“Ikuspegi politak ditu; jende gutxi gara, eta denok elkar ezagutzen dugu”

R. C.

Moda diseinatzailea da Olatz Arrospide (Leaburu, 1989). Herrian bizi izan da beti, eta oraindik ere han bizi da, nahiz eta segituan Ibarrara jaitsiko den.

Leaburutik Ibarrara.

Donostian egiten dut lan, eta trena edo autobusa hartzeko erosoagoa da behean bizitzea, bestela autoa hartu behar da beti. Ibarran egonda bizikletan ere joan ninteke lekuetara… Ez dut baztertzen Leaburura bueltatzea, hala ere.

Zer du berezi Leaburuk?

Ikuspegi oso politak ditu; jende gutxi gara, eta denok elkar ezagutzen dugu, lasaia da… Ostatua eta frontoia dela eta, asteburutan jende asko igotzen da, batez ere eguraldi ona egiten duenean.

Ba al duzu Txaramara jotzeko joerarik?

Ez asko; udaletxea Leaburun dagoenez, Txaramakoak etortzen dira gehiago.

Ba al dago gustuko duzun txoko edo ibilbiderik?

Zazpi Bideetako ibilbidea asko gustatzen zait, Tolosako kanposantura iristen dena. Lasaia da, eta arbolapean dago.

Aldatu al da Leaburu azken urteetan?

Etxe gehiago daude, kanpotik jende pixka bat etorri da, ostatu berria dugu orain… Aldatu da, zerbitzu gehiago ditu orain.

Madrilen eman zenituen lau urte, ikasten; zer sumatzen zenuen faltan?

Etxetik atera eta berdea, zelaiak, ikusi ahal izatea. Madril oso handia da, eta etxetik ateratzean beste eraikin bat nuen parean. Hango lagunak ekartzean Leaburu oso txikia zela esaten zidaten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.