“Erreleborik ez badago, galdu egingo da azken urteetan lortutakoa”

A. Vierbücher

Legorretako alkateak berak argi utzi du “oso parte hartzailea” dela herria. Gazte Asanblada da talde eragileetako bat, oso aktiboa hura ere. Legoreggae jaialdia izan da antolatu duten azken ekimena. Hirugarren urtea izan da aurtengoa, eta balorazioaren unea dute orain.

Zein balorazio egin duzue aurtengo Legoreggae jaialdiaren inguruan?

Oso-oso balorazio ona egin dugu. Urtez urte, jendeak erantzun bikaina ematen du, eta beste behin ere sarrera guztiak saldu ditugu, 699 hain zuzen ere. Egunean bertan jende ugari etorri zen sarrerak erosi nahian, baina bukatuta zeuden. Bestalde, jaialdiari berari dagokionez, oso pozik gaude emaitzarekin. Maila handiko taldeak aritu dira Legoreggaen, eta ez genuen gutxiago espero. Publikoa ere oso gustura zegoela nabari zen, eta gonbidatutako artistak ere hala egon ziren. Beraz, ezin gusturago gaude antolakuntzako kideok ere.

Zergatik reggae jaialdia? Nolatan bururatu zitzaizuen?

Askori gustatzen zaigu reggae musika Legorretan, eta, horregatik, orain dela urte batzuk, gazte festetan, Revolutionary Brothers taldea gonbidatu genuen. Oso ongi pasatu genuen, eta, horrez gain, harreman polita sortu zen taldekideekin. Harreman horretatik sortu zen Legoreggae jaialdia. Goierrin reggae jaialdirik ez zegoela eta, antolatzea proposatu ziguten Revolutionary Brothers taldeko kideek, eta horrela hasi ginen. Lehenengo edizioa prestatzen ari ginenean, inola ere ez genukeen pentsatuko gaur egun daukan indarra hartuko zuenik.

Zein da arrakastaren gakoa?

Gauzak antolatzeko ilusioa, gogoa eta elkarlana, batetik; eta egitarau garrantzitsua eskaintzea, bestetik.

Nola ikusten duzu etorkizuna? Nabari al duzu mugimendua gazteenen artean?

Oso beltz ikusten dut etorkizuna. Ni baino gazteagoak direnen artean oso gutxik dute gauzak antolatzeko ekimena, eta guztia eginda ematea nahi dute. Legorretako gazte asanbladaren kasuan, kostatzen ari zaigu gazteak taldean sartzea. Egun gazte asanbladan gaudenok utzi egin beharko dugu egunen batean, baina ez dago erreleborik.

Nola definituko zenuke Legorreta?

Herri parte hartzaile eta ekintzailea da. Herritarrek, orokorrean, herrian antolatzen diren ekintzetan parte hartzeko ohitura dute. Herriko ekimenetan oso inplikatuta egoten dira orokorrean. Herri txikia da, eta guztiok ezagutzen dugu elkar.

Leave a Reply

Your email address will not be published.