“Esperotakoa gaindituta eta asebeteta itzultzen dira turistak etxera”

“Esperotakoa gaindituta eta asebeteta itzultzen dira turistak etxera”

Eider Goenaga Lizaso

Aste Santuko oporren atarian, Maite Cruzado (Donostia, 1956) Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria baikor agertu da okupazio datuei begira. Azken urteetan goranzko joera izan dela dio, eta datuak egonkortzea espero dutela.

Zein da Aste Santuak Gipuzkoako turismoan duen pisua?

Egun gutxi diren arren, turismoaren agertokian puntu gorenetako bat izaten da Aste Santua. Eta, aldi berean, sasoiz kanpoko turismoaren datuek gora egin duten neurrian, pisu hori egonkortzen ari dela dirudi, eta hori da aurten espero duguna. Guretzat oso ona litzateke iazko okupazio datuak, %85 ingurukoak, berdintzea. Eta, aldi berean, nahiko genuke bisitari atzerritarren okupazioan ere iazko datuak berdintzea.

Datu onak izan ziren?

Estatuko turistak izan dira, historikoki, Aste Santuan gehien etorri izan direnak, baina jada iaz hasi ginen turista atzerritarren gorakada handi bat sumatzen; atzerritarren kopuruak %11 inguru egin zuen gora, eta estatukoak aurreko urteko maila berean gelditu ziren. Azken hilabeteetako joera ikusita, ematen du nazioartekotze horretan gorantz joango garela. Bisitari gehienak hurbilekoak izateak badu, gainera, bigarren ondorioa, eta da hurbiltasunak aukera ematen diela erreserbak azken egunera arte atzeratzeko eta, ondorioz, zaila dela aurrez zehaztea okupazioa zenbatekoa izango den.

Eguraldia ere faktore garrantzitsua da Aste Santuan.

Bai, zalantza gabe, eta gerta daiteke azken unean guk ditugun aurreikuspenetan atzera egitea, oraindik erabaki gabe daudenek ez etortzea erabaki dezaketelako. Baina, ostalaritzako baliabide turistiko ezberdinekin kontaktuan gaude, eta aurreikuspenak oso onak direla esaten digute.

Nekaturrekoek martxoaren 28rako %90 inguruko erreserbak zituzten Gipuzkoan.

Bai, nekazaritza turismoan badirudi iazko urtea gaindituko dutela; eta 2016ko Aste Santua jada oso ona izan zen. Guretzat oso elementu garrantzitsua da hau, landa turismoa tresna ezin garrantzitsuagoa baita turisten joan-etorria Gipuzkoa barnealdera ere bideratzeko. Nik nabarmenduko nuke nekazaritza turismoetako okupazioa, 2010etik aurrera, etengabe joan dela haziz, eta oso-oso maila altuetan ibiltzen dela.

Bestalde, apartamentuetan ostatu hartzen dutenen erreserbak ere oso maila altuan daudela jakinarazi digute. Bai apartamentuetan eta bai nekazaritza turismoan etengabe joan da haziz okupazioa azken urteetan.

Hoteletan baino gehiago?

Bueno, kontuan hartu behar dugu hoteletako okupazioa iaz oso altua izan zela, batez ere Donostian, eta kostaldean. Iazko kopuruak hobetzeko, beraz, oso tarte txikia dago. Kopuru horiek egonkortzea ondo legoke, eta guretzat oso inportantea da okupazio altu horiek lurralde osora zabaltzea. Izan ere, turismoa urte osora zabaltzea, nazioartekotzea eta turismo arloko datu onak Gipuzkoa osora hedatzea dira Turismo Zuzendaritzaren helburu estrategikoak.

Helburu horrekin jarri zenuten martxan Explore San Sebastian Region kanpaina. Nolako balorazioa egiten duzue?

Marka turistiko honen helburu nagusia turismoa erakartzea da, baina, batez ere, Donostiak mundu mailan duen erakarmena eta izen ona baliatzea bisitariak lurralde osora eramateko, eta turismoaren banaketa orekatua lortzeko. Gipuzkoan distantziak hain txikiak dira, 40 minutuan edo gutxiagoan giro eta paisaia oso ezberdin batean egon zaitezke: kostaldetik mendira, hiritik landa gunera… Urtebetean ikusi dugu estrategia hau sendotu eta egonkortu egin dela, ari garela emaitzak jasotzen. Gainera, eskualdeek bere egin dute kanpaina, eta baita sektore pribatuak ere. Beraz, ariketa kolektibo honek erakutsi digu hori dela aurrera egiteko giltza, elkarlanean aritzea.

Bestalde, sektorearen azken urteotako kezka izan da, bisitari kopurua hazi arren, gau kopurua jaitsi egin dela. Hor ere badago aldaketa?

Bai, hori da sektorearen gorakada adierazten duen beste faktoreetako bat. Eta guretzat helburu garrantzitsua da. Bisitariek zenbat eta denbora gehiago egin gurean, aukera gehiago ematen digu gure lurraldearen aberastasuna eta gure eskaintza ezagutarazteko: paisaia, natura, gastronomia, produktua, ondarea, historia, kultura… Gipuzkoara etortzen diren turistek, joaten direnean, esperotakoa bete eta gainditu egin dutela adierazten dute, eta asebeteta itzultzen dira etxera. Hori oso inportantea da, horrek esan nahi baitu gure lurraldearen enbaxadore izan daitezkeela beste batzuen aurrean, guri buruz ondo hitz egingo dietela senide, bizilagun eta lagunei. Eta gure eskaintza ezagutarazteak duen beste helburu bat da bisitariak bertara itzultzeko beharra sentitzea.

Turismoak zenbateko pisua du Gipuzkoako ekonomian?

Gipuzkoako ekonomian barne produktu gordinaren %7,5 ingurukoa da turismo sektorearen pisua, eta baiezta daiteke sektoreak garrantzi handia hartu duela gure ekonomian. Bai aberastasun sortzaile gisa, bai enplegu sortzaile gisa. Oraintxe egin berri dugu Gipuzkoako turismo sektorearen enplegu azoka, Ficoban, eta emaitza oso interesgarriak izan dira: enpresa pribatuen arteko sinergiak sortzeaz gain, azokak iraun duen bi egunetan 3.900 curriculum entregatu dira. Beraz, pozik egoteko moduan gaude.

Ildo horretan, Turismo Zuzendaritzarentzat helburu oso garrantzitsua da sasoiz kanpoko turismo hori, enplegu horren aldi-batekotasuna gainditu eta egonkortasuna lortze aldera.

Leave a Reply

Your email address will not be published.