“Herri txikietan kosta egiten da gazteek ardura hartzea; ausardia behar da”

U. Z.

Lau legealdi alkate karguan igarota, Leintz Gatzagaren sekretu gehienak badakizki Eugenio Otsoak (Arrasate, 1951). Laguntzeko prest beti, Gatz museoaren ingurua goratu du bereziki.

Alkate ohia baino hoberik ez dago, ziurrenik, herri baten nortasunaz hitz egiteko…

Jende asko ezagutu ahal izan nuen karguan izan nintzen bitartean, eta gauza askoren lekuko gara, bai. 1987an ekin nion lehen legealdiari, eta beste bi ere egin nituen jarraian; Polonia eta Mexikora lanera joan behar izan nuen gero, eta atseden txiki bat hartu nuen orduan; eta 2012tik 2015erako tartea izan zen azkena.

Itzalean ez zara oraindik ere alkate izango, ezta?

Ez, ez! Oso argi daukat hori. Herri txikietan kosta egiten da jende gazteak ardura hartzea. Ausardia behar da, eta pazientzia; entzuten jakin behar da. Hori bai, aholkuren bat eskatzen badidate, laguntzeko prest egongo naiz.

Leintz Gatzaga dezente aldatuko zen 1987an zu kargura iritsi zinenetik gaur egunera, ezta?

Historikoki, altxor handia da Leintz Gatzaga. Lehen hala zen, orain hala da, eta etorkizunean ere antzera gertatuko dela uste dut. Francoren ondorengo urteetatik ez da gauza askorik egin, baina ez da herritarren errua; ez dugu izan aukera handirik gauzak egiteko. Mendian behera lur-jausi batzuk izan genituen, eta ikusten ez diren lan asko egin behar izan ditugu aurretik, mantentze lanak. Erabaki gogorrak izan ziren, ekonomikoki garestiak. Herri polita da, 1331n sortua. Zazpi ate zituen herriko harresiak, %80k bere horretan dirau, eta %20 berritu egin zen. Niri egokitu zitzaidan hori.

Zer eskatuko zenioke Eneka Zankadari, egungo alkateari?

Gauzak ondo egiten ari direnez, beste lau bat urtean karguan jarraitzeko.

Gipuzkoan ba al dago beste herririk alkatearen irudiarekin buruhandi bat egin duenik?

[Barrez] Ez zen izan nire aukera, eta ezin, bada, ezer askorik esan. Arazo txiki bat dauka: pisu handia daukala, eta neuk ezin dudala hartu buruan.

Herriko zein txoko duzu bereziki maitea?

Herriaren historiari helduta, gatz museoaren ingurua aipatuko dut, denbora gutxi barru gatza egiteko gunea izango dela espero dudana. Oso gustura joaten naiz inguru horretara. Askatu egiten naiz; amesteko lekua da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.