“Debekua ez da irtenbidea”

“Debekua ez da irtenbidea”

Ane Olaizola

Aldatu egin da Gipuzkoako mapa. Bai, behintzat, eskalatzeko guneei dagokienez. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mendizale Federazioak eskalatzeko guneak arautu izana dago aldaketa horren oinarrian. Mehatxatutako espezieen garapenean sor daitezken eragozpenak kontuan hartuta, eskalatzaileak bat datoz neurriekin, baina sentipen “gazi-gozoarekin” daude hainbat eta hainbat. Izan ere, eskalatzaile batzuk ez daude ados eskalatzeko gune batzuk mugatu edo debekatu izanarekin, eta kritikatu egin dute arautegia zehazteko orduan euren iritzia ez entzun izana.

Arkaitz Urangak (Ibarra, 1978) hamazazpi urte inguru daramatza eskalatzen, eta Alkizako eskalada gunea prestatzen aritu da azken urteetan. Eskola berria da Alkizakoa, eta maila erdi eta altuko hiru gunek osatzen dute: Endaitzburuk, Belako harkaitzak eta Hargorrik. Lehenengoan, guztiz debekatu dute eskalatzea, eta Belako harkaitzean urte osoan eskalatu ahal izango da. Hargorrin, berriz, urritik martxora artean izango dute eskalatzeko baimena, hango espezieek habiak egiten dituzten garaiak errespetatuta.

“2010 inguruan hasi ginen Alkizako eskola sortzen, eta gauzak ondo egin nahi izan ditugu hasieratik. Baserritarrekin hitz egin genuen lehenengo, haiek dutelako lehentasuna. Biologo batekin, basozainarekin eta Alkizako Udalarekin ere aritu ginen hizketan, eta harreman ona izan dugu guztiekin”, hala azaldu du Urangak. Buru-belarri lanean ari zirela, aldundiaren deia jaso zuten duela urtebete inguru. Hargorrin eta Endaitzburun eskalatzea arautu egingo zutela jakinarazi zieten orduan. “Oso harrituta geratu ginen. Ez genuen ulertu nola hartu zuten alde bakarreko erabaki bat”.

Sai zuria babesteko asmoz ezarri zuen debekua foru aldundiak. Ondoren, baina, bilera egin zuten eskalatzaileekin, eta orduan adostu zuten hegaztiak migratzen duen epealdian eskalatu ahal izango zutela. “Erraza zen irtenbidea: sai zuria Afrikara joaten da udan, eta negu osoa igarotzen du han. Beraz, sai zuria ez zegoenean eskalatu ahal izatea proposatu genuen, eta horixe adostu dugu. Endaitzburukoa gaizki-ulertu batengatik geratu da debekatuta, eta berreskuratzen saiatuko gara”.

Mikel Saez de Urabainek ere (Ordizia, 1968) eskarmentu handia du eskalada munduan. Goierriko hormetan hasi zen eskalatzen, eta inguruan nahiz atzerrian garatu du bere ibilbidea. Ez du parte hartu prozesuan, eta adierazi du “itxia eta adostu gabekoa” izan dela. “Goierrin, behintzat, eskalatzaileok ez dugu parte hartu”. Ataunen, Aizkoate-Arteaundi da debekatu duten guneetako bat, eta, Saez de Urabainek adierazi duenez, faunari dagokionez, oso aberatsa da ingurua. “Izugarrizko potentziala izanagatik, ez dugu asko eskalatu bertan, piztia ugari dagoelako. Ingurua asko errespetatu dugu alde horretatik”. Ataunen bertan, Artzateko Haitzean ere debekatu egin dute eskalatzea, baina ordiziarrak uste du horretarako beharrik ez zegoela: “Han ia ez dago piztiarik. Uste dut erabakia modu orokorrean hartu dutela, eta pena sentitzen dut, eskalatzaileok ekarpenak egin genitzakeelako honetan guztian”.

Azken urteotan, Gipuzkoan asko hazi da eskalatzeko guneen eta eskalatzaileen kopurua. Dena den, kirol eskalada eta mendi eskalada bereizi ditu Saez de Urabainek: “Masifikazio handiagoa dago kirol eskaladan, baina mendikoa oso jasangarria da; murritzagoa da mendi eskalada egiten dugunon kopurua”. Haren ustez, erregulazioa egiteko orduan aldundiak ez ditu bereizi bi eskalada motak. “Guztiak zaku berean sartu ditu”. Txindokiko kasua jarri du adibide gisa: “Iparraldeko eremua debekatu egin dute, eta ez dut uste kontuan hartu dutenik mendiko eskalada garbiagoa dela. Gainera, hegazti gutxi dago han, eta ez dut uste kalte handirik eragiten genuenik gune horretan”.

Espezieekin harremanetan

Eskalatzaileek azpimarratu dute beharrezkoa dela eskaladaren inguruko arautegi bat: “Arau horiekin argitu dute non eskalatu daitekeen eta non ez. Alde horretatik, lasaitu egin naiz, orain arte banuelako gaizkilea nintzen sentipen bat”, esan du Saez de Urabainek. Dena den, biek ala biek adierazi dute irtenbidea ez dela debekatzea, eta azpimarratu dute erregulazioak “zentzuduna” izan behar duela. “Interesgarria izango litzateke eskalatzaileok ingurumenean dugun eraginaren inguruko azterketa bat egitea. Azterketa orokor bat behar da alde horretatik, espezie horientzat benetako mehatxuak zein diren jakiteko”, defendatu du Urangak. “Alkizako eskola hornitzen aritu gara bost urtez, eta, gu iritsita ere, han zegoen sai zuriak ez zuen alde egin handik. Are gehiago, gure ondoan egin zuen habia, eta orduan hasi zen arrautzak jartzen”.

Erakundeek “baztertu” egin dituztela sentitzen du Urangak. “Hegaztien habia garaiak zapuzten ditugula leporatzen digute guri, baina ez da egokia guri buruz zabaltzen duten irudia. Erabat errespetatzen dugu ingurua, eta, naturari kalte egitea, horixe da gure azken nahia”. Haren iritziz, “heziketa kontua” da guztia. “Gizakiak ez du aldendu behar naturatik; elkarrekin bizitzen ikasi behar dugu”. Eskalatzaileak nola bizi dira, ordea, hango espezieekin? “Habia bat ikusten dugunean, esaterako, abisatu egiten dugu. Karteltxoak jarri izan ditugu, eta, beraz, eskalatzaileak ez dira hortik pasatzen; beste bide bat egiten dute”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.