[Herriz herri] Leintz Gatzaga. Lehengora itzuli nahi dute herria

Unai Zubeldia

Historiari keinuka bizi da Leintz Gatzaga. Gatzaren ustiapenak eman dio sona herriari, baina baliabide ekonomiko horrek berak sortu izan ditu hainbat eta hainbat liskar, 1334, 1371, 1492 eta 1498ko suteak tartean. Arabaren muga-mugan, Gipuzkoaren hego-mendebaldean, Deba ibaia hantxe hasten da gorpuzten Bizkaiko itsasora bidean. 14,7 kilometroko eremua dauka, 600 metroko garaieran dago, eta 240 biztanle inguru dauzka —99 urte ditu helduenak, Matilde Arresek—. Hogei kilometro eskasera dauka Gasteiz, eta 80ra Donostia.

Mende eta erdi luzez Arabaren zati izan zen Leintz Gatzaga, harik eta 1498an Gipuzkoak bereganatu zuen arte. Gipuzkoaren eta Arabaren arteko lotura horren isla, gasteiztarra dute egun alkatea: Eneka Zankada (1973). Hogei urte daramatza Leintz Gatzagan bizitzen. “Eta, orain arte bezala udalari alderdi politikoetatik kanpo eusteko, alkate karguari heltzeko abagunea iritsi zitzaidan duela bi urte”. Alkateaz gain, lau zinegotzi daude udalean. “Baina herri guztia daukagu atzean. Emakume taldea, gurasoena, erretiratuena, gazteena… Eurek ematen digute indarra jarraitzeko”. Herriko alkatea izateaz gain, Zankada erizain arduradun gisa aritzen da Albertia Etxean, Miñanon (Araba), eta irakasle moduan Egibide eskolan, Gasteizen.

Herria lehengoratuta, gatz ekoizpenaren proiektuan buru-belarri sartuta dabil Leintz Gatzaga. “Aurten jada gure gatza ekoizten eta merkaturatzen hastea da helburua, Gipuzkoan ere badaukagulako gatza; oso gatz ona”. Historikoki Leintz Gatzagari gertatu zaion bezala, gaur egun ere baliabide sozioekonomikoa litzateke gatza ustiatzea. “Onura ekarriko lioke herriari”, zehaztu du Zankadak. “Proiektua gauzatuz gero, bizpahiru lanpostu sortuko genituzke, eta gehiago ere bai, agian, etorkizunean”. Alkatearen hitzetan, ustiapen horrekin indarberritu egingo lirateke herriko jatetxe, nekazaritza turismo, hotel eta gainerakoak. Gaur egun, Gatzaren museoak biltzen du bere barnean herriak gatzarekin izan duen lotura. Baina, iraganari keinuka, museotik kalera atera nahi dute baliabide natural hori.

Herrian bertan eskola txiki bat daukate. “Bost ume dauzkagu, eta, matrikulazioen arabera, zortzira igoko ginateke datorren ikasturtean. Orain gutxi, Errumaniako familia bat etorri da herrira, lau urteko umetxo batekin, eta herriko eskolan dabil hura ere, arazorik gabe”. Eskoriatzatik haur hezkuntzako gela desplazatu bat ere badaukate. Herritik Eskoriatzara joaten dira gero neska-mutikoak. “Ikastola eta eskola publikoa dauzkate han, aukeran”. Aretxabaletara bideratzen dituzte ondoren, institutura, eta Arrasatera azkenik, Batxilergora.

Etorkizun hurbilean beste lanposturen bat edo beste sortzeko helburua izanik ere, izatez langabezia tasa “apala” dauka Leintz Gatzagak. “Azken datuen arabera, 55 urtetik gorako inor ez dago langabezian. 25 urtetik 45era artean, bai, hor hiru emakumezko eta hiru gizonezko uste dut daudela langabezian, baina datuak ez dira txarrak”. Gazteekin lan berezia egiten du, gainera, udalak. “Diru laguntzak baliatuta, beti saiatzen gara herrian langabezian dauden gazteei lana eskaintzen. Orain gutxi, esaterako, sei hilabetez museoan lanean aritu da Garazi Orobengoa herriko gaztea”.

Kultur egitasmoei dagokienez, “txikiak baina mugimendu handikoak” direla argitu du Zankadak. Gatzaren Eguna ospatzen dute urrian. “Iaz, lehenengo aldiz, produktu ekologikoen merkatua izan genuen egun horretan bertan”; artisauen feria izaten dute azaroan, San Millan Egunean; irailean izaten dira herriko jaiak; ekainean, Sanjoanak; uztailean, txirrindulari proba… “Korrikarekin ere bat egingo dugu [bihar igaroko da herritik, 14:35ean]; horren aitzakian, bertso afariak, zozketak, bat eta beste antolatzen ditugu… Mugimendurik ez da falta herrian”.

Eskoriatzarekin lotura

Gasteizekin lotura zuzenik ez daukate garraioari dagokionez. “Baina autobus laguntzaile batzuk badauzkagu Eskoriatzara joateko, handik bertan dago Arrasate, eta hortik lotura zuzenak daude Gasteizera, Bilbora…”. Autobus geltokia aldatzeko proiektua aurkeztu berri dute, “bide ertzean gelditzen delako, eta haurrentzat arriskutsua delako”.

Hondakinen kudeaketan, berriz, beste askorentzat “eredu” direla azpimarratu du Zankadak. “Konposta egiten dugu. Duela bi hilabete gai horren inguruko Europako jardunaldi bat izan zen Gasteizen, eta herrira etorri ziren, egunerokoaren berri izateko. Birziklatzearen eta konpostaren datu handiak dauzkagu Leintz Gatzagan”. Txikitasunetik, baina iraganeko izaerari eusteko asmo irmoa dauka Leintz Gatzagak.