean. Horrela, baliokidetasun printzipio bertan behera geratzen da. Euskal presoen kasuan ez da aplikatuko”.

Botere legegilea bezala, judiziala ere tartean da. “Salbuespenekin tranpa egin da, eta Luxenburgora eraman behar da jakiteko legea bateragarria den edo ez”. Iruinek Luxenburgori kontsulta egitea planteatzen du; Auzitegi Nazionalak, Gorenak eta Konstituzionalak, ordea, esaten dute ez dela kontsultarik egin behar. “Bide hori itxi egin dute”. Kontsulta proposatu izan denean, hala ere, alde agertu dira hainbat magistratu: Auzitegi Nazionalean zortzi boto partikular egon ziren; Gorenean, sei, eta Konstituzionalean, lau; baina gehiengoak kontsulta egitea saihestu zuen. “Askok esaten digute Luxenburgok 7/2014 bertan behera utziko lukeela”.

Partikularrek berez jo dezakete beren kabuz Luxenburgoko Auzitegira, baina, Iruinek argitu duenez, zailtasunak daude, eta oso kasu gutxitan doaz eskaerak aurrera. Haren arabera, orain aukeretako bat da preso bakoitzak Estrasburgoko Auzitegira jotzea. Baldoren kasuan, esaterako, otsailaren 22an jarri zuten demanda. “Parot doktrinarekin erabili ziren argumentuekin goaz Estrasburgora”.

Beste aukera bat litzateke Europako Batzordeak berak jartzea salaketa Luxenburgoko Auzitegian, Espainiak egin duena salatuz, baina “Europako Batzordeari ez zaio gustatzen estatu kide batekin aurrez aurre jartzea”. Bestela, beste estatu kide batek Luxenburgora eraman dezake Espainia, “baina hori ere zaila da”. Iruinek itxaropena du, 2013an Parot doktrina bezala, legea bertan behera utziko dutela Europatik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.