“Europan dago borroka eremua”

“Europan dago borroka eremua”

Maite Alustiza

“Motxila bete esperientziarekin” iritsi da Askapena erakunde internazionalista bere 30. urteurrenera. Urteotan, zubiak eraiki ditu hainbat herrialdetako eragileekin; lorpenen artean, berriz, internazionalismoa Euskal Herrian presente egotea aipatu du Iraitz Gesalaga kideak: “Ulertzen dugu gai transbertsal bat dela. Euskal Herria askatuko bada egunen batean, internazionalista izan behar du, eta gaurdanik hasi behar dugu hori elikatzen, elkartasun harreman horiek eraikitzen gainerako herri eta mugimendu ezberdinekin”.

Joan-etorrikoa da Askapenak bultzatzen duen elkartasuna, Gesalagaren arabera. Elkartasun hori praktikara eramateko tresna politikoak dira brigadak: atzerrira doaz beste herrietako borrokak ikastera, baina, aldi berean, baita Euskal Herria ezagutaraztera ere. Eta, bueltan etortzean, brigadan ikasitakoa Euskal Herrian zabaltzea dute beste egiteko bat, hitzaldien eta abarren bitartez. Aurten, guztira hamar herrialdetan izango dira Askapenaren brigadak, udan, ekain bukaeratik irail hasierara arte. Ohi bezala, joan aurretik brigadistek formakuntza jaso beharko dute, doazen herrialdeaz eta Euskal Herriaz hainbat datu jakiteko.

Erakundearen 30. urteurrenean, aldaketa bat egiteko “beharra” ikusi dute: Europari begira jarriko dira gehiago. “Historikoki, adibidez, Abya Yala edo Latinoamerika izan da gure erreferentzietako bat, hango iraultza eta borrokak oso presente egon direlako Euskal Herrian; baina gure borroka eremua Europan dago, eta hari begira jartzea erabaki dugu. Brigada batzuk berriz hartu ditugu, eta berriak proposatu”.

Italiakoa da berriro hartuko dituzten brigadetako bat. Gesalagak dioenez, AHTaren aurkako borroka, esaterako, oso presente dago han, oso indartsua izan da, eta “erreferente bat” da Euskal Herriarentzat: “Horretaz gain, Italian dagoen herri mugimenduarekin, mugimendu iraultzailearekin, ikusten dugu irakaspen handia ekar dezakegula handik”.

Europari lotuta halaber, Herrialde Katalanetako brigadari eutsiko diote. Prozesu independentistari jarraipena egingo diote, eta nazio ikuspegia ere jorratu nahi dute: “Valentzian nahiz Katalunian, munizipalismoaren inguruko esperientzia oso interesgarriak daude, baita autogestioaren inguruan ere, etxebizitzaren inguruan; ikasle mugimenduan ere badaude alternatiba oso interesgarriak”.

Europara begira jartzearekin batera, Askapenak ikusi du historikoki “estatu espainolari begira” egon dela gehiago, estatuko “herrialde zapalduei begira”: Herrialde Katalanei, Andaluziari, Galiziari… Hortaz, Bretainian brigada bat izatea erabaki dute aurten. “Askapena nazio eragile bat den neurrian, estatu frantziarra ere gure etsai gisa ikusten dugu, eta, Iparraldea kontuan hartuta, hitzaldi batzuk emango ditugu. Nahi dugu han ere txip internazionalista hori txertatuz joatea”. Iparraldekoak brigadan parte hartzera bultzatu nahi dituzte, eta, aldi berean, Hegoaldean “ezezaguna” den borroka bat ezagutarazi: “ZAD [Babestu Beharreko Gunea] ingurua dago, autogestionatua. Duela urte dezente proiektu txikitzaile bat egin zuten, aireportu bat egin nahi zutela eta; planto egin zioten horri: lurrak okupatu zituzten, eta esperientzia autogestionatu bat egiten ari dira urte askoan, alor ezberdinetan: eskolak daude, etxebizitzak, elikadura burujabetza…”. Gesalagak dioenez, erresistentzia fasea atzean uzten eta eraikitze fase batean sartzen ari dira, eta Frantzian “erreferentziazko mugimendu bat” bilakatu da. Euskal Herritik, EHZ musika festibalak harremana dauka haiekin: brigadak antolatzen ditu hara, eta gero haiek Iparraldera etortzen dira. Aurten helburu partekatu bat daukate ZADen: etxe internazionalista bat eraikitzea, finkoa, kanpoko ordezkaritzak hartzeko.

Aurreko urteetako dinamikaren bidetik, Latinoamerikako brigada askori eutsiko diete: Venezuela, Bolivia, Mexiko, Brasil… Argentina-Uruguai brigada berreskuratu egingo dute, baita Kubakoa ere: “Aurten sinbolismo bat dauka Fidelen [Castroren] heriotza dela eta, baina, hortik harago, ikusten dugu hango prozesu iraultzailean aldaketa handiak izaten ari direla”.

Palestinako brigadak ere urte asko daramatza martxan, eta hala egongo da aurten ere. “Askapenak helburu gisa jarrita dauka Euskal Herria sionismorik gabekoa izatea, eta hor kokatzen da BDZ kanpaina [Israelen aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigorrak]. Hori da palestinarrek eskatzen dutena, eta, hango erresistentzia ezagutuz, ea bueltan nola egin dezakegun helburu horiek lortzeko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.