“Legazpiarrak irekiak gara; herriaren alde lan egiteko prest gaude”

M. Luki

Etxean egotea askorik ez du maite Jorge Gilek (Legazpi, 1957), eta batera eta bestera pasatzen du eguna normalean.

Nola egingo zenuke zeure buruaren aurkezpen osatua?

Kalean asko dabilen legazpiar bat naiz, hamaika kontutan parte hartzen duena. Garagardo festa egingo du aurki Telleriarteko txirrindulari elkarteak, eta, kidea ez banaiz ere, hantxe ariko naiz lanean. Hamar urtez, haurren danborrada antolatu izan dut beste hainbat legazpiarrekin batera. Arantzazuko ibilbidearen egunean salda prestatzen dut duela 30 urtetik…

Lanbidez, farmaziako produktuen saltzailea naiz. Urtebete-edo geratzen zait erretiroa hartzeko. Ez daukat geldirik egoteko asmorik. Fisterraraino [Galizia] bidezidorretatik oinez iritsi, autokarabana bat probatu… Aspertzeko ere arazorik ez dut izango.

Haurtzaroko bi oroitzapen gogora ekartzeko eskatuz gero?

Batetik, ondo akordatzen naiz Patrizio Etxeberriaren lantegiko tutuaren eguneroko zaratarekin eta haren atzetik fabrikara joaten zen langile andanarekin. Bestetik, Etxeberriak egindako Urtatzako urtegia aipatuko nuke. Ikaragarri handia zen hura, haur baten begietara.

Zein garapen izan du Legazpik?

Industriaren dibertsifikazioa bizi izan du, eta kooperatibak sortu dira. Hiru lantegi baino ez zeuden lehen.

Nolakoak zarete legazpiarrak?

Jende irekia gara, herriaren alde lan egiteko eta eskatzen diguten horretan kolaboratzeko prest gaudenak. Aizkorri azpian bizi gara, eta natura maite dugu.

Urte osoan egiten diren ekintzen artean zeintzuk dituzu gustukoen?

Berriki egiten den zerbait da iraileko Artzain Eguna, eta asko gustatzen zait jende gaztea baserritar jantzita eta parte hartzen ikustea. Herrian dauzkagun ohiturei eusteko eskatuko nieke gazteei, haiek baitatoz atzetik. Bereziki gustatzen zaidan beste gauza bat ere badago: Aizkorrin barrena egiten den mendi martxa.

Nolako harremana duzue inguruko herriekin?

Harreman estua izandakoak gara Urretxu eta Zumarragarekin. Gu, gaztetan, hara joaten ginen sarri. Orain, gazteak Legazpin geratzen dira, eta bertako giroa bizi dute.

Nolako Legazpi nahiko zenuke etorkizun hurbilean?

Legazpiar parte hartzaileak nahiko nituzke. Udaletxe atzealdera, ederki hazi da herria hirigintzari dagokionez, eta gustura ikusi dut hazkunde hori; lehen ez zegoen ezer lur sail horietan. Gustura hartuko nuke Urretxutik Legazpira datorren errepidean saihesbide bat egingo balute; izan ere, sarrera zoragarria dugu Oñatitik etorrita, baina, Urretxutik iritsiz gero, ezin zatarragoa da. Lantegiz betetako etorbide horrek ez du erakusten Legazpi barrutik den bezalakoa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.