Tantaz tanta, zaparradaren zain

Tantaz tanta, zaparradaren zain

Eider Goenaga Lizaso

Badajozkoa naiz, hitz egidazu gazteleraz, mesedez”, erantzun du Jose Chaparrok Tolosaldeko Giltzarria taldearen infogunean botoa ematetik atera denean. Larunbata da, azoka eguna Tolosan, eta jendea batera eta bestera dabil kalean. Arostegieta kalean dago infogunea, eta jende asko igarotzen da bertatik larunbatetan; erosketak egitera doazenak zein pasieran dabiltzanak maiz gelditu dira erakusleihoan dagoen informazioari begira. Boto aurreratua emateko ordutegia dago jarrita bertan, baita igandean paratuko diren bozkalekuen mapa eta bozkatzeko behar diren agirien inguruko informazioa ere. “Joan den astelehenean hasi ginen boto aurreratuak jasotzen. Bost egunetan 50 bat lagunek bozkatu dute, baina jende gehiena informazio bila etorri zaigu”, azaldu dio Hitza-ri Zorion Ortigosa Giltzarria taldeko kideak.

10:30ean ireki dute atea, eta Jose Chaparro izan da botoa ematen lehena. “Ez dakit igandean hemen egongo naizen, eta bozkatzerik izango dudan. Beraz, aurrez egin dut. Eta esan egingo dizut, baiezkoa bozkatu dut, nik nahi dut”. Badajoztik (Espainia) Euskal Herrira duela 50 urte etorri zela, 24 urte baino ez zituela, eta hangoa baino gehiago hemengoa sentitzen dela dio. “Ez dut ezer nahi Madrilgo lapur horiekin; hobeto geundeke gu aparte, pentsio gabe eta ezer gabe utziko gaituzte bestela”. Bere inguruko lagunekin gaiari buruz ez duela hitz egin eta galdeketari buruzko giroa nola dagoen ez dakiela dio. “Nik erabaki dut etortzea nigatik, nik hala sentitzen dudalako. Semeari bai, semeari esan nion bozkatzera etorriko nintzela, eta hari ere esan nion etorri beharko lukeela. ‘Konbentzitu nauzu ia’, esan zidan”.

Ez daude ilarak botoa emateko, eta halakorik ez dute espero Giltzarria taldekoek. “Aukera hau zabaldu dugu bi astez egunean bertan bozkatu ezin duen jendeari gauzak errazteko. Baina aukeran nahiago dugu ahal duenak igandean bozka dezan. Festa bat izango da”.

Infogunera sartzen hurrengoa informazio bila dator. Joxe Ramon Garikanok kanpora joan behar du asteburuan, eta aurrez bozkatzeko zer behar duen jakin nahi du. “Bihar etorriko gara emaztea eta biok; zer ekarri behar dugu? Nortasun agiria eta kito?”, galdetu dio Ortigosari. “Tolosan bizi zarela jartzen badu, nahikoa da nortasun agiria ekartzea. Bestela, identifikatzen zaituen edozein agiri eta Tolosan bizi zarela ziurtatzen duen errolda agiria aurkeztu behar dira”, azaldu dio Giltzarriako kideak.

“Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?” galderari erantzungo diote Tolosaldeko 28 herrietan, eta, Garikanok dioenez, “ilusioa” egiten dio botoa emateak. “Halako gauzetan parte hartu beharra dago, nola ez. Aurrera egin behar dugu, eta, zalantzarik gabe, bidea guk egin beharko dugu”. Beste askok bezala, Kataluniari begiratzen dio Garikanok. “Haiek bidea ireki dute, eta guk jarraitu behar diogu bide horri; ea zulo handiagoa egitea lortzen dugun”.

Ortigosak infogunera joaten direnen botoak jasotzen dituen bitartean, taldeko beste lau kide joan-etorrian dabiltza. Astebete falta da bozketa egunerako, eta oraindik badago lana egiteko. Buzoietako banaketa bat egin dute jada, eta bigarrena falta zaie. “Lehenengoan boto-paperak banatu genituen, baina bozkalekuen planoa ez genuen sartu, eta jende asko etorri zaigu informazio horren bila, ea non bozkatu behar duten jakitera”, dio Ortigosak. Kalean afixak eta pankartak jartzen ere badabiltza. “Arazoa da udal ordenantzetan halakoak kentzeko agindua dagoela, eta udalak esan digu ezin dutela ezer egin horiek ken ez daitezen. Halere, jendea animatuta dagoela sumatzen dugu, dezente hitz egiten dela gaiari buruz eta giroa badagoela. Asko etorri dira laguntza eskaintzera, bai egunerako, bai posta bidezko banaketak egiteko… Baina kalean kartelik-eta ez da ikusten; ez da giro hori antzematen”.

Non bozkatu behar duen, horixe herritar askok galdetzen dutena. Tolosan sei bozkaleku prestatuko dituzte, baina, hauteskundeetan ez bezala, botoa horietako edozeinetan eman daitekeela azaldu du Giltzarriako kideak. “Eskualdeko bozkaleku guztietan ordenagailuak egongo dira, denak sarean konektatuta. Inork bi lekutan bozkatzen ez duela ziurtatzeko, boto-emailearen izena ordenagailuan sartuko da, eta, beste inon bozkatu badu, berehala agertuko da”. Boto aurreratuaren kasuan, izen-abizenak eta NA zenbakia jasotzen dituzte, eta bozketa egunean sartuko dituzte ordenagailuan.

Tolosan, bi aste egingo dituzte boto aurreratuak jasotzen. “Bagenekien ez zela jende asko etorriko, jende gehienak igandean bozkatuko duela; baina horrek, aldi berean, balio du kalean presentzia hori ziurtatzeko, gu ere bertan egotera behartzeko, jendeari informazioa emateko…”.

10:45 inguruan iritsi dira hurrengo boto-emaileak. Ilara luzerik eta pilaketarik ez dago, tantaz tanta ari da jendea botoa ematen. “Baina guk nahiago dugu horrela. Noski, ezin duenak eman dezala orain; baina ahal duenak hobe igandean bertan bozkatzen badu”. Dena den, jende guztiak ez du mezu hori jaso, eta kontrako ustea dutenak ere iritsi dira botoa ematera. Horietako bat da Ana Eizmendi Peñagarikano. “Ez dakigu igandean hemen egongo garen, eta, gainera, atzo esan ziguten, errazte aldera, komeni dela aurrez bozkatzea, azpiegitura aldetik-eta arazoak izan daitezkeelako”. Herri kontsultaren harira giro handirik ez du sumatzen, baina botoa ematea gutxien-gutxieneko eginbeharra dela uste du. “Hain oinarri, oinarri, oinarri, oinarrizko eskubidea iruditzen zait, eta gauzak nola dauden ikusita, ezinbestekoa iruditzen zait botoa ematea, erabakitzeko ariketa hau egitea. Zer gutxiago?”.

Lehen aldiz bozkatzen

Eizmendi Peñagarikanok hotz sumatzen duen giro hori sortzen eta jendea bozkatzera joan dadin animatzen jo eta su ari dira lanean Giltzarria taldekoak. “Lan handia egin dugu herriko talde ezberdinengana heltzeko. Aste honetan, Jatorkin etorkinen elkartearekin egingo dugu batzar irekia. Etorkinei azaldu nahi diegu beraiek ere badutela gure herriaren etorkizunaz erabakitzeko eskubidea, eta, beste hauteskundeetan ez bezala, guk errolda agiria baino ez dugula eskatzen botoa emateko”. Beste hauteskundeetan botoa emateko eskubidea ez duten askok izango dute igandeko galdeketan parte hartzeko eskubidea. “Gazteek ere bai. 16 urtetik gorako gazteek bozka dezaketenez, gazte askorentzat botoa emateko lehen aukera izango da igandekoa, eta hori oso polita izango da”.

Baiezkoa edo ezezkoa bozkatu, herritar guztiak animatu nahi ditu Ortigosak igandean botoa ematera. “Inportantea da botoa ematea, honek aurrera egiteko oinarri sendoa jarriko baitu. Hau pauso bat da, eta asko dago egiteko oraindik”. Festa giroan egin nahi dute igandeko bozketa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.